Kontzeptua

Bitxigileak

Bitxigintzako lanbide espezializatuen artean ezartzailea nabarmendu dezakegu. Honek bitxigileak egindako oinarri metalikoaren gainean harribitxiak itsatsi, erantsi edo "ezarri " egiten ditu. Harribitxiak oinarriaren gainean jartzeak, duen garrantzia eta zailtasuna dela eta, ezagutza eta trebetasun espezifikoak eskatzen ditu, eta bitxigileek lan esparru zabalagoa dutelako, ez dute menderatzen. Hori dela eta, ezartzaile lanbidea sortu zen. Bitxigileak artisau honengana jotzen dute lan hori egiteko, horrela lankide garrantzitsua eta hurbilekoa bihurtu da.

Bitxigileak platinoz egindako laminak ezartzaileari ematen dizkionean horrek, harribitxiak erantsiko dizkio. Horretarako, harribitxiaren azpialdea, "kulata" izenekoa, aurretik prestatutako zuloan sartuko du , eta jarraian eskuko buril baten bidez bultzatuz, gainaldetik ateratzen dituen metalezko lamina txikiak harriaren kontra bultzatuko ditu .Horrela harriaren gainean itsatsiko dira. Lan hori kontu eta arreta handiz egiten du, harriaren perimetroaren puntu askotan. Horrela ezartzailearen lana amaitzen denean, platinoaren zati txiki bat nabarmendua geratzen da, eta ez dio harriari zulotik ateratzen uzten, eta horrela betirako platinozko laminari itsatsia geratzen da.

Jarraian eta lana apaindu eta amaitzeko, burilarekin bere lanaren inguruan zulotxoak edo grabatuak egingo ditu.