Kontzeptua

Artearen Historia. Neoklasizismoa

Bizi izandako aurkako inguruabar historikoak izan arren, Euskal Herrian eraikitako lanen kalitatea nabarmena izateaz gain gure lurraldeak eztabaida teorikoan lanetariko batzuk eta garaiko arkitektorik interesgarrienetako batzuen ekarpena eginez parte hartu zuen. Zentzu horretan, arkitektura neoklasikoa ez zen berandu eta zehar-bidez gure lurraldera iritsi zen estilo bat izan, arte-zaletasunean XIX. mendeko bilakaera historikori gehiago egokitzen zitzaion eklektikotasunaren estilo berria gailendu zitzaion arte hasieratik eskuratu eta aldeztu zena baino.

Arte

Arkitektura neoklasikoa geometrismo gordina sustatzera zetorren apaingarrien garbiketa eta egitura-argitasunagatik bereziki nabarmendu zen. Arkitekto neoklasikoentzako eraikina bolumen garbi, konpaktu eta hierarkizatutakoetatik, eta geometria soil eta simetrikotik definitzen zen. Horretara, barrokoaren gehiegikeriek ez bezala, arkitekto neoklasikoentzako marrak eta ingeradek ez zuten ez eten ez moztu beharrik, kanpo-bolumenak barrualdea argi erakutsi behar zuen, eta hutsuneak -ate eta leihoak- hormetan, ate-alborik gabe zabaldu behar ziren.

Tipologiei dagokienez, barrokoaren garaian zehar eta politika, ekonomia eta kultura bezalako beste eremu batzuetan ere arinago gertatu zen bezala, neoklasikotasunean tipologia zibilak erlijio mailakoak baino garrantzi handiagoa hartu zuen eta adibide ugariago eta garrantzitsuagoek horrela adierazten dute. Ildo horretan, neoklasikotasunean elizak ere eraiki eta, batez ere hilerriak bezalako tipologia eredu berri interesgarriak garatu ziren arren, botere zibilarekin paraleloan sortu eta bilakatutako estilo bat izan zen.

Gainera, eremu zibila ospitaleak, museoak, antzerkiak edo kaiak bezalako tipologia berriekin aberastu eta hedatu zen, Industria Iraultzarekin, ekonomia garapenarekin eta demografia hazkundearekin batera sortu eta handitzen zihoan eskaria eta aginte zibilari lotutako eraikuntza berezi batzuen inguruko eskabidea asetuz.

Arkitektura zibilaren eraikuntza neoklasikoak xehetasun formalei dagokienez, moldura, mentsula eta karelak bezalako apaindura osagarriak ere baztertzeari ekin zion. Bestalde, egituraren itxura bolumetriko eta trinkoa eta tamaina nabarmentzen ziren. Horretarako, aipamen konposatzaile bakarra izatera iritsi ziren horman zuzenean hustutako kofadura etzanen marrak eta ondo landutako harlandu handiak erabili ziren.

Arte

Nafarroan, Ventura Rodriguezek lan zibil baten bitartez estilo neoklasikoa sartu zuen, Noaingo ubidea. Beste gainerako eraikinei dagokienez, Iruñean antzoki Nagusia -egungo Gayarre antzokia- eta Nafarroako Aldundiaren jauregia aipatu behar dira. Lehendabizikoan, Pedro María de Ugartemendia eta Jose de Nagusia gipuzkoarren lana, bere estilo soila eta kanpo bolumenak barne antolaketa antzematen duen xehetasuna nabarmentzen dira. Bigarrenean berriz, Jose de Nagusiak egindakoa, zaletasun erromantikoa adierazten duten errenazimendu-xehetasunak nabarmentzen dira. Hala ere, Nafarroan garai horretan zehar gauzatutako egitasmorik handizaleena Tafallako Enparantza Nagusia izan zen. Martin de Saracibar arabarrak garaiaren amaieran egindakoa, laukizuzeneko forma dauka, bere beheko solairuan diren aterpeak eta laukizuzen itxurako hutsune xumedun goiko solairu biak nabarmentzen direlarik.

Baina Araban dira berririk gehienak aurkitzen ditugun tokia, Justo Antonio de Olaguibelen lanean hain zuzen. Arkitekto arabar hori, Ventura Rodriguezekin batera, Euskal Herrian, antzinate klasikoa ezagutu bakarrik ez ezik Gasteiz bezalako hiri baten beharrizanei erantzunez inguruan integratzen zekiena erakutsiz, lan xume, zorrotz eta oinarrizko baten bitartez neoklasizismoa sartzearen arduradun nagusia izan zen. Bere bi lan garrantzitsuenak, tipologia horretan, Plaza Berria eta Arkupetxoen etxeak izan ziren, nahiz eta Armentian ere Diaz Espada gotzainaren jauregia egin, non bere xehetasun aipagarrienetako bat bere aurrealde nagusia den. Plaza Berria udalak udaletxe berria egin eta beratatik hiriaren hegoalderanzko zabalgune berria bultzatzearekiko helburu bikoitzez egindakoa izan zen. Oin karratuko enparantzaren diseinua enparantza barrokoen egiturarekin bat zetorren. Berez, etxaurre lauak zituzten lau soilarutan banatuta, bi arkupeetan eta beste biak horien gainean. Aldiz, Arkupetxoen etxeetan helburua hirigune zaharraren eta enparantza berriaren arteko malda atontzea zen; irudi xumezko lengoaiaz eta bere izena hartzen duen arkuteriadun igarobide arkupetuen gainean eraikitakoa dela, eraikin horrek dakarkigun berria, lurraren presioa arintzea ekarri zuten ganga-itxurako espazioetan aurkitzen da. Espazio horiek biltegi bezala erabili ziren.

Arte

Gipuzkoan, neoklasizismoaren lengoaia berritzailearen etorrera ezohiko arkitekto baten eskutik etorri zen: Pedro Maria de Ugartemendia. Bere egitasmorik interesgarriena eta berritzaileena Donostiarako diseinatutako hiri-egituraketa izan zen arren, azkenean egin ez zena, hiri berbereko Konstituzioaren Enparantzan arkitektura neoklasikoarekiko bere kontzepzioa era soil eta xumean ikus dezakegu. Enparantzaren hegaletariko baten eraiki zen Udaletxeari dagokionez, Silvestre Perezen lana izan zen eta bertan, aurrealdea nabarmentzen da. Gainerako Lurraldeari dagokionez, Jose de Eleuterio de Escoriazak egindako Tolosako Euskal Herria Enparantza eta Ordizia eta Orendaingo Udaletxeak, lehenena Alexo de Mirandak egindakoa eta bigarrena Justo Antonio de Olaguibelek egindakoa, aipatu beharko lirateke. Bi eraikin hauetan eredu barrokoa soiltasunez berrinterpretatu egin zehn.

Bizkaiari dagokionez, aroaren hasieratik puntu erdiko arkudun arkupedun eredu barrokoa errepikatzen den Otxandio, Ondarroa eta Balmasedako udalak eta Urduñako eraikin handi baina zurrun eta gogorra den Aduanen etxea eta Gabriel Benito Orbegozoren Atxuriko Ospitale xume, soil eta funtzionalaren eraikuntza bezalako lan garrantzitsuak egin ziren. Ospitaleari dagokionez bata bestearengandik banandutako pabilioien eredu britainiarra hartu zen, ospitale-tipologia berria sartuz. Hala ere, estilo horretan lurraldean egindako asmo handieneko lana Antonio Echevarriak egindako Gernikako Batzar Etxea da; akropoli bat bezala antolatutako eraikuntza-multzo desberdin horretan, erromatarren panteoiaren sarrera bezalako aurrealdearen diseinuari jarraituz egindako Zintokia nabarmentzen da. Arkitekto berarena da ere eredu toskanarreko puntu erdiko arkudun arkupeengatik nabarmentzen den Bilboko Plaza Berria.