Kontzeptua

Autonomia Zuzenbide Zibila

Zuzenbide Zibilaren eremuan, edonola ere, eskumenaren banaketa Konstituzioko hainbat xedapenetan agertzen da, lehen aztertu den manamenduak ez baitu agortzen osorik eremu zibilaren eduki guztia.

Lehenik, Estatuaren eskumen esklusiboak biltzen dituen EKko 149. artikuluan bertan, badira zenbait gai izaeraz diziplina anitzetan agertzen direnak, eta horien artean zuzenbide zibila: 1. Konstituzioko eskubideak baliatzen eta betebeharrak betetzean espainiar guztiak berdinak izango direla bermatzeko oinarrizko baldintzak arautzea; 2. Nazionalitatea, immigrazioa, emigrazioa, atzerritartasuna eta asilo-eskubidea; 9. Jabetza intelektualari eta industrialari buruzko legeria; 11. Kreditua, bankuak eta seguruak antolatzeko oinarriak; eta 28. Espainiako kultura-, arte- eta monumentu-ondarea babestea.

Horien artetik, begirune berezia merezi du lehenak, arazo zibil garrantzitsuak biltzen dituelako: elkarteak eta fundazioak, jabetza- eta jaraunsletza-eskubideak, ohorerako, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea, ezkontzeko eskubidea, edo seme-alaben berdintasuna. Esparru honetan, aipatutako eskubideen funtsezko elementuak garatzeko eskumena Estatuari dagokio; Autonomia Erkidegoek, hargatik, Estatuak eman ditzakeen legeen edukia errespetatu beharko dute.

Bigarrenik, EKko 148.1 artikuluak jasotzen ditu legeak egiteko Autonomia Erkidegoek beren gain har ditzaketen eskumenak. Horien artean topatzen dira ere diziplina anitzetan agertzen diren gaiak eta, nola ez, zuzenbide zibilaren eremukoak direnak: 3. Lurralde-antolamendua, hirigintza eta etxebizitza; 7. Nekazaritza eta abeltzaintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin ados; 8. Mendiak eta baso-ustiapenak; 11. Barruko uretako arrantza, itsaski-bilketa eta akuikultura, ehiza eta ibaietako arrantza; 16. Autonomia Erkidegoaren intereseko monumentu-ondarea; 18. Turismoa bere eremuan sustatzea eta antolatzea; eta 20. Gizarte-laguntza.

Hirugarrenik, Autonomia Estatutuek, EKko 148.1 artikuluan aipatutako gaiekin batera, beste zenbait gai arautzeko eskumen esklusiboa ematen die Erkidegoei, izaeraz diziplina anitzeko gaiak horiek ere, alor zibileko arauekin osatu beharrekoak. Beraien artetik, aipagarrienak hauek dira: trafiko juridikoan parte hartzeko pertsonen eraentza (entitate hauen nortasuna, gaitasuna eta erantzukizuna: fundazioak, elkarteak, adingabeen babesa eta zaintzarako eta birgizarteratzeko erakunde nahiz establezimenduak, kooperatibak, mutualitateak, ganberak, kofradiak, profesionalen elkargoak, kreditu-instituzioak eta aurrezki kutxak, eta merkataritzako burtsa eta salgaiak eta baloreak kontratatzeko guneak), ondasunen eraentza (lurra eta ondare artistikoa, monumentala, arkeologikoa eta zientifikoa) eta obligazioen eraentza (barneko merkataritzaren arauketa, kontsumitzaile eta erabiltzaileen babesa, kasinoak, jokoak, apustuak, ikuskizun publikoak eta publizitatea). Gainera, hainbat gai garatzeko eta exekutatzeko eskumenak ere hatzen dituzte Erkidegoek beren gain, hala nola jabetza intelektuala eta industriala, eta salgaien eta bidaiarien garraioaren antolaketa.

Aipatutako bide horretatik, eskumen-gaitasun maila antzekoa baliatuz, Autonomia Erkidego guztiek eratu ahal izan dute eraentza zibil autonomiko propioa, gai eta gizartean eragin zabala duten arazo askotan. Eskumen eremu honetan, zaila gertatzen da gai zibila ukituz eman diren arau guztiak zehatz-mehatz sistematizatzea, hau da, pertsonaren babesarekin eta horren xedeak burutzeko moduekin lotutako arauak agertzea ez da batere lan erraza. Ikuspegi materialetik abiatuz, aipatzekoa da, euskal bi Autonomia Erkidegoek, gai zibileko eremu osoan eragiten duten araudia eman dutela. Pertsona zuzenbideari dagokionez, nagusiki aipa daitezke pertsona juridikoei buruzko arauketak, esaterako elkarte, fundazio eta kooperatibei buruzkoak, eta baita pertsona fisikoei buruzkoak ere, besteak beste emakumearen eta gizonaren arteko berdintasunari buruzkoak, haurtasuna eta nerabetasuna zaindu eta babesteri buruzkoak, gaitasun urrituko pertsonentzako laguntza emateko arauak, edo izaeraz pertsonalak diren datuak babesteri buruzkoak; aldi berean, gai jakinei buruz ere bai, hala nola adostasun informatua eta bizi-testamentua. Obligazio-zuzenbideari dagokionez, berriz, azpimarragarria da kontsumitzaile eta erabiltzaileei buruzko araudia, eta familia-zuzenbidean izatezko bikoteen trataera, familia-bitartekotza, familian harrera ematea eta adingabeen babesa. Araudi askoz ere zabalagoa eta diziplina askokoa da, oro har, lurraren erregimena arautzeko emandako manamendu-sorta eta, bereziki, nekazaritza-alorraren eta ingurunearen babesa eta sustapena bultzatu eta garatzeko eman diren erabakien arau-multzoa.

Azken batean, Autonomia Erkidego guztiek izaera zibileko araudia badutela egiaztatu ostean, berriro EKko 149.1.8 artikulua irakurri behar da eta arau horren egungo adiera berregokitu daiteke, izan ere legedi zibila garatzeko eskumen esklusiboa Estatuari ematen dio baina alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoak beren zuzenbide zibila gorde, aldatu edo garatzea, halakorik duten tokietan, hau da, gaur egun jadanik Autonomia Erkidego guztietan.

Laburbilduz, lege-sistema desberdinak izatea izan da eta bada euskal gizartearen ezaugarrietako bat. Hala eta guztiz ere, aurrera begira jarrita, segurtasun juridikoak eta euskal hiritarren arteko berdintasuna indartzeak ez ote dute eskatzen araudi zibil bateratua; ez ote da printzipio komunak batzeko, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zuzenbide zibil autonomiko bakarra emateko garaia iritsi, gutxienik; horretarako, noski, kontuan hartu beharko litzateke Nafarroako zuzenbide zibila ere, gizartean sortzen diren arazo praktikoak eta beren konponbidea oso parekoak baitira.