Kontzeptua

Bitxigileak

Bitxigileak lanerako mahaian lan egiten du. Mahai hori egurrezkoa izan ohi da eta aurrealdean hainbat apal ditu. Horietako baten erdian material bereko pieza bat izaten du, "ezpala", eta horren gainean jartzen du pieza lanean ari denean. Ezpalaren azpian ohol bat dago, zinkezko xafla batez estalia, esku artean darabiltzan metalen zati txikiak edo karraskautsak jaso eta berriro erabiltzeko. Lanerako oso garrantzitsua da argi ona edukitzea.

Mahaiaren gainean lanerako tresnak kokatzen ditu. Horien artean ondorengoak aipa genitzake: lanbide honetako hainbat aliketa mota espezifiko; berdintzeko zerra edo zerra fina; mailu eta ingude txikiak; limak, biolina edo harizko esku-zulagailua; ingude txikia; tamaina desberdinetako enbututzaileak; gas oxhidrikozko soldatzailea; isolatzailedun oinarria soldatzeko; bitxigile guraizeak; arragoa edo zeramikazko eltzea urtzeko; "lingote-ontzia" edo burdinazko moldea, hau da sekzio karratuko burdinazko totxoa, egurrezko kirtena eta aurpegietan tamaina desberdineko hainbat arteka edo zirrikitu dituena, bertan metal urtua isurtzeko; forma eta tamaina desberdineko zulo ugari dituzten ilara edo plaka metalikoak. Tresna horietaz gain, haria luzatzeko mahaia eta plakak xaflatzeko mahaia ere baditu.