Kontzeptua

Biziraupena

Erdi Arotik euskal lurraldeko biztanleen elikadura estaliko hitzarmen batean zegoen oinarrituta, E.P. Thompsonek "pobreen ekonomia morala" bezala batailatu zuena: jende xeheak boteretsuen eskumena onartzen zuen eta horren truke haiek hauen horniketa bermatu behar zuten. Merkantilismotik abiatuta Antzin Erregimeneko estatuek ezartzen eta menperatzen zituzten merkatuaren legeak bake soziala mantentzearren, kontsumitzaileen eskubideak babestuz. Hori horrela, udalak ziren beren auzoen eta biztanleen horniduraz arduratzen zirenak. Euskal lurraldeetako foruek eta udal ordenantzek arautzen zuten horniketarekin lotuta zegoen guztia, inportazioa zein merkaturatzea.

Bi sistema erabili ohi ziren. Alde batetik, udal ordezkariek inguruko zein urrutiko jangaiak (ardoa, olioa eta bestelakoak) erosi eta udal biltegietan edo udaletxeko alondegietan pilatzen eta biltzen zituzten, eta gero bertako denden artean banatzen zituzten, prezio duinetan saldu zitzaten. Bestetik, XV. mendetik aurrera ohikoagoa izango zen produktuen horniketa enkantean jartzea. Aurreko igandean herriko elizan iragarri, enkantearen eta horniketaren baldintzekin batera eta hurrengo igandean bertan edo udaletxean enkante irekia ospatzen zen. Hiru sesio buruan gehien eskaini zuenak eramango zuen enkantea. Azkeneko pausua ordainketa agiria eta ordainketa egitea izaten zen. Normalean horniketa urte baterako izaten zen. Horniketa bakarrik ez, baita salmenta ere errentan jartzen zen urtero eta horretarako ere enkantea egiten zen: harategiak, tabernak (ardoa, sagardoa, txakolina, pattarra edo mistela), jateko olioa, bale olioa, lehortutako eta gatzartutako arraina eta garia. XVIII. mendetik aurrera dendaren maizterra eta kanpoko produktuen hornitzailea pertsona bera izatea ohikoena izango da. Baldintzen artean bi goraipatu daitezke besteen gainetik: lehendabizi, zamalariek errentatzaileentzat ekarritako produktuak udaletxean hustu behar zituzten, kalitatea bermatzeko eta iruzurrak ekiditearren; bigarrena, salmenta prezioak tasatuak ziren, hau da udalak ezartzen zion errentatzaileari eta saltzaileari salneurri maximoa eta honek ezin zuen igo edo gainditu.

Dena den, sistema honek arerio nagusi bi izan zituen hasieratik: espekulazioa eta kontrabandoa. Errentatzaile askok enkante baldintzei eta udal ordenantzei muzin egin eta herri bakoitzak behar zituen hornigaiekin edo behintzat zati batekin espekulatzen zuten: herrian bertan -non etekina txikia zen, prezioak tasatuak baitzeuden- saldu beharrean, izkutuan atera eta beste herrietan edo eskualdeetan saltzen zuten salmenta librean, etekin handiagoak lortuz. Honek azpiegitura, merkataritza harreman eta arrisku handiagoak exijitzen zituen, baina merezi zuen askotan. Sistemak bere horretan iraun zuen espekulazioaren eta kontabandoaren gainetik, behintzat XVIII.mendera arte. XVIII. mendean teoria librekanbisten eta askatzaileekin batera sistema merkantilistaren eta "ekonomia moralaren" zutabeak eta egitura pitzatzen joan ziren. Burgesiak eta merkatariak bere interesen aurka zihoan sistema higatzen saiatu ziren. Aduanak itsasoraino eramateko eztabaida piztu zen XVIII. mendean, Borboitarrak iritsi orduko. Aduanak Nafarroaren eta Santanderren mugan, Urduñan, Balmasedan eta Gasteizen egoteak, eta ez itsasoan, Gipuzkoako eta Bizkaiko kontsumitzaileak babestu zituen, baina euskal merkatari guztiak kaltetu, batez ere Espainiako merkatuetan hedatzen saiatu zirenean. Eztabaida horrek -azken batean foruen ingurukoa bihurtuko zena- eta bere ondorioek ekarriko dituzte bertako gizartearen apurketa eta zenbait matxinada. XVIII. mendean bizitutako matxinada guztietan espekulazioa dago tartean: 1718.an aduanen matxinadan, 1755.ean haragiaren matxinadan edota 1766.an garien matxinadan. Azkeneko honetan matxinatuek sortutako eskakizunetan argi asko ikus daiteke zer dagoen asaldadura honen atzetik. Kapitulu geihenek udal mendien erabilpen askatasunarekin eta jakien horniketa eta salneurriekin dute zerikusia: gariaren, artuaren, irinaren, ogiaren, haragiaren, arrainaren, esnearen, pattarraren, mistelaren, olioaren eta abadiraren prezioa tasatu eta duinetan saltzea; bertako ekoizpena kanpora ez ateratzea; jornalen duintasuna; otea, garoa edo suegurraren mozketa librea izatea; abereak mendian aske ibiltzea, edota gaztaina auzokoen artean banatzea. Beraz, matxinoen bizirauteari buruz aritzen ziren beren eskaerak.