Kontzeptua

Demokrazia

Lehenengo suposizioan aipatzen den printzipioaren arabera herritarrek hautatutako ordezkariek hartzen dituzte erabaki politikoak. Demokrazia da eta demokrazia dago ordezkari horiek modu askean, berdintasunean eta lehia baten ondorioz hautatzen direnean. Herritarrek gobernari anitzen artean askatasunez eta informazioa izanik hautatzen dutenean. Minimoetan oinarritzen den eredu ordezkatzaile horretan, erregimen bat demokratikotzat jotzeko ezinbestekoa, erabakigarria eta, era berean, aski dena zera da, gobernari horiek ordezkari direla eta boterearen jabe direla bermatzen duten aginduzko gertaera eta arauz osatutako hainbat testuinguru egotea, betiere, herritarrek berdintasun giroan eta askatasunez hautatu badituzte, eta beti baldintza horren baitan. Gobernari horiek nolabait hautesleen kontrolpean daude, izan ere, azken horiek aginte hori, eskainitako ordezkaritza hori ken diezaiekete hurrengo hauteskundeetan. Agintariek nahi duten hura erabaki dezakete, izan ere, edozein auzi edo edukiren gainean haiek egokien ikusten dituzten irizpideen arabera gobernatu ahal izateko izan dira hautatuak eta ez hautesleek hautatutako irizpideen arabera. Hala eta guztiz ere, gobernariak erabakiak hartzen dituenean herritarren eskaerak eta interesak izan behar ditu kontuan, batez ere bere hautesleenak. Hala egiten ez badu berriz hautatua ez izateko arriskua baitu.

Gobernariak egin dezakeenaren eta egin behar duenaren arteko bereizketa horretan topatzen dugu ordezkaritzazko demokraziaren beste gako bat, betiere, zentzu hertsienean, "minimalistenean" ulertuta. Eduki erabakitzaileen auziaz ari gara.

Hala ulertutako demokrazia ez da bat-etortzearen borondate gisa definitzen. Proposamen horren xedea ez da eskarien arteko edo are, erabaki sozialen (kolektiboak eta indibidualak) eta ordezkari politikoek ezarritako erabaki politikoen arteko adostasuna lortzera bideratutako erregimen politiko bat eraikitzea. Ez da hori bere definizioa. Argi dago adostasun hori desiragarri izan daitekeela. Hainbat hobeto gobernariek herritarren eskariak aintzat hartzen badituzte; horretarako gobernariek herritarren eskaeren berri izatea komeni da; eta ildo horretatik, hobe izango litzateke haiengandik gertuago egongo balira, haien kexa eta aldarrikapenak gertuagotik ezagutzeko. Hobe litzateke. Desiragarri litzateke. Baina horrek ez du inolako garrantzirik hura definitzeari dagokionez. Hala, herrialde jakin bateko erregimen jakin bat demokratikotzat joko litzateke, nahimen horiek bete ala ez bete. Nahimen horiek ez dute inolako zerikusirik kontzeptua definitzeari dagokionez, interesik gabekoak dira kasu jakin batean erregimen politiko bat demokratiko ala ez demokratiko gisa definitzeko baliatzen diren elementu eta ezaugarriekiko (eta horien arteko harremanekiko). Horren ondorioz, erregimen horri ezaugarri horiek eta ezaugarri horien arteko konbinazioak eskatuko zaizkio. Baina definizio hori izateko, demokratiko izateko ez du inolako desirarik bete behar, izan handi edo txiki.

Are gehiago. Ezaugarritze horretan (ez definizioan, eta horrenbestez ezta exijentzian ere) gertutasun hori komenigarria ote den ere ez dago batere argi, eduki erabakitzaileetan adostasuna komenigarria ote den. Desiragarri, zertarako? Desiragarri, norentzat? Argi dago gobernarientzat desiragarri izan daitekeela haien etorkizun politikoari dagokionez, izan ere, herritarren interesen aurkako erabakiak hartzen badituzte berriz hautatuak ez izateko arriskua baitute. Baina hori gobernarien arazoa da eta ez demokraziarena. Gobernariak herritarren eskaeren aurkako erabakiak hartu eta berriz hautatuak izaten ez badira ere demokrazia bada. Erabakiak hartzen dituzten haiek hauteskunde-prozesuan askatasuna eta berdintasuna bermatzen duten arau batzuen arabera hautatu badira demokrazia bada; eta erabakiak hartzeko prozedurak errespetatzen dituztenean. Eta erabaki horiek herritarren eskaera, exijentzia edo erabakietatik (kolektiboak edo indibidualak) ezberdinak badira (eta are kontrakoak badira) ere, demokrazia oraindik bada.

Orduan, zergatik, zertarako, norentzat dira desiragarri adostasun horiek, gertutasun hori? Bada, ikuspegi minimalista horretatik (oso indarrean dagoena) ez dago batere argi hala definituriko erregimen politiko bateko onuradunentzat ere desiragarri ote den, hots, gizartearentzat, herritarrentzat desiragarri ote den. Minimoen teoria demokratikoaren arabera herritarrak, hautesleak ez dute zertan interesa izan (eta are gutxiago kezka) beren komunitateko interes orokorrak ezagutzeko. Aitzitik interes orokor hori betetzeko erabakiak hartzeko gaitasuna zein herrikidek izango duen jakin beharko lukete, modu horretan, interes orokor horiek eskaintzeko aurkeztu diren hautagaien arteko hautua egin ahal izateko.

Ikuspegi horretatik, baliogabetzeko aukera da ikuskera demokratiko horren ideia nagusietako bat; tirania hori ekiditeko aukera, hauteskundeen bidez gobernarien boterea baliogabetuz. Dena den, herritarren eskaeren eta gobernarien erabakien arteko bat-etortzeak ere badu garrantzia; baina ikuskera minimalista horren arabera hauteskundeak bat-etortze hori lortzeko ezinbesteko baldintza izateaz gain, hori lortzeko askitasuna du. Minimalistei jarraiki, hauteskunde-prozesua bakarra izateaz landa bat-etortze hori erdiesteko prozesu egokiena da. Beste prozesu batzuk, beste espazio batzuk ezdeusak direla edo bat-etortze hori eragozten dutela uste dute.

Herritarren lehentasun edo eskariak oso modu zehaztugabe eta lausoan azaltzen dituzten hauteskunde-prozesu horietatik abiatuta hautatutako eliteek, herritarren interes orokorrak interpretatzeaz gain, haiek egiaz zein diren ere erabakitzen dute. Hala, eraikuntzazko eta interes orokorrak definitzeko prozesu hori aldebakarrekoa da (elite gobernatzaileak), eta beste aldea (herritarrak) hara erantsi baino ez da egiten. Hori horrela da, azken batean herritarrek uste dutelako beste aldeak (gobernariak) soilik duela gaitasuna erabaki horiek hartzeko. Hala berezkotzat hartzen dute beste batzuek haien ordez erabaki duten hura. Atxikimenduzko bat-etortze prozesu baten aurrean gaude.

Baieztapen hori zurrunegia da eta ez da oso zuzena. Berez, erreferentzia ideologiko eta diskurtsibo gisa, proposamen minimalista duten demokrazia ordezkatzaile erregimen egiazkoek ez dute hala funtzionatzen. Berez, herritarrek interes pribatuak dituzte, beren gobernarien bidez aitortu eta ase nahi dituztenak. Eta berez, askok, badakite zein diren interes orokorrak, nahiz eta modu lausoan, orokorrean eta intuitiboan izan. Hauteskunde-prozesuetan herritarrek interes partikularrak aintzat hartuta eta interes orokorren gaineko intuizio hutsak aintzat hartuta hautatzen dituzte ordezkariak (neurri handi edo txikian, zenbaitetan oso neurri txikian). Hori horrela izanik, eta kontuan hartuta herritarrek proposamenak dituztela, proposamen horiek nork eta zenbateraino defendituko dituen aintzat hartuta hautatzen dutela eta, ondorioz, hautatutako gobernariek proposamen horiek gauzatzeko zina betetzea eskatzen dutela, aurreko baieztapenari aurka eginez, esan dezakegu bat-etortze prozesua (adostasun-prozesua) nahimen hutsa baino gehiago dela.

Hala ere, demokrazia minimalistaren ikuspegi hertsi batetik, puru batetik, auzi horrek ez du garrantzirik. Demokrazia baden ebaluatzeko (ebaluazioaren kalitatea aparte utzita) ez da aintzat izateko kontua herritarrek nola eta zergatik hautatu dituzten hautagaiak. Demokraziari dagokionez boto asko edo gutxi izateak ere ez du garrantzirik. Garrantzitsua guztiek askatasunez bozkatzeko eskubidea izatea da, hautagai ezberdinak hautatzeko eskubidea izatea eta bozketako datuak ez manipulatzea. Herritarrek hauteskundeetan politikoei konfiantza ematean duten kontzientzia kolektiboa axolarik ez duen kontua litzateke "doktrinaz" demokrata/minimalista den ebaluatzaile batentzat. Are gehiago hautagaiek programarik aurkezten ez badute ere demokrazia badela esango luke. Hautesleen eta hautatuen artean programaren barneko interes anitzak ezagutarazi, eztabaidatu eta parekatu ezin balira ere eta interes haien alde eta aurka nor dagoen azaldu gabe ere, hauteskundeak demokratikoak izango lirateke.

Horrenbestez, nukleo zurrun horri soilik beha (doktrina ordezkatzaileen esparru orokorraren baitakoa), erregimen demokratiko bat badela baiezta daiteke hauteskunde-prozesu egoki bat izan denean, herritarrek gobernariak berdintasun baldintzatan eta askatasunez hautatu dituztenean, eta hurrengo hauteskunde-prozesuetan gobernari horiek baliogabetzeko aukera dagoenean. Gainerako guztia, hau da, funtsean ordezkari bat ala bestea aukeratzearen arrazoiak eta ordezkari horren erabakiak hura hautatu dutenen araberakoak izatea ala ez, desiragarritasuna alde batera utzita, objektiboki garrantzirik ez duen kontua da erregimen politiko bat demokratikotzat jotzeari dagokionez.

Orain orokorki minimalista izendatzen ditugun ikuskera eta praktika demokratiko horiei zer-nolako erantzunak ematen zaizkien azalduko dugu; horretarako, erantzun eta proposamen demokratiko berri edo berritu horien zergatietan erreparatuko dugu. Nola definitzen da krisi demokratikoa eta zein dira hari ematen zaizkion oinarrizko erantzunak? Erantzun horiek ordezkaritzari egindako kritika gisa definituko ditugu.

Dena den, bigarren zati honetan barneratu aurretik egokia izan daiteke bi jarreren baterako eztabaidarako gunea zein izango litzatekeen azaltzea. Orain planteatzen den eztabaidaren bidez aurrez aurre jarriko dira, bi muturretan, herritarren parte-hartzea eta elitismo alderdikoia; baterako ontasuna eraikitzea helburu duten eztabaidarako espazio publikoak alde batetik eta, segurtzat jotako interesak gaineratzen dituzten kontrolik gabeko instituzio politikoak beste alde batetik; gizarte zibilarekiko gaitzespena alde batetik eta, gizarte zibilaren protagonismoa beste alde batetik; instantzia eta espazio publiko ugaritan parte hartzen duten herritar errepublikano bertutetsuak alde batetik eta, hauteskunde-prozesuen bidez soilik, eta ez beti, parte hartzen duten herritar pasiboak beste alde batetik.

Baterako erreferente batzuk edo bat ezartzea oso garrantzitsua da, horien edo horren baitan "muturreko" bi jarrerak konparatu ahal izateko. Zinez konparatzeko beharra dugu eta horretarako behar-beharrezkoa da konparaziorako neurri bat izatea. Berez defendigarri diren balore edo printzipioetatik abiatzen diren alde baterako zein besterako diskurtsoak baztertu egin behar ditugu. Hala, minimalismo demokratikoa ikuskera antropologiko bat hartuz defenditzen da, zeinaren arabera gizakia zoriontsuagoa den interes pribatuko kontuak zaintzen dituenean eta baterako interesen ebazpena beste batzuen eskuetan uzten duenean.

Beste ikuspegia hartuz gero, proposamen demokratiko parte-hartzaileagoetan oinarrituta, zoriontasuna eztabaida publikoetan parte hartuz, hauteskundeetatik haratago doazen bestelako ekintza politiko batzuetan parte hartuz eta interes orokorra, baterako interesa erdiesteko (horri dagozkion erabakiak hartuz) kezka izanik biziz eskuratzen dela esaten da.

Aipagarria da bi gogoeta antropologiko horiek, gizakiaren zoriontasuna erdiestera bideratutako egiazko eta berezko baldintzak finkatzeari buruzkoak, modu esklusiboan planteatuta, besterik gabe, ez direla demokraziari buruzko eztabaidaren barnekoak. Bakoitza berez defenditzen jarrai daiteke. Ez da beharrezkoa bata bestea baino "hobea" dela adieraztea. Batak egiazko zoriontasuna pribatuaren autonomia aldarri hartuta lortzen dela esaten badu eta besteak asebetetze hori publikoan eta publikoki parte hartuz lortzen dela esaten badu, zenbateraino esan daiteke proposamen bat bestea baino hobea dela? Esan bezala, ez dago neurri partekaturik. Horrenbestez, eztabaida ekiditeko beharra egoteaz aparte ezinezko eztabaida baten aurrean gaude. Neurtu ezinezko aukerak dira, alderaketa eta elkarri begiratzea zilegitzen ez dutenak.

Hortaz, eremu partekatu sendoago batean barneratu behar gara, eztabaida zilegituko duena eta, batez ere, eztabaida operatiboa zilegituko duena. Horrela demokraziari buruzko kontzeptu klasikoena hartu beharko genuke, ohikoena. Erabaki politikoak herriak, komunitateak edota herritarrek hartzen dituztenean bada demokrazia. Edo "ia" gauza bera dena, herritar horiek erabakitzen dutenean ordezkari politikoek erabaki behar dutena.

Printzipio hori edo bat-egitearen joera hori abiapuntutzat hartuz, definitutako eremuan jarrera demokratiko ezberdinen arteko alderaketa zilegi dela usten dugu. Hala, erregimen politiko jakin bat beste bat baino demokratikoagoa dela esan ahal izango dugu; ikuspegi demokratiko batetik hobea da erabakitzen dutenen eta erabaki horiei men egin behar dietenen arteko distantzia laburragoa delako, izan ere, herritarren proposamenen eta politikarien erabakien artean gertutasuna handiagoa da. Kontzeptua apur bat behartuz komunitate hori demokratikoagoa da bertako herritarrak burujabeagoak direlako.

Kezka eta proposamen orokorrak

Berez demokrazia ordezkatzailea bada eta hura defendatzen dutenen aurka kritika ugari, ahots ugari agertzen dira, bestelako demokrazia bat eskatzen dutenak, eta haien hitz gakoa, proposamen indartsuena, partaidetza da. Hau da aldarria "ordezkaritzaren aurrean, partaidetza". Edo apika (gehienean) beste hau "ohiko ordezkaritza beharrezkoa da baina ez da nahikoa; demokraziak horrez gain eta, batez ere, partaidetza behar du". Hala, partaidetzaren aldeko adierazpenak ohiko bilakatu dira diskurtsoetan, proiektuetan, programetan eta, are, asmo unibertsalistak dituzten ideologietan. Ez dago politikari, gizarte buruzagi edo nazio nahiz nazioarteko instituzioko funtzionariorik, borondate on ala txarra alde batera utzita, bere programan partaidetzaren abantailak aipatzeko betebeharra ez duenik.

Hori dela eta, ezinbestekoa da kontzeptu horri buruzko eta hura sostengatzen eta agertarazten duten diskurtso eta proposamenei buruzko oinarrizko "mapa" bat taxutzea. Ildo horretatik, garrantzitsua dirudi partaidetzazko proposamen bakoitzarekin ebatzi nahi diren gabeziak, laidoak nahiz bidegabekeria sozial edo politikoak hautematea. Ikusiko dugun moduan, eskatzen diren partaidetzazko prozesu bakoitzaren ezaugarriak ebatzi nahi diren agertoki problematikoen baitakoak dira erabat.

Demokrazia ordezkatzailearen eta partaidetzazko demokraziaren eskakizunen arteko funtsezko aurkakotasun (eta baita ezinbesteko bateratze) horri dagokionez, soilik herritarren eta gizarteko kolektiboen jokabideetan izandako eraldaketa sakonetatik eratortzen diren eskakizunak deskribatuko ditugu. Horren harira, elite politikoetatik eratortzen diren proposamenak, oportunismo gutxiagoz edo gehiagoz haien legitimazio politikoa hobetzea helburu dutenak, ez ditugu aintzat hartuko.

A) Herritarrak

Ohiko herritarra, arrunta, politikari bizkar emanda bizi da eta hori da kezka nagusia. Herritarra esparru pribatuan baino ez da mugitzen bere interes partikularrak defendatzeko eta jarrera pasiboa ageri du; gainera, zenbaitetan, jarduera publikoarekiko mespretxua ere erakusten du. Herritar hori gizaki mugatu gisa definitzen da, giza izaerari dagokionean. Gaitasun gutxiagoko pertsona da, gutxiago garatutakoa. Berari eta bera bizi den komunitateari komeni zaiona edo bidezkoa zaiona, besteekin batera erabakitzeko gaitasunik ez duena. Besteekin batera Ondasun Erkidea edo, behinik behin ondasun erkideak erabaki eta eraikitzeari uko egin dion herritarra edo norbanakoa da. Arlo pribatua defenditzera isolatutako herritar urri hori norbanako mugatu gisa ageri da, gizaki moduan dituen gaitasun guztiak abiarazi ez dituen norbanako gisa.

Adibide horretan partaidetza, inposaturik edo hala nahi izanda, negatiboki ageri diren mugapen horiek hausteko estrategia modura agertzen da. Partaidetzazko prozesuetan herritarrek gainerakoekin eztabaidatzen dute interes orokorren inguruan eta haiekin batera instituzio politikoek interes horiek nola gauzatu behar dituzten erabakitzen dute. Prozesu horien helburua herritar berri bat eraikitzea da, herritar errepublikanoa, ondasun publikoak erdiesteko arlo publikoarekiko kezka eta ekintza kolektibo, sozial edo politikoarekiko kezka ageri duena; berezko interesen aurrean komunitatearen interesak lehenesteko gai dena.

Ikuspegi horretatik abiatzen diren partaidetzazko prozesuek eraldaketa sakona eragiten dute kultura politikoan. Herritarrak ez dira askatasun negatiboak defendatzera mugatzen (boterearen "trabarik" ez jasatearen eskubidea); aitzitik, askatasun positiboak eskatzen eta praktikatzen dituzte batez ere, botere politikoa nola eta zertarako antolatu behar denari buruzko erabakian parte hartzera bideratzen direnak.

B) Demokrazia orokorra

Aurreko gogoetarekin estu lotuta, eta ziur aski herritarrengan presentzia askoz handiagoa izanik, demokraziaren kezka ageri zaigu. Erabakitzeko prozesuetan herritarra urrun izatea kritikatzen duena. Haien arabera demokrazia elite politikoen konpetentzia esklusibo bilakatu da eta herritarrek eragiten dieten auziei buruzko erabakiak ezin hartzeaz gain, ezin dituzte kritikatu eta are gutxiago kontrolatu politikarien erabakiak.

Hauteskunde-prozesuak ez dira askitasunez agertzen eta manipulatu gisa ageri dira, eta beste behin ordezkarien eta ordezkatuen arteko distantzia areagotu egiten dela ikusten da (zenbaitetan amildegi zeharkaezina egoten delarik batetik bestera). Berriro ere partaidetza da krisi demokratiko horri aurre egiteko formula. Hala, zenbat eta norbanako gehiagok parte hartu beren bizitzako ahalik eta arlo gehienetan, orduan eta demokrazia handiagoa izango da.

Une honetatik aurrera komenigarria da aurreikuspen batzuk finkatzea, partaidetzaren bidez demokrazia birsortzeko behin-behineko estrategia bat ezartzeari dagokionez. Estrategia horrek bi dimentsio izan ditzake. Herritarrek demokrazia ordezkatzailearen mekanismoetan partaidetza handiagoa izanez demokrazia ordezkatzailea hobetzea. Edo demokrazia ordezkatzailea bestelako demokrazia batekin osatzea (zenbaitetan ordezkatzea ere proposatzen da): partaidetzazko demokrazia. Bigarren adibide horretan zera ulertzen da, soilik beste formula demokratiko batzuen bidez (funtsean herritarrek erabakitzeko boterea ez lagatzean oinarritzen dena) dela zilegi demokrazia birsortzea, edo, zehatzago esatera, egiazko demokrazia bat ezartzea.

Demokraziarekiko kezka hori estu lotuta dago herritartasunaren kezkarekin. Herritar errepublikanoa erdiesteko eskakizunean beste urrats bat ematea dela esan daiteke. Norbanakoak bere kezkak publikoki adierazi eta eztabaidatzeaz gain, auzi publikoen inguruan ere erabakiak hartzen ditu besteekin batera. Norbanakoarentzat burujabetza ez da komunitateko beste elementu bat soilik, erabili ere egiten du.

C) Berdintasuna

Kasu honetan, partaidetzaren eskaria ezberdintasun politiko batetik eratortzen da. Ildo horretatik, gizarte-talde jakin batzuek pairatzen duten etengabeko bidegabekeria salatzen da, izan ere, talde horiek ez dute inolako presentziarik erabakitzeko esparruetan edota eragin politikoko esparruetan. Eta, horrez gain, ohiko hauteskunde-prozesuetan izaten duten partaidetza baldintzatu eta murriztu egiten da ignorantziaren eta pasibotasunaren bidez.

Herritar guztiak barneratzeaz gain, normalean baztertuak izaten diren taldeen presentzia bultzatzen duten partaidetzazko prozesuen bidez berdintasun politiko handiagoa erdiesten da. Jatorria, sexua, egoera soziala eta beste hainbat alderdiren gainetik herritar guztiek lortzen dute politikako esparru erabakitzaile jakin batzuetan egotea.

D) Interes orokorrak

Azkenik, ohiko mekanismo demokratikoek ez dute gaitasunik herritarren interes orokorrak aseko dituzten erabakiak egituratzeko eta, aurrez esandakoarekin lotuta, kezka egoera horretatik eratortzen da. Soilik modu horretan, neurri handi edo txikiagoan herritar guztiak, bakoitza bere interesekin, erabakitzeko prozesuan barneratzen diren heinean, izango da interes orokorrekoa azken prozesua. Ildo horretatik, eta gerturatze horren ondorioz, ukaezina irudi luke interes orokor hori kontuan hartuz erdiesten direla birbanaketazko politikak, berdintasunezko politikak eta justizia sozial handieneko politikak. Eta partaidetzazko prozesuak hedatzen eta sakontzen diren heinean politika horiek lehenago lortuko liratekeela.

Partaidetzaren bidez interes orokorrak erdiestea, aurrez adierazitako beste gabezia batzuk asetzearen ondorio ere izan daiteke. Horrela, herritarrek kontzientzia publiko handiagoa eskuratzen duten heinean, herritar guztiak prozesu erabakitzaileetan barneratzen diren heinean eta herritar horiek eragiten dieten arloei buruzko erabakiak hartzeko gaitasuna duten heinean, interes orokorra erdiesteko berme gehiago legokeela irudi luke.

Kritika eta proposamen akademikoak

Dagoeneko existitzen diren demokraziei, hots, demokrazia minimalistei egiten zaizkien kritikek herritarren edota instituzioen mugimenduetan dute jatorria; dena den, inolako zalantzarik gabe gogoeta akademikoa ere oso garrantzitsua da, bai berez, bai mugimendu nahiz instituzio horietan eta haien proposamenetan izan dezakeen eragina dela-eta.

Ez da erraza demokrazia ordezkatzaile edo minimalisten aurka, indar gutxiz edo handiz, altxatzen diren teoria demokratiko ezberdinak antolatzea. Alde batetik, kontuan izan beharrekoa da egile batzuk, itxura batean testuinguru kritikoetatik haratago kokatzen den ikuspegi batetik, proposamen demokratikoak aurkezten dituzten arren, egile guztiek partekatzen dutela, inplizituki ala esplizituki, errealitatearekiko adostasunik eza. Guztiak bat datoz bi agertoki negatiboren inguruko definizioa ematerakoan. Alde batetik, gobernarien eta gobernatuen arteko distantzia gero eta handiagoa, zenbaitetan "eskandalagarria" dena, hots, gobernariek erabakitzen dutenaren eta gobernatuek nahiko lituzketen erabakien arteko distantzia. Eta beste alde batetik, eta aurrekoaren ondorioz, herritarren gaitzespen gero eta handiagoa; gaitzespen hori erregimen demokratikoetan finkaturik ageri diren instituzio, praktika eta politika batzuekikoa da batez ere, demokraziaren defentsa abstraktu eta orokor batekikoa baino gehiago.

Kezka horietatik abiatuz hainbat proposamen demokratiko sortzen dira, testuinguruko krisi demokratikoarekin lotura gutxi edo gehiago dutenak, eta neurri gutxiagoan edo gehiagoan proposamen guzti horiek helburu bera dute jomuga. Ordezkariak eta ordezkatuak ahalik eta gehien hurbiltzea. Hots, ordezkari politikoen erabakiak herritarren eskari indibidual nahiz kolektiboen ondorio izatea zuzenean, edo, besterik ez bada, erabaki horietan neurri handi edo txikiagoan eskari horien eragina hautematea. Behin eta berriz erabiltzen dugu "neurri handiagoan edo txikiagoan" espresioa eta baita herritarren interes eta proposamenen eragin handi edo txikiagoa politika erabakitzaileetan. Maila- edo gradu-ezberdintasun horiek dira, hein batean, demokraziaren proposamen akademiko berritzaile ezberdinak bereizten dituztenak. Guztiek baitaratzen dute partaidetzaren ideia, baina, aurrerago ikusiko dugunez, guztiek ez dute proposatzen den ideia horren interpretazio bera egiten eta ez dituzte ondorio berak ikusten.

Orokorrean, batzuk oraindik ia esklusiboki hauteskundeetara mugatzen direla adieraz dezakegu, nahiz eta hartako bertute demokratikoak indartu edo berrantolatu egin behar direla uste duten. Beste batzuk aurrera egiten dute, eta politika arloko partaidetzazko prozesu eta praktika ugarietan (ez hauteskundeetan soilik) egokiro jarduteko herritar guztien gaitasun eta eskubideak sendotu eta areagotu egin behar direla uste dute; eta horrez gain, gobernariek herritarrak asetzeko eta haien kontrolpean modu ohikoagoan, iraunkorragoan izateko mekanismoak areagotu eta ezarri behar direla uste dute. Bukatzeko badira beste proposamen batzuk. Horien helburua ez da hainbeste herritarren eskariak eta erabaki politikoak bateratzea, baizik eta, neurri ezberdinetan, erabaki politiko horiek herritarren erabakiekin ordezkatu edo osatzea.

Kritika eta proposamen "instituzional" eta kolektiboak

Jarraian eragin gehien izan duten proposamen kolektibo batzuei buruzko osoko ikuspegi bat emateko ahalegina egingo dugu. Alde batetik, ohartarazi behar dugu diskurtso ia gehienek kezkaren bat eta hari dagokion partaidetzazko proposamen bat lehenesten dutela gainerakoen gainetik.

Giza garapenaren teoria. Horri buruz hurreratze ugari dagoen arren, NBGP (Nazio Batuen Garapeneko Programa) da hura zuzentzen duena hala bere eraikuntzari dagokionez, nola bere aplikazio-proposamenei dagokienez; teoria horretan adierazten denez, errenta-maila egokiak izatea baino zerbait gehiago behar da (askoz gehiago) gizakiaren egiazko garapena erdiesteko. Hezkuntza eta jakintzarako sarbidea, osasuna, genero-berdintasuna, bakea eta segurtasuna, lan duina edota ingurumen-ingurune egokia gizakia garapen osora eramaten duten errealitate eta testuinguruak dira. Baita partaidetza ere. Norbanakoek beren bizitzako erabaki pribatu, sozial edo politikoetan parte hartzen badute, bizitzako esparru guztietan burujabe izateko gaitasuna badute, ikuspegi horren arabera gizatiarrago izango dira.

Garapen iraunkorra. Datozen belaunaldiek etorkizunean bizitza duina izatea bermatuko duten gizakien bizikidetzarako inguruneak eraikitzera bideratutako teoria ezagun horren bidez, garapenari buruzko kontzeptu oso auto-mugatua proposatzen da. Ingurumenarekiko errespetu hori oso adiera zabalean ulertu behar da etorkizuneko bizitza harmoniatsu hori bermatzeko. Ingurumenaren kalitateak ez du esanahi soilik poluzio eta kutsadura modu ezberdinak desagertzea; bizi-kalitate bat inplikatzen du, non ingurune bat diseinatzen den lanarekin, aisiarekin, garraioarekin, edota etxebizitzarekin bizi-giro ez suntsitzailea, ez erasokorra osatzeko. Eraikitze horretan, garapen iraunkorraren teoriaren eta praktikaren eskutik, bereziki Agenda 21eko proposamenen bidez, herritarren partaidetza proposatzen da. Herritarrak dira tokiko eremuetako usadioak zehaztu behar dituztenak eta beren eremu hori habitagarri eta iraunkorra izateko antolaketa aukeratu behar dutenak, horretarako antolatutako foroen bidez.

Aipatutako kezka nagusiei dagokienez, badirudi garapen iraunkorraren proposamenak interes orokorrak lortzera bideratzen direla batez ere. Partaidetzaren bidez interes horiek are gehiago orokortu nahi dira, etorkizunean egonkor eta iraunkor izatea bermatzeko ahalegina egiten den heinean.

Bada proposamen "multzo" bat, eragile kolektiboen multzo bat, alterglobalizazioaren edo antiglobalizazioaren diskurtsotik eratortzen dena. Antiglobalismoa, neurri handi batean espiritu libertario eta anarkiko batean oinarritzen den korronte ideologikoa da, "politiko" gisa izendatzen diren instituzio jakin batzuetan ezarritako eta zentralizatutako botere politikoaren aurka borrokatzen duena. Lokalismoaren babesa, hainbat gizarte-mugimenduen borroka, edo globalizazioaren aurkako erakundeen topaketak (esate baterako, Munduko Gizarte Foroak) berezko espazioa (aldi berean ezberdin gisa bizitzen dena) babesteko estrategia horren barnean kokatzen dira; estrategia horrek, kanpotik etorritako gisa eta uniformatzaile eta kolonizatzaile gisa hautematen diren asmoei aurre egiteko helburua du, izan ere, asmo horiek instantzia "politikoetan" eraikitzen direla uste dute globalizazioaren aurkakoek.

Partaidetza herritartasunetik urruntzen diren globalizazio-prozesu politiko uniformatzaile ugarien aurrean tokikoa babesteko estrategia gisa agertzen da.

Talde horietako kideek berezko espazio "sozial" bat eraikitzeko duten beharra, beren lurraldera loturik bizitzeko duten beharra edota partekatzen dituzten bizipenak mantentzeko premia dira diskurtso anti-politiko horien ezaugarriak, izan ere, modu horretan elkar onartu egiten dute, politikaren esparrutik eraiki nahi den bizikidetzatik haratago (edo hobe esanda, haren aurrez aurre). Horrenbestez, ikuspegi horretatik politika elementu arraro eta patogeno gisa hautematen da, aldizkako ekintza sinbolikoen bidez gainditu beharrekoa; esate baterako, erresistentziazko ekintzak, dagoeneko ezagunak diren Munduko Bankuaren, Nazioarteko Diru Funtsaren edo Munduko Merkataritza Antolakundearen bilkuren aurka egiten diren protesten modukoak. Ekintza horiek politikari, adiera tradizionalean ulertuta, aurre egitera bideratuta daude.

Azkenik, eta esparru politikotik zuzenean eratorria partaidetzazko demokraziaren teoria ageri zaigu.