Kontzeptua

Artearen Historia. Neoklasizismoa

Erlijio-arkitekturan garatu ziren forma nagusien artean, planimetriari dagokionez, laukizuzen batean txertatutako gurutz grekoaren formako oinplanoa dugu. Berez, horrela eskalinata eta aurreko atariaren ondoko espazioa guztia bateratzen duen ardatz nagusia indartzen da, eraikin osoaren handitasuna areagotuz. Barrualdean erdiguneko kupula, espazioa esanahi bakarrez hornitzeko elementu nagusi bezala, eta kanpoaldean, estalkien konbinazioak.

Arte

Erlijio-arkitekturan, eraikitako eraikinen kopurua eremu zibilean direnen besteko ugaria ez den arren, eredu interesgarriak aurkitzen dira. Aldia Euskal Herriari dagokionez Nafarroako lurraldean hasten da Iruñako katedralaren aurrealdearen eraikuntzarekin; Ventura Rodriguez arkitekto madrildarrak, San Fernandoko Arte Ederren Akademiako Zuzendariak, eraikitakoa, lan hori barrokoaren eta neoklasikotasunaren arteko iraganaldikoa da, eta antzinako erromatar jauretxeetan iradokituta dago.

Aipatutako aldi horretan Nafarroako lurraldean egindako beste gainerako eraikinen artean Santos Angel de Ochandategui arkitekto nafarrak egindako lana nabarmendu beharra dago; berari zor diogu Garesko Santiago eta Mendañako San Juan Bautista eliza-dorreen eraikuntza, Iruñako San Lorenzo elizako San Fermin kapera, Alloko Andre Mariaren eliza eta oinplano zentralizatuagatik -lauki baten oinarrian egindako gerkar gurutzea- eta erabilitako geometria zorroztasunagatik bere lanik garrantzitsuena Mañeruko San Pedro eliza.

Arte

Araban izan zen garaiko euskal arkitektorik garrantzitsuena den Justo Antonio de Olaguibel arabarra aurkitzen dugu. Bere lanik ezagunenak esparru zibilean egin zituen arren, erlijio-arkitekturan ere Ariñez, Berantevilla, Alegria eta Antoñanako eliza-dorreak, Elciegoko San Andresen sakristia berria, Gamarrako Jasokundearen eta Aberasturiko San Esteban elizen eta Arriagako parrokia-elizaren elizpeak, eta Gasteizko Magdalena lekaimetxea bezalako egitasmo aipagarriak gauzatu izan zituen. Azken honetan, Magdalena komentuan, aurrealdeko antolaketa erabat nabarmentzen da, madrildar lekaimetxeen aurrealde barrokoak soiltasunetik berrinterpretatzen baititu..

Gipuzkoan, lehenengoz eta behin aurreko aldietan egindako elizen osagarri diren elementu formalen eraikuntza da aipatu behar dena. Ateak eta dorreak izan ziren elementurik eginenak, eta euren artean Manuel Martín de Carrerak egindako Oñatiko San Miguel elizako kanpandorrea eta Azpeitian Soreasuko San Sebastian elizako Ventura Rodriguezek diseinatu baina gauzatu gabeko portada ere berezitasunez azpimarratzekoak dira; bertan barrokoaren aztarna bezala arkuek eta zutabeek sortzen duten argi eta itzalen jokoa nabarmendu beharra dago, planteamendu neoklasikoa frontoiaren marren gardentasunean nabaritzen den bitartean.

Hala ere, eredurik garrantzitsuena Silvestre Perez aragoar arkitektoari dagokio. Mutrikuko Jasokundearen eliza aipatutako tipologia horretan, bai bere soiltasun formalarengatik bai bere bolumenen artikulazio modernoarengatik ere, interesgarrienetariko bat da. Tokiko hiri-egituraren erreferentzia sinboliko bezala diseinatuta, lehenengoz eta behin mailadia eta soiltasun muturreko portiko doriko hexastilodunez osatutako bere aurrealdea nabarmentzen da. Lau zutabe doriko exentudun laukidunetik abiatuta diseinatutako oinplanoari dagokionez, erdiguneko espazioa nabarmentzen da, toral motako lau arkutatik barrualdeari espazioaren esanahi bakarra ematen dion ganga esferiko bat sortuz. Kanpoan, horman zuzenean ebakitako kofadura termalek, estalkien jokoak eta bolumenen antolaketak, soiltasuna adierazten dute.

Arte

Bizkaiari dagokionez, oinplano berridun eraikin gehiago aurkitzen ditugun lurraldea dugu. Garrantzitsuenak diren biak Larrabetzuko eta Bermeoko Santa Maria elizak ditugu. Lehendabizikoak, Ventura Rodriguezek egindako jatorrizko diseinu batetik abiatuz egindakoa, laukizuzen baten txertatutako gurutze batez zentralizatutako oinplanodun eredua sartu zuen. Baina lurraldeko egitasmorik garrantzitsuena Silvestre Perezek diseinatutakoa izan zen; Bermeoko Santa Maria elizan laukizuzen baten txertatutako grekar gurutzea eta erdiguneko kupula handi batez estalitako espazioa aipatu behar dira. Garai horretako beste eliza batzuk Aldeakueba, Murueta eta Nabarnizen aurkitzen ditugu.

Hala ere, Bizkaia Euskal Herriko hilerrien eredurik hoberenetariko batzuk zaintzearren nabarmentzen da. Horma-hilobietan hobiratzen den ateburututako eta zutabetutako elizpeko hilobi-sistema bat bezala asmatua, erdigunea baratzerako gordetzen zelarik, mota horietako hilerriak erromatar hirien ereduari jarraitzen dio. Garai horretan neoklasikotasunaren eraikuntza eta dekorazio elementuekin eraiki ziren hilerriak ugariak izan ziren arren, Bizkaian zaintzen ditugun ereduak Elorrio, Aulesti, Abadiño, Dima eta Markina-Xemeingo udalerrietakoak besterik ez dira; Mariano Jose de Lascurain arkitekto arabarrak garaiaren azkenean egindako azken udalerri horretako hilerrian eklektikotasunera hurbiltzen gaituen grekar eta egiptoar tradizio historikoaren irudiak txertatu zituen.