Kontzeptua

Autonomia Zuzenbide Zibila

Legedi zibilaren gaineko eskumenari buruzko arau nagusia den 149.1.8 artikuluak estatuaren eskumen esklusiboa agintzen du: legeria zibila, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoak beren zuzenbide zibil, foral edo bereziak, gorde, aldatu edo garatzea, halakorik duten tokietan. Edozein kasutan, arau juridikoen aplikazioari eta eraginkortasunari dagozkion erregelak; ezkontza formei dagozkien harreman juridiko-zibilak; erregistro eta agiri publikoen antolamendua; kontratuzko obligazioen oinarriak; legeen arteko gatazkak ebazteko arauak, eta zuzenbidearen iturriak zehaztea; azken kasu horretan, zuzenbide foral edo bereziko arauak errespetatuz.

Hasteko, legeria zibila zer den zehaztu behar da. Legeria zibila eta Kode Zibila ezin badira parekatu ere, ulertu behar da eskumen haren edukian sartzen direla Kode Zibilak araututako gaiak kontuan izan gabe horiek EKko 148 eta 149. artikuluetan aipatzen diren edo ez. Gero, Konstituzioko arau horrek zuzenbide zibilak, foral edo bereziak aipatzen dituenean, ulertu behar da, Konstituzio Auzitegiko doktrinaren arabera, hala Konpilazioetan jasotako arau idatziek, nola ohituratik sortutako arauek osatutako zuzenbide zibilak direla haiek.

Euskal lurraldean, garrantzia berezia du halakorik duten tokietan esapideak, izan ere lurralde historiko bakoitzak bere sistema zibil propioa baitauka eta, bestalde, Arabako eta Bizkaiko lurraldeak zuzenbide zibil desberdinak dituzten lur-eremuetan zatituak baitaude. Esapidearen esanahia ulertzeko, sistema zibila bazen aztertu behar da, batetik, denboraren edo indarraren arabera eta, bestetik, lurraldearen arabera. Interpretazioetan zabalena hartuz, ulertu liteke esaldiak esan nahi duela egungo indarra eta baita noizbait izandakoa ere; eta, lurraldearen arabera, Autonomia Erkidego osoari lotuta doala, eskumenaren titularra den aldetik. Bestalde, interpretazio estuenaren arabera, existentzia lotu behar da egungo indarrarekin eta, gainera, duten tokietan bakarrik, hau da, benetan indarra duen lurraldean besterik ez. Esanahia zehazteko orduan, Konstituzio Auzitegiak erdibideko jarrera hartu du: tokia ulertu behar da Autonomia Erkidegoari lotuta eta, ondorioz, erkidegoak zuzenbide zibilari buruzko legeak eman ditzake beti ere bere lurralde osoan edo eskualderen batean halakorik indarrean baldin bazegoen, benetan indarra duen lur-eremura mugatu gabe. Esanahi hori defendatzeko, Auzitegiak argudio hau erabiltzen du: 149.1.8 artikuluak foru zibila bermatzen du autonomia politikoaren bidez eta berme hori ez da erortzen zuzenbide zibil foral edo berezi ukiezin edo legez bestekoen gain, baizik eta Autonomia Erkidegoen Estatutuetan jasotakoaren arabera zertzen da; beraz, Konstituzioa indarrean jarri zenean zuzenbide zibila indarrean izateagatik Erkidegoek beren estatutuaren arabera eskumena jaso badute, orduan zuzenbide zibila gorde, aldatu edo garatzerik izango dute.

Indarra duten zuzenbide zibilak eta beren lur-eremua zehaztu ostean, arazo nagusia izango da gordetzeak, aldatzeak eta garatzeak zer esan nahi duten zehaztea, horren arabera mugatuko baita eskumenaren norainokotasuna eta baloratuko alor zibilean legegile autonomikoak emandako arauek zein neurriraino errespetatzen ote duten Konstituzioak agindutakoa. Gordetzeak eta aldatzeak esan nahi dutena zehazteko ez da izan inolako arazo berezirik, horien adiera gardena baita; ez da hala gertatu garatzeak zer esan nahi ote duen erabakitzeko garaian, izan ere horren arabera baitago Autonomia Erkidegoek beren zuzenbide zibila modu bizian eta organikoan zabaltzeko aukera. Ildo horretan abiatzeko, garrantzitsua da ideia hau azpimarratzea: zuzenbide zibil autonomikoak ez dira errekonozitu Autonomia Erkidegoak estatua antolatzeko lurralde-entitate gisa berez eragiten dituen interesak asetzeko, hainbat lurraldetan indarrean dauden zuzenbide zibil jakin batzuk bermatzeko bakarrik errekonozitu baitira haiek. Gauzak horrela, 149.1.8 artikuluaren araberako autonomien eskumen zibila lotu behar da zuzenbide foral edo berezi osoarekin, eta ez foru-instituzio zibil jakin batzuekin bakarrik. Ildo horri jarraituz, Konstituzio Auzitegiak adierazi duenez, autonomien eskumen zibila ez zaio estu-estu lotu behar Konpilazioek edo beren ordenamenduko beste arauek egun indarrean duten edukiari. Alegia, posible da zuzenbide zibil foral edo berezia duten Autonomia Erkidegoek, jadanik Konpilazioan araututako instituzioekin loturarik baduten alorra arautzea, Konpilazioaren edukiak eguneratzeko edo berritzeko, beti ere foru zuzenbidearen printzipio argitzaile berezien arabera; horrela, indarrean dagoen zuzenbide propioan araututa dauden gaiekin erlaziorik baduten eremuetara zabal daiteke hura eta, hartara, berezko zuzenbide zibil autonomikoa hedatu eta handiagotu, muga horien barruan bada ere.

Hala eta guztiz ere, Konsituzioko xedapenak zenbait gai erreserbatzen dizkio, beti, Estatuari: arau juridikoen aplikazioari eta eraginkortasunari dagozkion erregelak, ezkontza formei dagozkien harreman juridiko-zibilak, erregistro eta agiri publikoen antolamendua, kontratuzko obligazioen oinarriak, legeen arteko gatazkak ebazteko arauak, eta zuzenbidearen iturriak zehaztea. Adierazi denez, edozein kasutan egintzen da eta, ondorioz, esapide hori erabili daiteke argudio gisa zera defendatzeko: Autonomia Erkidegoek edozein gai zibilari buruz legeak eman ditzakete zerrenda horretako gaiak kenduta, hain zuzen ere Estatuaren eskumen esklusiboa esapide horretan adierazitako gaietara bakarrik mugatzen baita; hau da, pentsa liteke, a contrario, Autonomia Erkidegoek baimenik badutela beren estatutuaren araberako eskumena baliatuz zuzenbide zibil autonomikoa garatzeko erreserba zehatz haiek estaltzen ez duten gainerako esparru guztian, kontuan izan gabe legeri berriak loturarik baduen edo ez bertako zuzenbide zibilak, Konstituzioa eman zenean, zuen edukiarekin. Dena den, Konstituzio Auzitegiak, aipatze bidez, ez du onartu halako interpretaziorik.

Bestalde, konstituzioko manamenduak, nagusiki legeri zibilari buruzkoak izan arren, akademikoki zuzenbide zibilari ez dagozkion beste hiru gai ere aipatzen ditu: arau juridikoen aplikazioa eta eraginkortasuna, zuzenbidearen iturriak zehaztea eta legeen arteko gatazkak ebazteko arauak. Lehen biak zuzenbidearen teoriari eta konstituzio zuzenbideari dagozkio, eta hirugarrena berriz nazioarteko zuzenbide pribatuari.

Penintsulako euskal lurraldeek beren araudi zibilei eutsi izan zioten eta, zuzenbide komuna kodean jasoz gero, sistema juridiko haiek Estatuak eguneratu izan zituen Konpilazioen sistema erabiliz. Konstituzioak zuzenbide zibil foral edo berezia duten Autonomia Erkidegoei hura arautzeko aukera ematen die, baina, zertzeko, beren Autonomia Estatutuetan jaso behar dute. Beren aldetik, lurraldeek autonomia izateko erabilitako bidearen arabera, irismen desberdina izango dute Estatutuek. Hain zuzen, Euskadiko Autonomia Estatutua EKko 151.2 eta 2. Xedapen Iragankorraren bidetik onartzen da, eta Erkidegoak hasieratik eskuratzen du eskumen hau: Euskal herria osatzen duten Herrialde Historikoen Zuzenbide Zibil foral eta berezi- idatzia nahiz ohizkoaren- kontserbazio, aldatze eta bilakaera, bai eta beraren indarraren lurralde-barrutiaren finkapena ere.

Aldiz, EKko 143. artikuluaren bidetik Estatutuak onartu zituzten Autonomia Erkidegoek ezin zuten, hasieratik, EKko 149.1.8 artikuluan aurreikusitako eskumenik hartu, horien artean legeria zibilaren gainekoa, beren eskumenak EKko 148. artikulura mugatzen baitziren. Egoera horretan zegoen Nafarroa, baina oinarritu zitekeen legeria zibila emateko haren eskumena bere autonomia berrezartzen zuen Lege Organikoko 2. artikulua eta Konstituzioko lehen Xedapen Gehigarria lotuz, hor jasotzen baita foru-lurraldeen eskubide historikoen babesa eta errespetua. Berez, oso argudio ahula da, baina nahikoa maila politikoan. Azken batean, Foru Erkidegoak eskumen osoa du Foru Zuzenbide Zibilaren alorrean; ondorioz, indarra duen Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduma edo Nafarroako Foru Berriaren zainketa, aldaketa eta garapena, foru lege bidez eginen da behar izanez gero. Eskumen hori baduela zalantzan jarri gabe, zuzenbide zibilari buruz estatutuak emandako eskumena baliatu izan da lege hau aldarrikatuz: 5/1987 Foru Legea, apirilaren 1ekoa, Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduma edo Nafarroako Foru Berria aldatzeari buruzkoa.

Bide horretatik eskumena gutxien erabili duen erkidegoa Euskadiko Autonomia Erkidegoa izan da, 3/1992 Legea, uztailaren 1ekoa bakarrik eman baitu; berau aldatu du 3/1999 Legeak, azaroaren 16koak, Gipuzkoako Foru Zibilari dagokionez. Zentzu berean, zuzenbide zibil autonomiko horrek lurraldeari eta eskumenari buruz daukan berezitasun nagusia gogorarazi behar da lehenik, beren zuzenbide zibilari eutsi dioten beste lurraldeekin alderatuz, zerbait bereizgarria baita. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, historian zehar, beren erakunde publiko eta pribatuak izan dituzte, bakoitzak bereak eta besteen aldean desberdinak. Bilakaera historiko eta politiko korapilatsuaren ondorioz, euskal eraentza juridiko-pribatua desberdina izan da lurralde batetik bestera. Hain zuzen, horregatik Euskadiko Autonomia Estatutuak Euskal Herria osatzen duten Herrialde Historikoen Zuzenbide Zibil Foral eta berezia aipatzen du. Hartara, agerian jartzen da euskal zuzenbide zibilaren arazoetako bat: zuzenbide zibila arautzeko, lurralde historiko bakoitzak bere eraentza juridiko zibil berezia izatea. Hori dela eta, agertzen den lehen problema araudi zibila emateko eskumena norena den zehaztea da. Segitu izan den jarduteko moduari begiratzen bazaio, lurralde bakoitzaren zeregina dela ulertu izan da, hau da, lurralde historikoetako Batzar Orokorrek erabaki izan dute, beren eskumeneko lurraldean, zuzenbide zibila nola zaindu, aldatu edo garatu. Edonola ere, lurralde historiko bakoitzarentzat aparteko legea aldarrikatzeak zentzurik ez zuela jo zen eta, azken batean, Foru Aldundien proiektu desberdinak, Batzar Orokorretan onartu ostean, bildu eta batu egiten dira aipatutako Lege hartan; horrek argitzen Legearen egitura: Atariko Idazpuru komuna eta hiru liburu -Lurralde Historiko bakoitzari buruzko liburu bat-. Bestalde, formari dagokionez, Legea Eusko Legebiltzarrak aldarrikatzen du, Lurralde Historikoek lege-mailako arauak emateko eskumenik ez baitaukate; noski, Lurralde Historikoei buruzko Legearen arabera horiek dituzten eskumen esklusiboak baliatzeko emandako Foru Arauak izaeraz zer diren eztabaidatzera sartu gabe. Bitxia gertatzen da ere aipatutako azken lege horrek legeria zibilari buruzko aipamenik ez jasotzea.

Legegintza-politika erabakitzeko beste aukerarik ere bazen. Eusko Legebiltzarrak erabaki zezakeen Autonomia Erkidego osorako ordenamendu zibil bakarra ematea. Hain zuzen ere, Autonomia Estatutuaren arabera, hiru lurraldeetako botere legegile komunak legitimitate eta autonomia osoa du lege zibilak eman eta Euskadiko Zuzenbide Zibil Autonomiko bateratu bat egituratu eta indarrean jartzeko. Alegia, Zuzenbide Zibilari buruzko eskumena erabili zitekeen lurraldeak beren artean kohesionatzeko, horregatik foru-aurrekariak erabat alboratu beharrik izan gabe.

Inork ez du zalantzan jartzen legeak emateak, derrigorrez, berarekin dakarrela eraberritzea eta ukatu ezin dena zera da: euskal legegileak gaitasuna du lege batean biltzeko, garatze eta eguneratze-eskumena baliatuz, euskal erakunde zibilen eraentza. Hala eta guztiz ere, errealitatea berez egoskorra den aldetik eta euskal gizartea bezala oso handiak ez diren komunitateetan diferentzia substantzialak jartzeak zentzurik izaten ez dutelako, ezinbestekoa izango da, seguruenik, euskal eraentza zibila bateratzearen aldeko joera, zuzenbide autonomiko komuna daukaten beste Autonomia Erkidegoetan betidanik gertatu ohi den moduan.

Legearen edukiari erreparatuz, oraindik landa eta nekazaritza eremura nahiko loturik dagoen eraentza modura agertzen da. Eremu horrek gizartean duen garrantzia gutxietsi gabe, euskal lurraldean egun bizi den egoera sozial eta ekonomikotik urrun agertzen da; eta are urrunago oraindik sistema edo corpus juridiko zibil osatu eta egungo garaiak eskatzen duen araudi egokitu batetik. Horren arrazoia, behar bada, gai zibilak, legebiltzarrean, eztabaida politikotik kanpo egon eta arazo tekniko hutseko trataera jaso izana izan daiteke. Oso adierazgarria da, hain zuzen, testua onartu behar den erakundetik at egin izana, Lurralde Historiko bakoitzaren baitan egin baitira, legegintzako politikak eskatzen dituen irizpide argirik segitu gabe.

Nafarroan, bere aldetik, 1/1973 Legeak aldarrikatutako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumak edo Nafarroako Foru Berriak bildu zuen garai hartan indarrean zen Nafarroako zuzenbide zibila, tradizioaren eta bertako ohitura, foru eta legeak praktikan zuten erabilera kontuan hartuta. Lege horrek arautuak ditu tradizionalki zuzenbide zibilak hartzen dituen gai gehientsuenak: pertsona, ondasunen gaineko eskubideak, obligazio zibilak, familia eta oinordetza. Legeak aldaketak izan ditu, baina ondoren eratorritako behar juridikoei erantzuteko: Kode Zibilaren erreformak eraginda, ezkondutako emakumearen gaitasunari buruzko printzipioei (1975eko abenduaren 26ko Errege Dekretu-Legea), eta Konstituzioak eta Nafarroako gizarte errealitateak eskatutako neurri berriei (5/1987 Foru Legea).

Eskumen hori legez garatzeak osatuko du, zibileko esanahi teknikoan, Foru Zuzenbide Zibila. Azken batean, hainbat eskualdeetan indarrean dauden zuzenbide zibilak zaintzeko eta eguneratzeko babesa ematen du Konstituzioak, berezitasun hori bazelako gertakizun historikoaren arabera eta, egun berriz, lurraldeen antolaketa Autonomia Erkidegoen bidez antolatu delako. Izatez, egitura horrek Autonomia Erkidego desberdinen artean bereizketa sartzen du, zuzenbide zibila garatzeko eskumenik baduten edo ez kontuan hartuta; eta ez bakarrik beren foru zuzenbidea bildu zutenen eta gainerakoen artean bakarrik, izaeraz foralak diren erkidegoen artean ere bai, jasan eta bizitako egoera historiko desberdinen arabera izango baitute gai batzuk edo besteak arautzeko eskumena.