Eskualde estatu eta Estatu federal gehienetan gertatzen denaren aurka, Espainiako Autonomia estatua homogeneotasunaren eta desberdintzearen arteko konbinazio bitxi batean oinarritzen da. Konbinazio berezi horrek bat egiten du Estatu-nazioaren ikuskera tradizionalaren eta barne-aniztasunaren onarpen juridikoaren artean dagoen liskarrarekin. Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak berehala aitortu zuen homogeneotasunaren eta desberdintzearen arteko konbinazioa ezinbesteko elementua dela 1978ko Konstituzioaren egituran. Autonomia Prozesuaren Harmonizazioari buruzko Lege Organikoa Konstituzioan onartzeari dagokion 1983ko abuztuaren 5eko 76/1983 sententzian adierazten zenez "erregimen autonomikoaren ezaugarria hura osatzen duten lurralde-entitateek duten status juridiko eta publikoaren homogeneotasunaren eta aniztasunaren arteko oreka da. Lehenengorik gabe, estatuan ez litzateke batasunik eta integraziorik egongo; bigarrenaren gabezian ez litzateke benetako pluraltasunik egongo ez eta autogobernurako gaitasunik ere, eta horiek autonomien estatu ororen ezaugarri dira".
Konstituzioan desberdintzeak toki gehiago zuen, gerora, Espainiako Konstituzioaren eboluzioan gauzatu dena baino. Batasunaren aldeko tradizioaren eta Espainian nagusi ziren bi alderdien arteko hitzarmenen (1981 eta 1992ko akordio autonomiko gisa ezagutzen direnak) eraginez, eta doktrina juridiko zentralista baten eraginez konpetentziak eta autonomia erkidego guztien jarrera politikoak homogeneizatu egin dira orokorki, eta desberdintzea ahalbidetzen zuten hainbat elementu desagertu edo indargabetu egin dira.
1978ko Konstituzioan ez zen autonomia eredu bakarra aurreikusten, bi baizik, eta bien artean ezberdintasun kualitatiboa antzematen zen. Deszentralizazio zehaztugabea izan beharko litzateke araua eta salbuespena, berriz, deszentralizazio politiko zehatza. Ereduen bitasun hori autonomia erkidego modura autonomiara eta konstituziora sartzeko prozeduretan islatzen da. Konstituzioan ezartzen ziren prozedura nagusiak eta bi "abiadurak". Autonomia erkidego batzuek berehala autonomia osoa eskuratu behar zuten bitartean gehienek autonomiazko egoera apalago batean egon beharko zuten edo autonomia hori bost urteko epean areagotzeko itxaropena izan behar zuten. Konstituzioko bi ereduak hedatu beharrean Estatuko lurralde osoan zehar eredu bakarra hedatu zen.
1980ko otsailaren 28an Andaluzian ekimen autonomikoa onartzeko erreferenduma egin zen. Gertaera hori zedarri izan zen Konstituzioa interpretatzeari dagokionez; autonomia identitatean eta nazioan oinarritutako ezaugarri argia duen egitura gisa hautemateari utzi eta eskualde mailako egitura gisa hautematerako jauzia eman zen, berdintasuna oinarri zuena eta Estatu guztira hedatu zena. Erreferendumaren emaitzak utzitako lehen ondorioa zera izan zen, Andaluziak hiru nazionalitate historikoek zituzten konpetentzia autonomiko berak bereganatu ahal izan zituela eta haien bide pribilegiatua jarraitu ahal izan zuela; dena den, inplikazioak askoz ere handiagoak izan ziren.
Eredu autonomiko hori Estatu osora hedatzearen eraginez euskaldunek eta kataluniarrek erregionalismo testuinguru nagusiago batean izango zuketen egitekoa eta garrantzia erlatibizatu egin beharko litzateke, Estatuan gobernu zentralak eskualde "problematikoen" aurrean zuen lehentasuna bermatu egin beharko litzateke eta batasun "nazionala" desagertzeari buruzko militarren beldurra arindu egin beharko litzateke. Modu horretan, Konstituzioko 2. artikuluan "nazionalitateei eta eskualdeei" onartutako autonomiarako eskubidea aldatu egin zen eta aurrerantzean herritar guztiek zuten autonomiarako berdintasunezko eskubide izatera pasa zen inplizituki, hau da, autonomiarako eskubide kolektiboa eskubide indibidual bilakatu izan balitz bezala. Bestela esanda: Estatuan nagusi ziren alderdiek Konstituzioaren ondorengo prozesu politikoan interpretazio objektibo eta berdintzailea aplikatu zuten. Badirudi 138.2 EE artikulua ("Autonomia erkidegoen estatuen arteko desberdintasunek ezin ekarriko dute ondorioz, ezein kasutan, pribilegio sozial eta ekonomikorik") desberdintze-printzipioaren kanpoko muga izatetik desberdintzeko debekua izatera pasa dela.
Zazpi autonomia erkidegok (Euskal Herria, Katalunia, Galizia, Andaluzia, Nafarroa, Valentzia eta Kanariak) bereganatu zitezkeen konpetentziei zegokion maila gorena eskuratu zuten berehala (hots, 149 EE artikuluaren arabera Estatuarentzat gordetzen ez diren konpetentzia guztiak), gainerakoek, ordea, hasiera batean maila apalenarekin etsi behar izan zuten (hots, 148 EE artikuluan zerrendatzen diren konpetentziak). XX. mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan Autonomia Estatutuetan hainbat erreforma sartu ziren, ondorioz, hamazazpi autonomia erkidegoek konpetentzia egitura oso antzekoa dute.
Homogeneotasun zabal horrek eta autonomia erkidegoen arteko konpetentzien orekak ere badute muga bat, autonomia erkidego jakin batzuen "gertaera bereizgarriak" hain zuzen, Konstituzioan bertan onartzen direnak. "Gertaera bereizgarri" espresioa ez da Konstituzioan agertzen: kontzeptu politiko orokorra da, alde batetik nazionalitateen eta eskualdeen arteko ezberdintasun juridiko anitzei erreferentzia egiteko eta, beste alde batetik, nazionalitateen arteko ezberdintasunei erreferentzia egiteko. Ezberdintasun horiek Konstituzioan barneratu dira espresuki eta hizkuntza, kultura, historia, zuzenbide zibila eta egoera geografikoarekin lotutako benetako ezberdintasunetan oinarritzen dira. Ez dago izaera juridikoari eta "gertaera bereizgarrien" irismenari buruzko doktrina konstituzional bateraturik. Finean bere izaera konstituzionalari buruzko bi tesi daude. Iritzi baten arabera, desberdintze juridiko eta konstituzionalekin lotutako elementu espezifikoak dira, Konstituzioan funtsatzen direnak baina orokortu ezin daitezkeenak. Beste iritzia aintzat hartuz, "gertaera bereizgarriek" Autonomia estatuaren funtsezko joera bat erakusten edo justifikatzen dute: berdintasunaren eta aniztasunaren arteko konbinazioa Estatuaren egituraren funtsezko elementu gisa. Egia esatera, gertaera bereizgarrien arloan ere, autonomia erkidegoen artean nolabaiteko berdintze motela antzematen da.
a) Hizkuntza eta kultura
3.2 EE artikuluari jarraiki sei autonomia erkidegok estatutua oinarritzat hartuz lurralde horietan gaztelaniaz gain hitz egiten diren berezko hizkuntzen ofizialtasuna finkatu dute (Euskal Herria, Katalunia, Galizia, Valentziako Komunitatea, Nafarroa eta Balear Uharteak). Beste autonomia erkidego batzuek ere beren hizkuntza-ereduaren babesa arautu dute, batzuetan besteetan baino hedapen eta zehaztasun handiagoz, baina, betiere, estatutuari so ofizialtasun osoa aitortu gabe (Asturiaseko Printzerriak asturiera edo bableari eta galiziera-asturierari dagokionez, Aragoak katalanari eta aragoerari dagokionez eta Gaztela eta Leonek leonerari eta galizierari dagokionez). Gaztelaniaz aparteko hizkuntza baten ofizialtasunari buruzko estatutuaren adierazpena dagokion autonomia erkidegoari konpetentziak emateko (hizkuntza arloan) iturri gisa interpretatu du Auzitegi Konstituzionalak. Hori alde batera utziz, kultura sustatzeko eta autonomia erkidegoko hizkuntza irakasteko konpetentzia autonomikoa aitortzen da Konstituzioan (148.1.17 EE artikulua).
b) Eskubide historikoak
Konstituzioko lehen xedapen gehigarrian ezartzen denez: "Konstituzioak babestu eta errespetatu egiten ditu foru-lurraldeen eskubide historikoak. Foru-araubide horren eguneratze orokorra, hala badagokio, Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuen esparruan egingo da". Konstituzioko xedapen bitxi hori (haren osagarria bigarren xedapen derogatzailea da) nazionalista euskaldunen nahimen baten ondorioz ezarri zen, izan ere, nazionalista euskaldunek ez zuten beren instituzioen garapena Konstituzioan zehaztutako esparru juridikora hertsatu nahi. Instituzioen garapena gobernu zentralaren eta Euskal Herriko instituzioen arteko akordio batean oinarritu behar zen. Hala eta guztiz ere, "foru-itunaren" ideia, hau da, foru-zuzenbideak itun batean oinarrituta berrezartzeko asmo politikoa, alboratu egin Konstituzioa taxutzerakoan. Haren ordez, lehen xedapen gehigarriaren bitartez Konstituzioaren esparruan eskubide historikoak partzialki eta baldintzapean berrezartzea bermatu behar zen.
Hainbat hamarkadetan zehar foru-lurraldeen identitateari eta titulartasunari buruzko, hots, eskubide historikoei buruzko adostasun osoa egon zen: soilik Euskal Herriko probintziak eta Nafarroa. Alderdi juridikoak ez zeuden hain argi ezta konstituzioz bermatutako babesak izango zituen ondorio juridikoak ere. Bi modu daude eskubide historikoen edukia eta irismena ulertzeko: bata moderatua eta bestea maximalista edo neoforista. Ikuskera moderatuaren arabera instituzio juridikoen legezkotasuna berretsi egiten da, Estatu moderno batean soilik historiaren aitorpen gisa uler daitezkeenak. Eskubide historikoen bitartez argiro bereizitako konpetentziazko berezitasun jakin batzuk funtsatu daitezke, baina ezin dira beste esparru batzuetara hedatu. Badirudi Auzitegi Konstituzionalak ere ikuspuntu hori hartzen duela (ikus, guztietarako, 76/1988 eta 140/1990 sententziak).
Herrero de Miñon politikari kontserbadorea Konstituzioaren txostengileetako bat izan zen eta berak egin zuen ikuskera neoforalista juridikoki funtsatzeko eta, aldi berean, nazio anitzeko Estatu baten Konstituzioa taxutzeko ahalegin zehatzena. Bere ahaleginean argudio politikoak (Konstituzio politikari dagozkionak) eta juridikoak (Konstituzio Zuzenbideari dagozkionak) uztartzen dira. Georg Jellinek-ek "Estatuaren zatiei" buruz erabiltzen duen nozioa oinarri hartuta garatzen du bere ideia. Ideia horren arabera, konstituzioz aitortutako eskubide historikoak autonomia handiago bat ematera eta instituzio historiko jakin batzuk mantentzera bideratzen dira, baina ideia hori horrez gain, batez ere, konstituzioa baino lehenagokoak diren "gorputz politiko" jakin batzuk legez bizirauteari buruzko ideia da. XIX. Mendean Espainiako lurralde jakin batzuk Konstituzioaren Estatu horretan "erantsitako zati" modura barneratuko ziren. Herrero de Miñonen arabera, erkidego nazionalak nekez integra daitezke egitura federal uniformeen bidez, izan ere, estatu-sistema uniforme batean nortasuna galdu egiten dute. Hori dela eta, gizarte federalen eta desberdintzean oinarritutako gizarteen (nazio anitzekoak) arteko ezberdintasuna Konstituzioaren bidez zehaztearen alde agertzen da. 1978ko Espainiako Konstituzioari dagokionez, hain zuzen lehen xedapen gehigarria izango litzateke Estatutik bereizitako nazio anitzeko egitura bat sortzeko ardatza. Doktrina juridiko nagusiak, ordea, ideologia juridiko eta estatal unitarioak ditu ezaugarri eta sinesgaitz egiten zaizkio halako planteamenduak, eta zenbaitetan mehatxu gisa ere ikusten ditu.
Euskal Herrirako Autonomia Estatutuan berezitasun batzuk barneratzen dira, eskubide historikoen konstituziozko berme gisa justifikatzen direnak. Lehenik eta behin, hainbat konpetentzia autonomikok Konstituzioko lehen xedapen gehigarria dute oinarri, esate baterako, polizia autonomoaren, hezkuntzaren edo zerga- eta finantza-erregimenaren arloetan. Euskal Herriaren eta Estatuaren arteko Kontzertu Ekonomikoari jarraiki, zergak ez ditu Estatuak biltzen, hiru lurralde historikoetako administrazioek baizik: urtero bilketa horretako zenbateko zehatz bat ("kupoa") ematen zaio Estatuari, Euskal Herriak Estatuko kargei (autonomia erkidegoak baitaratzen ez dituenak) egindako ekarpen modura. Kontzertu-sistema hori 1878an jarri zen abian, 1876an foruak indargabetu eta haien behin-behineko ordezko modura berezko finantza-sistema bat barneratu zenean. Bigarrenik, hiru lurralde historikoekin osatzen den Euskal Autonomia Erkidegoko barne-antolaketak izaera federala du eta hau ere lehen xedapen gehigarrian sostengatzen da. Hiru euskal probintziek ez dira konpetentzia administratiboak dituzten tokiko entitate hutsak (erregimen erkidearen modura); aitzitik, "lurralde historikoak" dira, eta konpetentzia politikoak ere badituzte (probintziabakarrareko autonomia erkidegoen antzera). Horren erakusgarri da aurrez aipatutako zerga-bilketaren adibidea. Lurralde historiko bakoitzak, Autonomia Erkidegoaren barnean, autogobernuko antolaketa eta instituzio pribatuak mantendu ditzake eta, hala badagokio, baita ezarri eta eguneratu ere. Barne-antolamendurako eskumen horren arabera, hiru lurralde historikoek sistema politiko parlamentarioa hartu dute: asanblada ordezkatzaileak (Batzar Nagusiak) eta gobernu-organoak (Foru Aldundiak) dituzte eta bertako kideak herritarrek aukeratzen dituzte zuzenean. Hirugarrenik, Euskal Estatutuko xedapen gehigarrian modu arras sinbolikoan aldarrikatzen da: "Estatutu honetan finkatu den erregimen autonomikoaren onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herriari herri gisa historian barrena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik, ordenamendu juridikoak erabakitzen duenaren arabera gaurkotu daitezkeelarik". Laburbilduz Estatutuan ez zaio ukorik egiten etorkizunean eskubide historiko gehiago aldarrikatzeari. Bitxia dirudien arren, Aragoiko Autonomia Estatutuko bosgarren xedapen gehigarrian, 1982az geroztik, Euskal Estatutuko xedapen gehigarri hori barneratzen da. Edozein kasutan ere Aragoiko Estatutuko gainerako artikuluei so ez da deus esaten inolako eskubide historiko eguneratzeari dagokionez, ez 1982ko jatorrizko bertsioan ezta 2007an erreforma bat sartu ostean plazaratutako bertsioan ere.
Ideia neoforalistetara hurbiltzen den adibiderik topatzekotan Nafarroari begiratu behar diogu. Nolanahi ere, 1978ko Konstituzioan Nafarroak du egoera konstituzional bereziena. Nafarroa autonomia erkidego bihurtzeko ez zen Konstituzioan aurreikusitako prozedura jarraitu, aitzitik, lehen xedapen gehigarriari jarraitu zitzaion zuzen-zuzenean. Nafarroa ez da "autonomia erkidego" baizik eta "Nafarroako Foru-erkidegoa". Nafarroako Autonomia Estatutuaren izendapen ofiziala ere ez da gainerako autonomia erkidegoena, baizik eta "Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobeagotzeko Lege Organikoa" (LORAFNA): Lege hiri hitzarmenezko elementuak barneratzen dituen ad hoc prozedura bidez onartu zen: Nafarroako autonomiaurreko organoak eta gobernu zentraleko ordezkariek testu bat adostu zuten eta Gorte Nagusietara helarazi zen ale bakarrean, hau da, diputatuei bi aukera baino ez zitzaizkien ematen, oso-osorik onartu edo ukatzea. Azkenik, LORAFNA delakoan interpretatzeari eta konpetentziei buruzko gatazkak ebazteko mekanismo berezi bat aurreikusten da Lankidetza Batzordea izendatzen den organo aldebiko eta paritarioaren bidez, konstituzioko eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioen kalterik gabe. Hori guzti hori, prozedurazko eta moduzko berezitasun sinpletzat har daitezke eta Auzitegi Konstituzionalak prozedura berezi horretako emaitza, Nafarroako Estatutua, gainerako autonomia erkidegoetako Autonomia Estatutuak tratatzen diren modu berean trata dezake (ikus horri dagokionez STC 16/1984). Edozelan ere, nortasun desberdintzaile baterako itxaropen hori prozedurazko eta moduzko berezitasun horietan datza.
Bestalde, Nafarroak ere Konstituzioko lehen xedapen gehigarriaren arabera aitortzen zaizkion eskubide historikoak aldarrikatzen ditu. LORAFNA delakoaren bigarren artikuluan ezartzen denez "Botere publikoek Nafarroako Foru Komunitatearen jatorrizko eskubide historikoak errespetatu eta babestuko dituzte, 1839ko urriaren 25eko Legeari, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduari eta xedapen osagarriei, Lege Organiko honi eta Konstituzioari jarraikiz, haren lehen xedapen gehigarriko lehenbiziko lerroaldean aurreikusitakoaren arabera", eta 39. artikuluan adierazten denez Nafarroari dagozkio "Gaur egun erabiltzen dituen ahalmen eta eskumen guztiak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduan eta xedapen osagarrietan ezarritakoaren babespean". Euskal Autonomia Erkidegoaren antzeko zerga- eta finantza-erregimenak izateaz gain, Estatuarekin adostutako hitzarmen ekonomiko baten bidez gauzatzen dena, toki araubideari eta polizia foralari dagokienez ere foru-araubide tradizionaletik eratortzen diren konpetentzia espezifikoak aldarrikatzen dira.
2006an estatutuetan sartutako erreformen eraginez gero eta gehiago dira eskubide historikoak aldarrikatzen dituzten estatutuak. Arestian adierazi den modura, gaur arte Konstituzioko lehen xedapen gehigarria soilik hiru euskal lurraldeetan eta Nafarroan aplika zitekeela iritzi izan da. 2006ko Kataluniako Autonomia Estatutuaren 5. artikuluan eskubide historikoen aldarrikapen berritzaile bat barneratu zen: "Kataluniaren autogobernua Kataluniako herriaren eskubide historikoetan, haren mendetako instituzioetan eta Kataluniako tradizio juridikoan dago oinarrituta. Estatutu honek tradizio hori bere baitara bildu eta eguneratu egin du, 2. artikuluaren, bigarren xedapen iragankorraren eta Konstituzioko beste agindu batzuen itzalpean. Hain zuzen ere, horiek ematen diote Generalitateari halako egonleku berezia zuzenbide zibilean, hizkuntzan, kulturan, horiek hezkuntza-esparruan duten proiekzioan eta Generalitatea antolatzeko instituzio-sisteman". Modu horretan, Kataluniaren autogobernuak oinarri bikoitza du; alde batetik, printzipio demokratikoa (2. artikulua), Konstituzioan eta Estatutuan ezarritakoaren arabera eta, beste alde batetik, eskubide historikoak (5.artikulua). Azpimarragarria da Kataluniako Estatutuan "Kataluniako eskubide historiko" horiek ez direla Konstituzioko lehen xedapen gehigarriarekin lotzen, apika xedapen horren aplikazio-eremua "foru-lurraldeen" baitako gisa ulertu zelako. Bestalde, 2006ko Valentziako Komunitateko Autonomia Estatutuko zazpigarren artikuluan aldarrikatzen denez "Generalitatearen eskumenak garatzeko legedia Valentziako Erreinu Historikoaren Foruen edukia berreskuratzen saiatuko da, betiere, Konstituzioa errespetatuz eta Valentziako errealitate sozial eta ekonomikoa aintzat hartuz. Txertatze hori, bereziki, Valentziako Erreinu Historikoaren sare instituzionalean eta berezko onomastikan aplikatuko da, Espainiako Konstituzioaren eta Autonomia Estatutu honen itzalpean" (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Xedapen honen helburua ez da bere horretan forua berreskuratzea, independentea edo Konstituzioaren indargabetzailea izan, berreskuratze ahaleginean estatutu bidez baitaratutako berezko konpetentziak legez garatzea baizik, bereziki eremu instituzionalean.
c) Legegintza zibileko konpetentziak
XIX. mendean kodetze-prozesu zabala abiarazi bazen ere, Espainiako Estatuko hainbat lurraldetan zuzenbide zibileko zenbait berezitasun mantentzen dira, oinordetzako zuzenbidean, familiako zuzenbidean, bereziki ezkontzaren ondasun-eraentzari dagokionez, eta landa eremuko kontratu tradizional mota batzuetan. 1978ko Konstituzioan egoera hori aitortu zen eta zegozkion autonomia erkidegoei "zuzenbide zibil, foral edo bereziak gorde, aldatu edo garatzea" onartu zien, "halakorik duten tokietan" (149.1.8 EE artikulua) legegintza zibilari dagokionez Estatuak duen konpetentzia esklusiboaren salbuespen modura. Hauek dira konpetentzia hori bereganatu duten autonomia erkidegoak: Euskal Herria, Katalunia, Galizia, Valentzia, Nafarroa, Aragoa eta Balear Uharteak. Guztiek zuzenbide zibil forala eguneratzeko eta garatzeko konpetentzia gauzatu dute.
d) Uharte izaera
Balearretako eta Kanarietako artxipelagoak uharte direnez, lehenik eta behin lurralde-entitate, irlako kabildo edo kontseilu bitxiak dira eta udalerriz gaineko baina probintziaz azpiko eskumena duen tokiko administrazio modura (edo probintziabakarreko autonomia erkidego modura) jarduten dute, eta Konstituzioan hala aitortzen da (141.4 EE artikulua). Horrez gain, Kanarietako Autonomia Erkidegoak duen kokapen geografikoa aintzat hartuta, ekonomia- eta ogasun-araubide berezia dauka, aldez aurretik autonomia erkidegoaren txostena igorrita soilik alda daitekeena (Konstituzioko hirugarren xedapen gehigarria).
