Bitxigileak, berak sortutako osagaiekin eta aurretik aipatu ditugun ezagutza teknikoak erabiliz, lehendik diseinatuta dituen bitxiak edo bezeroek eskatutakoak lantzen ditu. Besteak beste, harri distiratsu batekin apaindutako eraztun bat nola egiten den adierazi dezakegu.
Bitxigileak harri eder hori eskuratu behar du eta horren forma geometrikoa eta neurriak ezagututa, euskarri edo oin bat egokituko dio eta guztia eraztunari lotuko dio. Horretarako, urrezko edo zilarrezko lamina bat erabiliko du, hortik guraizeekin metalezko tira bat moztuko du, eta lastaren (sekzio zirkular edo obalatuko mandrilak dira, bere diametroa jaitsi egiten da mutur baterantz) gainean kurbatuz txintxor zirkularra egingo du txantiloi gisara erabiltzeko, ondoren, tira horren bi muturrak lotuko ditu soldaketa bidez.
Gero, lamina beretik errektangulu txiki batzuk moztuko ditu eta txintxorraren hertzetako batean soldatuko ditu, honela, hanka edo atzapar batzuk osatzen dira gero harribitxia eutsiko duten koroa itxurako multzoa osatuz. Jarraian eta urre laminatuzko zirkulu antzeko formako perfil zuzen batetik abiatuta, bezeroaren behatzean sartuko den eraztuna landuko du.
Hori lortzeko, zati bat moztu eta mandrilaren gainean kurbatzen du, gero bi muturrak soldatzen ditu eta gainean teknika bera erabiliz, aurretik egindako koroa lotzen du. Koroa horren hutsunean harribitxia sartuko du eta hanka txikiak barrura kurbatuz lotua geldituko da, hori lortzeko mailu batez kolpe txikiak emango dizkio eta horrela eraztuna amaituta geratzen da.
Aliantzak egitea askoz ere errazagoa da. Aurretik bezeroaren behatzaren neurria hartu behar da, horretarako "eraztun-sorta" erabiltzen da, neurria grabatua duten alanbrezko eraztunen sorta. Horiek banaka probatzen dira, ondoren, egokitzen denarekin asmatu arte.
Hautaketa egin ondoren, behar duen urrezko perfilaren neurria hartzen du, eraztunaren gainean biltzen duen paperezko tira bat erabiliz.
Neurri honetan oinarrituta, behar duen luzerako urrezko perfila moztuko du, apur bat laburragoa, eta mandrilaren gainean kurbatuko du mailuaren bidez kolpe arinak emanez, eta bi muturrak soldatuko dizkio. Jarraian, mandril konikoan sartuko du eta barnealdera bultzatuko dio egurrezko mazo batekin kolpeak emanez. Honen helburua da zabaldu eta tenkatzea, eta oso erraz lortzen du material hori oso moldakorra delako.