Kontzeptua

Autonomia Estatua (Estatu Motak)

1978ko Espainiako Konstituzioan ez zen espresuki adierazi zer-nolako estatua ezartzen zen. Gizarte zientzietan eta juridikoan hain ohikoak ziren "Autonomia estatua" edo "Autonomien Estatua" ez ziren aipatzen Konstituzioan. "Autonomia estatu" izendapena irtenbide pragmatikoa da, Estatuaren teorian jasotzen diren sailkapen zehatzagoek (Estatu unitario, eskualdekoa eta federal) eragin ditzaketen zailtasun edo eragozpenak saihesteko baliatzen dena.

1978ko Konstituzioan ezartzen den deszentralizazioa lurralde mailakoa da oinarri-oinarrian eta nazio anitzeko joera oro alboratzen ditu. Konstituzioko xedapen ugaritan erreparatuz ikus daitekeenez, autonomiaren asmoa lurralde mailan deszentralizatutako estatu unitarioa zen, 1931ko Estatu integralaren ereduari jarraitzen ziona. Administrazio arloan, udalerri eta probintzietan antolatutako Estatu unitarioaren egitura tradizional eta klasikoaren ordez autonomia erkidegoak finkatzen dira. Egia da, azkenean, edukiari eta irismenari so, autonomia erkidegoen autonomiak kalitate handiagoa duela tokiko entitateek baino (udalerriak eta probintziak); hala eta guztiz ere, 1978ko Konstituzioan aurreikusten den deszentralizazioaren oinarri teorikoak gertuago kokatzen dira udalerrien arteko mankomunitate edo elkartzeen autonomiatik federalismotik baino. Eta are, zuzenbide publikoan ere "Estatutu" hitza nolabaiteko autonomia administratiboa duen korporazio eta entitatea arautzen duen lanabes juridiko bati lotzen zaio, eta Konstituzioan oinarritutako Estatua sortzean agertzen den subjektu politikoaren ikuskeratik urruntzen da. Deszentralizazioa ikuspegi tekniko batetik hautematen da, 1931ko Konstituzioan gertatzen zen bezalaxe. Estatuaren lurralde-antolaketa arrazionalizatu nahi da eta ez dago arazo politiko larriak ebazteko asmorik, esate baterako, ez da hainbat identitate kolektibo egokitzearen funtsezko arazo politikoa ebazteko asmorik ikusten.

VIII. tituluaren (Estatuaren lurralde-antolaketa) sarrera gisa lekutzen den 137 EE artikuluan argi eta garbi ikus daiteke hori: "Lurralde-antolamenduari dagokiola, udalerriz, probintziaz eta era daitezkeen autonomia-erkidegoez osatzen da Estatua. Entitate horiek guztiek autonomia dute zeinek bere interesak kudeatzeko". Diskurtsoaren ikuspegitik so deszentralizazio berriaren helburua ez da botere publikoa, Estatuaren lurraldea baizik. Konstituzioan probintziaren instituzioa ere gordetzen da, hots, Estatu zentralistaren funtsezko elementuetako bat.

Organo konstituzionalak eta orokorrean Estatuaren baterako egiturak ez dira batere aldatzen Estatu moduari dagokionez: Estatuaren egitura deszentralizatuak ez du inolako eraginik organoen eraketan, organo horietako kideak izendatu eta hautatzeko prozeduran, xedeak zehazterakoan, etab. Hori da Estatuaren botere legegilearen nahiz botere judizialaren kasua. Autonomia erkidegoek ez dute inolako eskubiderik estatuko legediaren onarpenean parte hartzeko, ez eta Konstituzioaren erreforman parte hartzekoa ere. Konstituzioan Senatua "lurraldeak ordezkatzeko ganbera" gisa definitzen bada ere (69.1 EE artikulua), Gorte Nagusietako bigarrengo ganberak ez ditu autonomia erkidegoak ordezkatzen. Autonomia erkidegoetako parlamentuetan senatarien bosten bat baino ez da izendatzen eta gainerakoak, lau bostenak herritarrek hautatzen dituzte probintziako hauteskunde-barrutietan. Senatuaren izaera hibridoa argi eta garbi islatzen da Konstituzioan bertan.

Tokiko autonomien (udalerriak eta probintziak) eta autonomia erkidegoen autonomiaren arteko ezberdintasuna ez datza azken horien autonomiaren konstituziozko bermean, berme horren izaera ezberdinean baizik. Estatuko legegileak aldebakarreko erabakiz alda eta muga dezake tokiko autonomiaren edukia eta irismena; aitzitik, prozesu autonomikoa aldaezina da. Ikuspegi formaletik so Autonomia Estatutuak Gorte Nagusietan onartutako lege organikoak dira, baina estatu batean ezin daitezke erreformak onartu dagokion parlamentu autonomikoaren baimenik gabe. Autonomia politikoa aldaezina da beraz, eta hori da, hain zuzen, Autonomia estatua eta Estatu unitarioa ezberdintzen dituena, izan ere, Estatu unitario batek, autonomia-eremu zabalagoen barneko hainbat entitate eta korporazio onar ditzake legez, eta autonomia hori edozein momentutan alda edo indargabetu dezake. Zuzenbidezko hierarkian Autonomia Estatutuak Konstituzioaren azpian kokatzen dira eta gainerako legeen gainetik, eta arau juridikoak diren aldetik konstituzioko arauen zurruntasuna dute. Horrez gain, Estatuaren (zentzu zorrotzean) eta autonomia erkidegoen arteko konpetentzien banaketa konstituzional eta estatutuekiko errespetua konstituzioko jurisdikzio batek bermatzen du (Auzitegi Konstituzionala). Hori baita, prozedura juridikoen bidez botereko gatazkak ebazteaz arduratzen dena.

Autonomia estatua, neurri batean, Konstituzioko VIII. Tituluan aipatzen den "unitario-deszentralizatu" eredutik urrundu da eta eboluzionatu egin du: deszentralizazio politiko zabala burutu du eta Estatu federala hartu du erreferentzia modura, alderdi eta teknika batzuei dagokienez behinik behin. Ondorio gisa, Espainiako Autonomia estatua erregionalismoaren azken portuan dagoela esan daiteke, Estatu federalaren atarian: Estatu deszentralizatua da, Estatu federal gisa funtzionatzen duten adibide ezagunen modura funtzionatzen duena eta federalismoaren funtsezko elementuak barneratzen dituena. Eskualdeko estatuaren eta Estatu federalaren artean ez dago jarraikortasunik, eta hala erregionalismoaren barnean nola federalismoan deszentralizazio politikoaren maila ezberdinak egon daitezke eta egon ohi dira (esate baterako, goranzko norabidean, Erresuma Batuak/Italia/Espainia alde batetik eta Austria/Alemania/Suiza beste alde batetik). Horrenbestez, erregionalismo aurreratua eta federalismoa elkarrengandik gertu koka daitezke hainbat alderdiri dagokionez: horrela, eskualde sendo batek ia estatu izaera izan dezake federazio ahul baten barnean. Hala ere, federalismoa estatu modu finko bat ez bada ere eta Estatu federal bakoitza "indibidualtasun historiko zehatz bat" bada ere (Konrad Hesse), horrek ez du esanahi, federalismoaren antza duen eta hartako printzipio eta prozedura asko hartzen dituen edozein estatu modu, besterik gabe, Estatu federal gisa har daitekeenik.

Espainiako Autonomia estatuaren eta Estatu federalaren arteko ezberdintasuna zehazteko, Autonomia estatuan federalismoko honako funtsezko elementuok falta direla azpimarratu behar da: Konstituzio federala, autonomia erkidegoen botere konstituziogilea edo autonomia konstituzionala, Estatuaren borondatearen eraketan autonomia erkidegoen partaidetzarako benetako eskubidea, eta Konstituzioak (federala) besterik esaten ez badu, konpetentzia guztiak autonomia erkidegoen eskuetan uztearen printzipioa. Federalismoaren eta lurralde-autonomia hutsaren arteko ezberdintasun funtzional nagusia zera da, Estatu federalak, haren aitorpenaz gain, Estatuaren borondatearen egituran eta eraketan (bere osotasunean) estatuz azpiko entitateak (Länder, kantoiak, etab.) integratzeko funtzioa barneratzen duela.

Federalismoari dagokionez aipatutako alde horiek gainera autonomia erkidegoetako Autonomia Estatutuen izaeran ere eragina dute, izan ere, Autonomia Estatutu bat ezin da sistema federal bat daukan Estatu batetako Konstituzio batekin konparatu:

  1. Autonomiko Konstituzio Zuzenbidea eta autonomia erkidego bakoitzeko Konstituzioa gauzatzeko mekanismo formala izateaz landa, Autonomia Estatutuaren funtzio nagusia, hautazko printzipioaren baitan, hark beregain izango dituen konpetentziak zehaztea da.
  2. Autonomia Estatutuak eratzeko eta haien erreforma gauzatzeko konpetentzia ez da instituzio autonomoena esklusiboki. Erreforma hori "prozedura konplexu baten bitartez gauzatzen da, Batzar Legegile autonomikoaren eta Gorte Nagusien esku-hartzea eskatzen duena, hala, Estatutua Gorte Nagusietan onartzen da Lege Organikoaren bidez (81.1 artikulua EE), hala badagokio, erreferenduma egin ostean" (STC 247/2007, FJ 6). Hori dela eta, Autonomia Estatutua "lurralde jakin bateko autogobernuaren borondaterako tresna eta Estatuaren borondatearen adierazpen" gisa hartzen da (STC 247/2007, FJ 6).
  3. Auzitegi Konstituzionalari dagokio, Konstituzioaren eta konstituzionaltasun blokearen bidez, estatuko legedia (baita lege organiko izaera duten Autonomia Estatutuak ) nahiz legedi autonomiakoak betearaztea.