Kontzeptua

Autonomia Estatua (Estatu Motak)

Ukaezina da Espainiako Estatuaren egitura sozialak aniztasun etnikoa erakusten duela. Espainiako gizartea etnia anitzekoa edo nazio anitzekoa da. Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako biztanleriek osatzen dute Espainiako biztanleria osoaren ehuneko hogeita hamar. 1978ko Espainiako Konstituzioak Espainiako gizartearen egitura sozial heterogeneo eta nazio anitzeko horri zer-nolako tratamendua ematen dion, hori da gakoa.

Konstituzioko 2. artikuluari jarraiki, Espainiako nazioa "nazionalitate eta eskualdez" osatzen da: "Konstituzioak Espainiako nazioaren batasun ezin hautsizkoan hartzen du oinarri, hura izanik espainiar guztien aberri erkide eta banaezina, eta era berean aitortzen eta bermatzen du Espainia osatzen duten nazionalitate eta eskualdeen autonomia-eskubidea eta haien arteko elkartasuna".

Konstituzioan aipatzen diren nazionalitate eta eskualdeen arteko kontzeptuzko ezberdintasuna funtsezkoa da oso eta aukera asko eskaintzen ditu. "Nazionalitate" kontzeptua oso baliagarria izan zitekeen nazio anitzeko estatu bat eratzeko. Halaber, Konstituzioaren aitzinsolasean honako borondatea aipatzen da: "Babesa ematea espainiar guztiei eta Espainiako herri guztiei, hala giza eskubideen arloan nola beren kultura eta tradizio, hizkuntza eta instituzioenean". Dena den, nazio anitzeko estatuaren ideia hori izan zen Konstituzio taxutzerakoan gehien eztabaidatu ziren puntuetako bat. Azkenean, puntu horri dagokionez Konstituzioan honakoa adostu zen: "nazionalitate" hitza mantendu egin zen, indar nazionalistak sinbolikoki asebetetzeko asmoz, baina 2. artikulu korapilatsuaren bidez kauterizatzearen truke. Ikuspegi juridikotik hitzari indarra kentzeko asmoz kontzeptu kontraesankorrak ipini ziren tartean, esate baterako "aberria", "nazioa" eta "batasun ezin hautsizkoa".

Dena den, ez litzateke zuzena izango Konstituziotik ideologia nazional(ista) oro baztertu zela ondorioztatzea. Konstituzioa ez da testu neutroa horri dagokionez: ez da berdintasuna aldarri hartuta identitate nazional anitzen arteko bizikidetza zilegitzea eta elkarren arteko lankidetza garatzea ahalbidetzen duen esparru politiko bat sortzera mugatzen; aitzitik, ideia nazional zehatz bat berresten du. Estatu nazionala mantentzeko aukera argi eta garbi ikus daiteke Aitzinsolasean eta 1 eta 2 artikuluetan. "Nazio espainiarra", "Espainiako herria" eta "subiranotasun nazionala" dira Espainiako Konstituzioaren zutabeak. Aitzinsolasean agertzen den Espainiako nazioa konstituzio aurreko entitatea da. Espainiako nazioaren barneko partaide izate horrek definizio arauemaile eta kulturala gordetzen du oinarrian eta bertan hizkuntza (gaztelania) erabakigarria da: "Espainiar guztiek dute hura ezagutzeko betebeharra eta hura erabiltzeko eskubidea". Konstituzioaren arabera, ezinezkoa da Espainiako nazioaren egitura banatzea, izan ere, "banaezin" modura hautematen da. Identitateak mantendu eta garatu egin daitezke, betiere, Espainiako nazioaren ikuskera horrekin bateragarri badira. Indar armatuei dagokie, beste gauza batzuen artean, Estatuaren lurralde-osotasuna babestea (8.1 EE artikulua).

"Nazionalitate" kontzeptuaren izaera aldatu egiten da batasun gisa hautemandako erkidego nazionalaren nozioa agertzen denean: nazionalitateek, nolabait, galdu egiten dute nazioaren izaera "gorena", hots, estatu berri baten subjektu politiko izatetik talde etniko eta kultural izaera "apalagoa" hartzera pasatzen dira, hau da, nagusiki ezaugarri kulturalaren arabera definitutako erkidego izatera pasatzen dira. Horren arabera zera ondoriozta daiteke, nazionalitateei eta eskualdeei autonomia-eskubidea baino ez dagokiela eta subiranotasuna soilik Espainiako nazioaren esku geratzen dela. 2 EE artikulua kontraesankorra da erabat eta sekulako harridura sortzen du Espainiako Konstituzioarekin inpartziala den edozein iruzkingile edo ikertzailerengan. "Espainiako herri", "Espainiako nazio" eta "nazionalitateen" arteko bereizketa ez da argitzen. Konstituzioa taxutu zenean ere ez zen hori argitu; dena den, aitortu beharra dago testuinguruak ere ez zuela gehiegi laguntzen. Sole Tura irakasle eta politikoa izan zen Konstituzioa sortu zuten zazpi kidetako bat. Hark idatzi zuenez "Konstituzioko 2. artikulua, zalantzarik gabe, nahasgarria da ikuspuntu juridikotik. Eztabaida asko eragin ditzake eremu teoriakoan. Baina frankismotik demokraziarako trantsizioan zeuden kontraesan ugarien isla da eta orduko indarren arteko korrelazioa neurtzeko baremo ia zehatza da.

Horrenbestez, nazionalitate/eskualde balizko dualismoak ez du ondoriorik izan. Konstituzioak ez dio inolako ondorio juridikorik atxikitzen (esate baterako, konpetentzia edo eskubide bereziak) kategoriari. Berez termino hori ez da berriro agertzen Konstituzioan zehar, ez behintzat adiera horrekin. Baina nagusi izan diren doktrinak ere ez dira Konstituzioan "nazionalitate" kontzeptua erabiltzearen ondorio juridikoak aztertzeaz arduratu. Gauzak horrela, izendapen hori barneratzen duten Konstituzioari eta Autonomia Estatutuari botere arauemailea ukatu egin zaiela adierazi daiteke. Gainera, Konstituzioan ez dira 2 EE artikuluan aipatzen diren nazionalitateen izenak identifikatzen edo ez zaie erreferentziarik egiten. Nazionalitateek eta eskualdeek autonomia-eskubidea zuten, baina besterik gabe, ordezkaritza-organorik gabe, ez zuten jarduteko eskumenik. Ekimen autonomikoa "Konstituzioak behin-behinekoz arautzen zituen lurralde-ordezkaritzei zegokion, hain zuzen, Autonomia erkidegoak ezartzeko xedez" (itzulpen moldatua, STC 247/2007, FJ 6). Konstituzioari jarraiki, ezerk ez du oztopatzen lurralde batek, bere estatutua taxutzerakoan edo hura berritzerakoan, berezko Estatuko nazionalitate gisa identifikatzeko edo aldarrikatzeko erabakia hartzea. Konstituzioari so berezko nazionalitatearen aldarrikapena autonomia erkidego baten biztanleriaren borondate subjektibo eta kolektiboaren baitan dago. Kataluniar, euskaldun eta galiziarrez gain, hasiera hasieratik andaluziarrek eta valentziarrek, 1996az geroztik aragoarren eta kanariarrek eta 2007az geroztik balearrek "beren" nazionalitatea aldarrikatu dute bakoitzaren estatutuaren barnean. 2006/2007ko estatutuen erreformaren ostean gero eta gehiago badira "nazionalitatea" eta are "nazionalitate historikoa" aldarrikatzen duten autonomia erkidegoak, zalantzarik gabe, izendapenaren balio juridiko eta sinbolikoa desegin egin daiteke eta 1978ko Konstituzioak nazionalitate historikoei atxikitzen zien asebetetze semantikoa galdu egin daiteke.

Konstituzioak izan duen bilakaera ikusirik doktrina-korronte batek Konstituzioan agertzen den "nazionalitate" hitzari nazional izaera kentzeko eta, orokorrean, Espainiako Estatuaren oinarria, hots, nazio anitzeko izaera desegiteko eskumena dauka eta, horrez gain, izendapen hura Konstituzioan aitortzen den Espainiako kultura aniztasuna gisa interpretatzeko eskumena dauka, eta are, erregionalismo kultural gisa interpretatzekoa. Hori ez da, inondik ere, Konstituzioa idatzi zenean zegoen asmoa. Konstituzioko xedapen bakarrak ere ez zuen sortu 2 EE artikuluak sortu zuenaren pareko eztabaida. Bestalde, estatu baten nazio anitzeko izaerak ez du soilik kulturaren esparruan eragiten, eta ez da eskubide kulturalak aitortzera mugatzen. Agintaritza publikoekin harremanetan jartzerakoan gaztelaniaz aparteko Espainiako bestelako hizkuntzak erabiltzea eskubide politikoa da, hizkuntza horiek erabiltzen dituzten herritarrentzat funtsekoa dena. Gaztelaniaz aparteko hizkuntzen ofizialtasuna aldarrikatzea ez da halabeharrez agertzen Konstituzioko 3. artikuluan, hain justu, autonomia-eskubidea aitortzen duen xedapenaren ondoren. Lurralde-autonomia (2 EE artikulua) eta hizkuntzaren ofizialtasun bikoitza (3.2 EE artikulua) dira ageriko aniztasun etniko eta kulturala doitzeko Konstituzioan erabiltzen diren bi tresna nagusiak: tresna horiek Konstituzioaren hastapenean agertzen dira, Atariko Tituluan, horrek argi adierazten du Estatu konstituzionala egituratzerakoan funtsezko erabakitzat jotzen direla.