Ingeniariak

Delclaux Arostegui, Isidoro

Ingeniari eta enpresari bilbotarra. Bilbao, 19-06-1894 - Areeta, 30-03-1984.

Euskal Herriaren historia enpresa-gizon eraginkor, lehiatsu eta handinahidunen adibidez josi-josita dago, baina gutxi izan dira --gutxi baina kualitatiboki garrantzitsuak-- Isidoro Delclaux nabarmendu zenagatik nabarmendu izan direnak: euskal siderurgia eta meatzaritzatik ezberdinak ziren beste arlo berri batzuk dinamizatu zituzten berrikuntza-sorta batzuk sustatu zituen, bere garaiko ohiko industriaren birmoldaketa eraginaraziz.

Victor Chavarri ez zen pertsona ikaragarri eraginkorra alferrik izan (Bizkaiko Labe Garaiak eta beste enpresa batzuk sortu zituen, bizkaitar ekonomia-garapenaren oinarriak ezarriz; 45 urterekin, enpresa- eta politika-ekimen zenbatezinetan zela, hil zen) eta Delclauxek -berak zioan bezala- "industria bizkaitarraren kapitainen" (zalantzarik gabe, berritzaileenetarikoa Ramon de la Sota, Pablo Alzola edo Federico de Echevarria Rotaecherekin batera) gizon berritzaile bezala eredugarri hartu zuen.

Delclauxen enpresa-bizitza nabarmendu zuen kultura berritzailearen nondik norakoa bere sendiarengandik izaera sortzaile eta industria-ondarea oinordetu izanak adierazten digu (aitaren aldetik behintzat). Izan ere, Luis Delclaux Maque ( Aubinen jaioa, Frantzia) 1841ean beste frantziar ingeniari batekin Boluetako Santa Ana lantegian metal-burdina ekoizteko ikatz begetaldun lehenbiziko labe garaia instalatu zuen teknikariaren iloba zen. Luisengandik industriaren esparru ea guztiak estaliko zituen ingeniari eta enpresarien leinua sortu zen. Isidoro, bere aitak, adibidez, Boluetan ere teknikari izanez, norbere egitasmoak bultzatzearren siderurgiaren arloa utzi egin zuen, besteak beste, beira eta metalen salerosketari ekingo zion Delclaux y Cia (1893) sozietatea sortuz. Gure protagonistak enpresa eta berrikuntza ondare honen bitartez onurarik jaso zuen.

Bere batxiler ikasketak Bergarako Errege Seminarioan burutu ondoren Deustuko Unibertsitatean jarraitu zituen, bertan errepide ingeniaritza ikasketei hasiera emanez. Bertan1914ko uztailara arte egon zen, une horretan Londresera abiatuz Pittman School ospetsuan ekonomia ikasketei ekiteko. Mundu Gudak ikasketa-ekimen guztiak eten egin zituenez Bilbora itzuli beharra izan zuen. Bertan, bere kabuz, merkataritza ikasi zuen.

Bere aitak iradoki zion lehen aukera Declaux y Cía enpresan bazkide-kudeatzaile bezala sartzearekikoa izan zen. Aipatutako salerosketaz gain, enpresa horrek aduana-kudeatzaile bezala ziharduan; onarpen horretaz galdetzean, geroago hauxe zioan: "por vocación y por seguir una determinada línea familiar". Bertan, beira eta metalen biltegiratze eta salerosketaz arduratuko da, baina negozioen munduan ere sakontzerik izan zuen: sozietatea mugatutako merkataritza baltzu baten bihurtu zuen (1931an sozietate ezezaguna izatera igaro zen), kudeatzaile bezala bere Alberto anaiari eta bere aitari lagun eginez.

Behin abiaratuta, 1932an, Delclauxtarrek ustiaketa beira mota guztietara (ispilu, kristalak) eta metalak (laukiak, burdinak, etab.) hedatu nahi izan zuten. Arlo horretan hazteko, nagusi ziren teknologi batzuetarikoren baten alde arriskatu beharra zeukaten; belgikar patente bat aukeratu zuten (hotzean egindako hodigintza eta soldadura mekanikoa) eta Vidrieras de Llodio lantegia (gerora Villosa) zabaldu zuten.

Delclaux -eta Víctor Chávarri, Ramon de la Sota eta Emilio Ybarra bezalako beste industria-gizon handi batzuk- bizi izan zen enpresa-negozio eta egitasmoen mundua ikaragarri korapilatsua izan zen; beregan merkataritza- eta politika-kargu mota guztiak bat egiten zuten. Vidrieras de Llodio, Argón, Vidrieras de Álava, Valca, Arenas de Arija, Potensa, Tubos Reunidos, Petronor, Vidrieras de Arte, Elorriaga Eléctrica, Delta Eléctrica, Financiera Española, CAMPSA, Altos Hornos de Vizcaya, etab. bezalako -enpresa-zerrenda, luzea da- enpresetako aholkulari karguak eta bestalde, Bilboko Portuko Lan-Batzordeko lehendakariordea (de 1937 a 1968) eta baita Bilboko Nabigazio, Industria eta Merkataritza Ganbarako kide eta lehendakari (1964-68) izaera politikodun izendapenak ere, eurotatik euskal industriaren beharrizan eta interesak sarritan aldeztu zituela. Azkenik, ahaztu ezina da inguruko gizaki eta bere enpresen finantza-eragiketak ziurtatzeko beharrizanari erantzunez Banco de Vizcayako (1956-1981) aholkulari bezala izan zuen parte hartzea.

Industriagatik eta industriatik eta bereziki politikarengatik beste esparru batzuetan eragina izan eta eragiteko bereziki mundu aproposa zen. Hori da Declauxek, enpresa administrazio publikoarekin txandakatuz egin zuena, enpresari bezala beti -berak esatea atsegin zuen bezala- jardun arren.

1937ko ekainean, Bilbo erori ondoren, Delclauxek Bizkaiko Probintzia Aldundian parte hartuko du, 1947ra arte lokarri horri eutsiz. Guda zibilean erreketeen kapitain bezala tropa frankistekin, obra zibilen berreraikuntzan jardun zuen. Norako berria zerbitzu horiekiko ordaina zen. Inguru berri honetan kokatzen da Bilboko Portuari egindako kanpo-portuaren (superportua, Manuel de Sendagortarekin batera) egitasmoa izango zenaren ekarpena; Merkataritza Ganbaratik berak egindako Bilbao-Behobia autopistaren aldeko kanpaina; Bilboko Erakustazokaren handiagotzean izan zuen partaidetza; edota Petronorreko refineria ezartzeko izan zuen zeregin erabakigarria. (Delclaux bereizten zuen dinamismoaren tamaina zein zen irudikatzeko promotore batzuk egitasmo hori bultzatzearen aukeraz hitz egin ziotenean bere autoan hartu eta egun Muskizen enpresa hori kokatzen den tokira arte eraman zituen, petrolioa garraiatzeko modua ere proposatu ziela). Bere intuizio eta buruargitasunaren zorroztasunak Delclauxeri toki askotan aldiberean egitasmoak bideratzea ahalbidetu zion. Burdinaren arloan birmoldaketa sustatu zuen, (teknologia berriak, adibidez, sartuz) eta bere intuizioari esker etorri zetozen erronka berriei aurre egiteko Tubos Forjados enpresa zaharra gai izango ez zena aurreikusita, adibidez, Tubos del Nervión enpresa berrian bihurtu zuen. Tubos Forjadosek aholkulari bezala (1951tik 1969ra), merkatuaren joerari aurrea hartzea ahalbidetzen zion irtenbide bakarra asmatu zuen: Tubos Reunidos eta Babcock Wilcox enpresen bat-egitea, 1968an. Garai hartan gutxik ikusi zuten industria-birmoldaketa, arloaren biziraupenerako irtenbidea, Delclauxek berak aurreikusi zuen bezala.

Apurka apurka ekonomia liberalizazioaren neurriak aldarrikatuz joan zen, sistema frankista autarkikoarekiko bere kritikak (Delclauxen esanetan "paraíso de logreros y especuladores" lortu zuen sistema zela) eta 1959ko Estabilizazio-Planean bere konfiantza ugarituz. Plan horretan, hain zuzen ere, burdinazko meatze eta ontzi industrietarako -ordurako, atzerakada garbian-gobernuaren babesik eza, petrolio-refineriarik eza, edo eskualdeetako (eta ez estatuaren inposaketa) lantegi-tradizioarekiko ustiaketaren komenientzia bezalako bizkaitar ekonomiarentzako arlo ilunak ere ikusi zituen plan horretan.

Siderurgia- eta meatze-industrien hedapenaren eta industria-birmoldaketa planen arteko aldi korapilatsu baten, asko eta asko aldatzearen aurkako izan zirenean, Delclauxek bultzatutako ekimen kontaezinen oroimenak berrikuntzaren oparotasuna erakusten digu. Nabarmena da iraganeko industriak -neurri handi baten- egungo industriari bidea jorratu ziona, zeren adibidez, beira-industria burdinaren aberastasunetik etorritako kapitaletik sortu izan zen, baina sarritan, sortu zeneko bidea ahaztu eta aitzindariak dagokien neurrian aitortzen ez badira ahanzturan erortzen direna oharkabetu egiten dugu, euren asmakizun eta errakuntzetatik irakasbiderik nekez erauzi ditzakegula.