Diskurtso horrek aurrekoek baino garrantzia handiagoa du. Beste proposamenekin bat datorrelako. Iraunkortasun demokratikoan, partaidetzan (gizakiaren garapenaren partaidetzazko elementu modura) edota errepublikanismoan partaidetzazko demokraziaren teoriei dagozkien proposamenak erabiltzen dira beren diskurtsoetako hainbat alderdi garrantzitsu artikulatzeko. Eta partaidetzazko eskarietan nagusitzen den kezkak egiaz existitzen diren demokrazietan nabari diren gabezietan eta krisian duelako jatorria.
Partaidetzazko demokraziari buruzko diskurtsoak, askotan, baieztapen hutsalen inguruan artikulatu dira, sinplifikatzeko joera gehiegi dutenak eta berariaz auto-mugatzen direnak. Partaidetzazko demokraziari buruzko ohiko diskurtso horietan (diskurtso ortodoxoak; demokrata/parte-hartzaileen artean ere badira ortodoxoak), hau esaten da gutxi gorabehera. Eragiten dieten erabaki politikoetan herritarrek partaidetza izatea onuragarria dela demokraziarentzat (baina zein demokraziarentzat?). Horren harira, komenigarria dela haiek elkartzea (nor?, non?) eta elkarren artean eztabaidatzea. Komenigarri zaiena erabaki dezatela, beren erabakiak instituzio publikoetara eraman ditzatela eta instituzio horiek eskaera kolektiboetan arreta jar dezatela. Diskurtso horretan gaineratzen denez, instituzioak berez borondatetsuak direnez, erabaki "herrikoi" horiek txertatuko dituzte erabaki politikoetan. Argi dago deskribapen hori puztu egin dela berariaz, baina ziur gaude irakurle askok ohiko diskurtso politiko gisa (bestalde, ez beti asmo txarrekoak) hautemango dutela.
Horren aurrean bada beste diskurtso bat, erradikalagoa. Partaidetzazko demokrazia (bere zailtasun eta erronkekin) sineskortasuna galdutako demokrazia ordezkatzaileak, egiaz existitzen direnak, konpondu edo hobetzera bideratutako neurri sorta gisa aurkeztu beharrean, errealitatea aldatzeko arma modura aurkezteari dagokiona. Boterea eraldatzeko lanabes gisa; instituzioen eta herritarren arteko harremana, haren banaketa eta bere aplikazio-eremua aldatzeko. Orokorrean demokrazia eraldatzeko (eta bereziki ordezkatzailea), horretarako, politikan erabakitzen duten subjektu kopurua aldatu eta areagotuz. Kultura demokratiko berri bat sorrarazteko. Desberdintza ezabatzeko; berdintasuna eraikitzeko.
Lehenik eta behin partaidetza eta partaidetzazko demokrazia bereizi behar dira. Partaidetzazko demokraziak boterea eta haren aplikazioa jartzen ditu zalantzan. Partaidetzazko demokraziaren bidez boterea beste batzuk aplikatzea proposatzen da. Beste batzuk izan daitezela auzi publikoei buruzko erabakiak hartzen dituztenak. Beste horiek, herritar edo erakunde herrikoien multzoak, beren boterea parteka dezakete instituzio politikoek hautatutako ordezkariekin. Azken horiek, boterearen aplikazio-eremutan jarraitzen dute zalantzarik gabe, baina dagoeneko ez dira berberak. Beste bilakatu dira, dagoeneko ez baitaude bakarrik; beste "berriekin" daude eta haiekin partekatzen dute boterea.
Partaidetza, ordea, bestelako adjektiborik gabe (eta hauteskundeetako partaidetza aparte utzita) gizartearen barnean eta, zehatzago esatera, gizarte zibilaren barnean gertatzen diren eraldaketei buruzkoa da. Ildo horretatik, herritarrek beren erakundeetan edo espazio publikoetan partaidetza gehiago izatea proposatzen da, instituzio politikoei eskariak helarazteari dagokionez. Berez, partaidetzazko prozesu horien asmoa giza izaera eraldatzea da eta, gainera, herritarrek dagoeneko erabakitzaileak diren partaidetzazko demokrazietako jardueratan parte hartzea zilegitzen dute (horretarako prestatzen dituzte). Baina oraindik ezberdintasuna handia da. Partaidetzazko demokrazian nork erabakitzen duen da eztabaidagaia. Boterearen eraldaketari buruzkoa da. Eta partaidetza hutsean, erabaki politiko jakin batzuk hartzea nork eta nola eskatzen duen, hori da eztabaidagaia. Boterearen gaineko presioari buruzkoa da.
Beste helburu bat, egun partaidetzazko demokrazian sarri ageri dena, haren larrialdi- eta finkapen-eremuekin lotzen da. Herritar multzo batek erabakitzeko nahia adierazten duenean, non gauzatzen du botere hori? Instituzio ordezkatzaileen barnean? Aparte izanik ere, formalki instituzioen eta prozesu herrikoei artean koordinatu eta adostutako eremuetan? Hau ez da formula horien alde edo aurka egiteko unea, bai ordea, partaidetzazko demokraziaren garapenerako herritarren espazio erabakitzaile berezko, autonomo eta ezberdinak eratzeak duen garrantzia azpimarratzeko unea, era berean, formalki esparru politiko instituzionaletik aparte egongo direnak. Espazio horietan herritarrek aurrera egingo dute, aldarrikapenezko partaidetzazko esperientziak abiapuntutzat hartuta, praktika erabakitzaile operatiboa jomuga izanik. Komunitate gisa eratzen dira, faktikoki soilik izan arren, eta komunitate horretatik herritarren ongizateari eta interes orokorrei buruzko erabakiak hartzen eta agintzen dituzte. Erabakiak hartzeko eskumen hori ez da instituzioen arteko bitartekaritzari esker eskuratzen, instituzioak herritarren erabakietan txertatzeari esker baizik.
Komunitateari buruzko adierazpen horrek beste ikuspegi interesgarri bat ematen du: Zein izan beharko luke herritarrek beren kabuz eredu demokratiko berri bat sortzeko espazio sozial egokia? Hona iritsita kontuan hartzekoa da dimentsio komunitarioa. Kontuan izan behar da autonomia politikoko prozesu hori lortzeko, ezinbestekoa dela, horretarako aukeratutako espazioan, aldez aurretik, zantzu komunitarioak izatea. Hau da, espazio horretan bizi diren herritarrek aparteko lurralde/bizitza bateko kidetasun sentimendua izatea, edo espazio hori ezberdin gisa hautematea edo bizitzea. Eta ezberdin izate hori berresten eta, aldi berean, eraikitzen denean, sortzen dira prozesuetan aurrera egiteko ezinbestekoak diren elkartasunezko sareak; lehenik eta behin partaidetza zibileko prozesuan eta, gerora, partaidetza politikoko prozesuan.
Hala partaidetzan, nola, batez ere, partaidetzazko demokrazian helburu nagusia, zalantzarik gabe, egiaz demokratikoa izango den botere bat erdiestea da; halaber, berdintasuna sustatzea, guztiek, baita baztertuenek ere, prozesu erabakitzaileetan parte har dezaten; eta justizia barneratzea, interes orokorrak ezartzea, izan ere, erabakietan partaidetza handiagoa den neurrian orduan eta gehiago errespetatuko dira interesak, identitateak, proiektuak eta nahimen kolektiboak. Dena den, zenbaitetan ezkutuan geratu ohi da aparteko arreta merezi duen helburu bat. Partaidetzazko demokraziaren prozesuetan, eta orokorrean partaidetzazko praktiketan eginkizun nagusia boterearen kontzientzia kolektiboa eraikitzea da. Partaidetzazko prozesu bat herritarren kontzientzia hartzera bideratu behar da, hots, prozesu horren bidez, haiek ere erabaki dezaketelako eta erabaki egin behar dutelako kontzientzia hartzera. Partaidetzazko demokrazia "egitea" herritartasun kontzientzia aktiboa, errepublikanoa duten subjektu kolektiboak eraikitzea da.
Partaidetzazko demokraziaren kontzeptuan, berez, demokrazia-proposamen ugari barneratzen dira eta, horrenbestez, prozesu demokratikoaren kate-maila ezberdinetan gertatzen diren eraldaketa ugari.
Hortaz, eztabaidazko demokraziaren bidez, batez ere, herritarren arteko eztabaida bultzatzea proposatzen da, auzi publikoen inguruan modu antolatu eta arrazionalean eztabaidatzea; demokrazia zuzenean kontsulta lotesleen garrantzia azpimarratzen da; demokrazia asoziatiboan elkarteei eta gizarte-erakundeei ematen zaie protagonismoa, instituzio politikoekin batera esparru erabakitzaileetan parte hartzen dutelarik; etab. Horiek guztiak partaidetzazko demokraziaren aukerak dira. Azken finean, guztiek zera proposatzen dute: demokrazia ordezkatzaileen mekanismoen ondorioz sortutako ordezkari politikoek hartzen dituzten erabakietan, neurri handi edo txikiagoan, herritarrek edota herritarrez osatutako taldeek hartutako erabakiak txertatzea.
Sarritan partaidetzazko demokrazia mutur batera eramaten da eta ordezkatzailea beste muturrera, besterik ez balego bezala. Eskema horretan partaidetzazko demokrazia ia demokrazia zuzen modura identifikatzen dela esan daiteke. Hala ere, zorionez, errealitatea hori baino aberatsagoa da erruz. Hori dela eta, ordezkatzailea mutur batean kokatzea eta zuzena beste muturrean kokatzea izango litzateke egokiena. Bi kategoria absolutu horietatik abiatuta hirugarrena sortu dugu. Modu horretan, errazago ulertze aldera, partaidetza graduazioaren araberakoa dela esan dezakegu. Bi muturren arteko continuum bat da. Eta orekak hartzen duen norabidearen arabera (esate baterako, partaidetzarako espazioak eskainiz), partaidetza askoko edo urriko sistema izango dugu.