Olerkariak

Bergamin Gutierrez, Jose

Gogotsu agertzen zen "Gauzei dagokien balioa emateko, bai bizitzan eta baita pentsamenduan ere". Hala, Cruz y Raya aldizkarian askatasun zabalenaren aldeko apustua egin zuen Bergaminek, izan ere, ideologia orotako idazleak gonbidatu zituen bertan idatz zezaten. Revista de acción y negación aldizkarian Bergaminek bere pentsamendu gizalegezko eta erlijiosoa erakutsi zuen, ezkerreko pentsamendu kristauan aitzindari izan zelarik. Halaber, errepublikaren alde agertu zen irmo, azken hatsa eman zuen arte hartan sinetsi baitzuen. 1936an aldizkaria desagertuta eta gerra zibila parez pare zela, Bergamin ez zen egonean geratu. Hala, enpresa kultural eta argitalpen errepublikanoetan jardun zuen, esate baterako, hauetan: El Mono Azul, Hora de España edo Cuadernos de Madrid. 1937an Valentzian egin zen Idazle Antifaxisten Lehen Kongresuan Bergamin presidente izan zen. Gerra galduta, ordea, Mexikora erbesteratu zen. Ondoren, Venezuela eta Uruguay ere izan zituen bizileku.

Erbeste errepublikanoan ere kulturaren alde lan egiten jarraitu zuen. Horrela, España Peregrina aldizkaria sortu zuen Juan Larrea euskaldunarekin elkarlanean. Horrez gain, mendeko idazle espainiar entzutetsuenen liburuak argitaratu zituen, zenbait klasikorekin batera. Bere izena beti lotuko da Machadoren poesiaren edizioarekin (erbestean sortu zuen Seneca argitaletxean osorik argitaratu zuen). Halaber, Lorcaren eskutik Poeta en Nueva York lanaren eskuizkribua, hainbestetan galdu eta topatu dena, jaso izanarekin lotuko dugu Bergamin. Gonzalo Santonja idazleak erbeste horren zati handi bat kontatu zuen Al otro lado del mar, Bergamín y la Editorial Séneca: (México, 1939-1949) izeneko lanean. 1997an argitaratu zen, hain justu, Madrileko Komunitateak Bergamini omenaldia egin zion urtean. 1958an herrialdera itzuli ahal izan zen, baina jazarria izan zen sistema politikoaren aurka irmo azaldu zelako. Asturiasko meatzariei elkartasuna adierazi zien "Ciento un dálmatas" izeneko manifestuan. Horren ondorioz, 1963an erbestera jo behar izan zuen berriro. 1970ean itzuli zen ostera. Madrilen bizi izan zen urte askoan eta, Franco hil ondotik, trantsizio politikoaren aurka azaldu zen zorrotz. Lehen hauteskunde demokratikoen aitzakian, 1977an Error monarquía manifestua kaleratu zuen, ezarpen monarkikoaren aurkako alegatua. Hainbat urtez artikuluak idatzi zituen Sábado Gráfico aldizkarian.