Olerkariak

Bergamin Gutierrez, Jose

Bergamin prestigio handia izan zuten intelektual errepublikazaleetako bat izan zen. Lan original bat egin zuen, filosofikoa eta talentu handiko ariketa izan zena aldi berean, poesia zertzelada batzuk gaineratuta. Unamuno eta Machado asko miretsi zituen. Bere izena eta obra intelektual lotsagabearen isla modura agertzen dira, garaiko kultura, politika eta bizimoduarekin asmatu ez zuena, nahiz eta horietan nabarmen aritu. Amerikako erbestean argitalpen-jarduerak sustatu zituen eta hori garrantzitsua izan zen. 1921ean Índice aldizkarian kolaboratzen hasi zen, Juan Ramon Jimenez Nobel sariak editatzen zuena. Orduz geroztik etengabe agertu zen Espainiako bizitza kulturalean. Berehala ezagutu zuen Unamuno eta haren ikasle trebe eta lagun handitzat zuen bere burua. Haren pentsamendurako grina goretsi eta baitaratu zuen. Aitak, Francisco Bergaminek, Monarkiako ministro zela, 1904an Salamancako errektoretzatik arbitrarioki kendu zuen Unamuno. Baina gertaera horrek ez zuen eraginik izan bien arteko harremanean. Filosofo euskalduna gerora Bergaminen pentsamenduan maiz agertu zen. Halaber, harreman ezin hobea izan zuen bere garaiko Frantziako mugimendu intelektual eta kristauekin. Herrialde hark Ohorezko Legioa aitortu zion.

Jose Estebanek idatzi duen moduan, Bergamin zalantzarik gabe "Espainian XX. mendeko pertsonaia irrikatsuenetako bat izan zen. Garaiko gorabehera politiko eta kultural nagusietan protagonista izan zen eta idazle gisa eta Espainia jakin baten aldeko borrokalari gisa izandako dramak eraginda, gaur egun, idazle eta espainiar belaunaldi oso bateko ikur bilakatu da"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Bergamin pentsamenduaren gizona da, politikan ahalegin betean saiatu zena, aktibista baino gehiago aholkulari gisa. Bere pentsamenduan, itxuraz paradoxikoki, aldi berean teologia katolikoa eta gogo-oinarri marxista uztartu zituen. Haatik, garapenaren eta indarkeriaren aurka irmoen azaldu ziren intelektualetako bat izan zen. 1934n, Asturiaseko iraultzak bultzatuta, berak sortutako Cruz y Raya aldizkarian artikulu antologiko bat idatzi zuen. Bertan, Estatuari eta iraultzaileei indarkeria erabiltzearen desabantailez ohartarazi zien.

Bere lehen liburua, El cohete y la estrella (1923) atsotitz-bilduma bat izan zen. Juan Ramon Jimenezek sustatu zuen liburua eta berehala jaso zituen Unamuno, Pedro Salinas, Azorin, Antonio Espina eta Melchor Fernandez Almagroren goraipamenak. Beranduago, Tres escenas en ángulo recto eta Caracteres argitaratu zituen. Primo de Riveraren diktaduraren aurka azaldu zen eta II. errepublikaren etorreraren (1931) alde egin zuen. Errepublikaren bigarren aro horretan Aseguruen zuzendari nagusi izan zen lehenengo Lan Ministerioan, Largo Caballero ministro zela. Arestian aipatutako Cruz y Raya aldizkarian gogo-oinarri errepublikanoaren aldarriak zabaldu zituen. Intelektual Antifaxisten Aliantzako presidente izan zen, eta kultura arloko agregatu Espainiak Parisen zuen enbaxadan. Bigarren kargu horretan errepublikaren aldeko babesa lortzen saiatu zen, gerra zibila gori-gori zela.