Olerkariak

Bergamin Gutierrez, Jose

1982an, bizitzako azken urteetan Donostian finkatu zuen bizilekua, "espainiar izatetik nekatuta", izan ere, trantsizioarekin eta harekin lotutako giroarekin ("Francorik gabeko frankismoa") etsita zegoen. Hala, Herri Batasuna koalizioaren aldeko ekintza politikoetan parte hartu zuen. Denbora batez artikuluak kaleratu zituen "Punto y Hora" argitalpenean eta Egin egunkarian. Horietako zenbaiten erruz (J. Abiraneta gisa sinatzen zuen eta 1982ko urriaren 19an agertu zen lehen aldiz) auzipetu egin zuten. Dena den, auzia bertan behera geratu zen, 1983ko abuztuaren 28an zendu baitzen. Hondarribiko hilerrian eman zioten lur. Garai hartan Euskal Herrian uholdeen drama bizi zen. Bide asko itxita egon arren, Espainia osotik etorritako adiskide ugari gerturatu ziren hiletara, besteak beste, Jaime Salinas, orduan Kultura Ministerioan goi-kargu baten jabe zena. Bergaminek asko miretsi izan zuen beti haren aita, Pedro Salinas poeta. Hala, Santanderko Menendez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateak antolatzen zuen Mendendez Pelayo saria eman ziotenean, saria onartu zuen, bigarren errepublikaren garaian "Unibertsitate hori nire lagun errepublikano Salinasek sortu zuelako".

Bergaminek obrak bere lekua izaten jarraitu zu bizitza kulturalean. Bere obrak berreditatu egin dira (funtsean, Turner y Pre-Textos argitaletxearen eskutik). Hori lagungarri izan da entsegu eta ikerketa askoren jomuga izan den (besteak beste, Nigel Dennis, Gonzalo Santonja edo Gonzalo Penalvak egindakoak) obraren memoria azken bi hamarkadatan gordetzeko. Halaber, Santojak Cristal del tiempo izeneko antologia burutu du Gipuzkoako Hiru argitaletxearentzat. Lan horretan bere testu adierazgarrienak barneratzen dira. 1989an Pilar Lorenzok José Bergamín para niños liburua kaleratu zuen. Bere poesiarekin batera, oraindik bere beste zenbait liburu berreditatu egiten dira, besteak beste: Aforismo de la cabeza pensante, El arte de Birlibirloque edo La música callada del toreo. "Revista de Occidente" aldizkariak poeta eta pentsalari horren obrari buruzko monografiko bat kaleratu zuen (1995). Idazleak beti agertu zuen atsotitzen, paradoxaren, jakinduria herrikoiaren eta toreoaren gaineko interesa. Toreoaren ingurukoak izan ziren bere lerro ospetsuenetakoak eta Paula toreatzailearen (harentzat liburu bat idatzi zuen) artea ezagutzen ez zutenei edo arbuiatzen zutenei gerturatzen saiatzen zen. Bergaminek idatzi zuenez "Toreoa ariketa fisiko eta metafisikoa da, integrazio espirituala ahalbidetzen duena. Jardun horretan gizakiaren heroitasunak edo purutasunak duen balioa balioesten da: gorputz eta arima, itxuraz hilezkorra"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Bergaminen poesia osoa liburu hauetan aurki daiteke: Sonetos, rimas, Del otoño y los mirlos, Apartada orilla, Velado desvelo, Esperando la mano de nieve, Canto rodado eta Hora última.