Kontzeptua

Autonomia Zuzenbide Zibila

Autonomia Zuzenbide zibilaren definizioa bi elementu hauek osatzen dute: zuzenbide zibilaren kontzeptuak duen osagai substantiboak eta 1978ko Espainiako Konstituzioak eratu dituen autonomia lurralde eremuak. Baskonia osatzen duten lurraldeen eremuan jarriz arazoa, penintsulako Euskal Herrian, eta Espainiako Gorte Orokorrek emandako 3/1979 Lege Organikoaren arabera, Euskadi Komunitate Autonomo gisa eratzen da eta horren partaide izateko eskubidea dute euskal lurralde diren Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak, azken herrok Konstituzioak berak bereziki aurreikusitako bidetik bada ere. Euskadiko Autonomia Erkidego horretan parte hartzea erabaki zuten Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, ez ordea Nafarroak, Foru Komunitate gisa eratu eta autonomia eskuratu baitu, hain zuzen ere 13/1982 Lege Organikoaren arabera; Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzkoa dela adierazten da, apropos. Azken batean, penintsulako Euskal Herriaren antolaketa politikoan, bi Autonomia Erkidego ezartzen dira.

Ikuspegi substantiboan, zuzenbidearen lehen oinarri logikoari erakunde-trataera ematen dio zuzenbide zibilak: pertsonari, gizabanakoa den aldetik. Ezein arau juridikok pertsona du hartzaile eta hark gainerakoekin bizi beharretik sortutako harremanak arautzen ditu. Pertsonaren defentsa eta babesa eta haren xedeak gauzatzea bideratzen dira alor zibilean haren estatutua arautuz. Eraentza horrek nortasunaren ezaugarri adierazgarrienetan du abiapuntua, berdintasunean oinarrituta eta autonomia pribatua edo askatasun zibila muinean jarrita. Hau da, zuzenbide zibilak gizartean txertatutako pertsona du ardatz: pertsona bera, familia bateko kide gisa eta ondarearen titular gisa; eta, objektutzat, gizartean elkarrekin bizitzetik sortutako harreman juridiko ohikoenak ditu.

Oso ohikoa izan da zuzenbide zibilaren posizio berezia aitortzea, ezein herriren tradizio juridikorik jatorreneko erakunde adierazgarria den aldetik; gizartea bereizteko irizpidetzat ere hartu izan da, hizkuntzari ematen zaion balioaren parean jarriz. Espainiako Konstituzioak, herrien kultura, tradizio eta instituzioen babesa ezarri ostean, Autonomia Erkidegoei beren zuzenbide zibila garatzeko eskumena errekonozitu die, batetik, Konstituzioko 149.1.8 artikuluaren arabera eta, gainera, diziplina anitz ukitzen dituzten beste eskumen batzuen bidez.

Edonola ere, Konstituzioa ez da ordenamendu juridiko berri baten sortzailea, ez baitu ex novo ezer sortzen eta, bestalde, ez baitago aurreko ordenamendu juridiko zibilen substantzian aldatzeko borondate eratzailerik. Modu horretan, aurreko ordenamendu juridikoari eusten zaio, baina Konstituzioaren argitan jarri eta ordenamendu guztia horren arabera interpretatu beharko da; zehazki, zuzenbide zibilak Kode Zibilaren inguruan egituratzeari utziko dio eta bere eremua zehazteko irizpide material berriak izango ditu, hain zuzen Konstituzioan jasotako funtsezko baloreak eta Estatua autonomietan antolatzeak dakartzanak. Autonomia sistema ezartzeak zuzenbide horiek errekonozitzea dakar, jadanik ez arau nagusi bati -Kode zibilari- lotutako eranskin edo salbuespen gisa, berezko gaitasuna duen ordenamendu zibil moduan baizik; noski, EKko 148 eta 149. artikuluetan aurreikusitako eskumen-banaketari buruzko arauek jarritako ertzen barruan.

Hala, Espainiako ordenamendu zibila izaeraz lege anitzeko sistema da, zeinean elkarrekin bizi diren, pareko maila edo posizio berdinean, legeri zibil desberdinak: zuzenbide zibil orokorra edo komuna eta autonomia zuzenbide zibilak. Azken horien artean, Konstituzioa indarrean sartu zenean indarrean ziren zuzenbide zibil, foral edo bereziak, biltzen dituzte zenbaitzuk, ez guztiek. Beraz, Konstituzioak foru zuzenbide zibilak jaso eta babesten ditu, antolaketa politikoaren ezaugarritzat hartuz; horregatik, gai hau arazoa bailitzan jotzen duen ezein jarrera, Konstituzioak berak jatorrian ezarritako borondatetik oso urrun geratzen den jarrera litzateke.