Literatoak

Mokoroa Muxika, Justo

Idazlea. Tolosan (Gipuzkoa) jaio zen 1901eko maiatzaren 28an. 1990eko azaroaren 7an hil zen, Bilboko San Sebastian klinikan.

Gurasoak kristau amorratuak bide ziren; izan ere, bederatzi seme-alaba izan zituzten, eta horietarik gehienek erlijio-bidea (eskolapio, josulagun, moja, etab. izan ziren) hautatu zuten ogibidetzat. Zalantzarik gabe, Justoren aitaren, Valeriano Mokoroaren, zaletasunek eta jardunbideek zuzenean baldintzatu eta bideratu zuten semearen geroa.

Valeriano Mokoroa (1871-1941) gizon ezaguna zen Tolosan, liburu-denda eta moldiztegia baitzeuzkan bertan. Irakurtzea ez ezik, idaztea ere gustuko zuen, eta sariren bat irabaztera ere heldu zen; hala nola, Oiartzunen 1897an egindako Euskal Jaian Damuba garaiz antzerki-lan komikoari emandakoa. Horretaz gain, Azkueren Euskalzale aldizkarian ere kolaborazioak egin zituen hasiera-hasieratik, eta Euskal-Erria argitalpenean zenbait poema kaleratu zituen.

Justo Mokoroak eskolapioetan egin zituen lehenengo ikasketak, 1906 eta 1913 artean, eta gazterik hartu zuen (arestian esan dugun bezala, ziur asko gurasoen izaerari jarraikiz) elizgizon izateko bidea. 1913an bertan Tafallara joan zen ikasle, 1914an Peralta de la Sal-era eta 1915ean nobizio-aldia hasi zuen. Apaiz-ikasketak, azkenik, Iratxen eta Zaragozan egin zituen, 1917 eta 1922 artean. Hain zuzen ere, 1922ko uztailaren 15ean apaiztu zen.

Artean, 1920an Eusko Ikaskuntzaren II. Batzarra Iruñean egin zenean, erakundeko kideei Justo Mokoroak egin zien harrera, eta laudorioak besterik ez zituen jaso esandako hitzen truke.

1922/1923 ikasturtean Zaragozako San Tomas ikastetxeko irakaslea izan zen, eta 1924an, Iruñako Merkataritza Akademiako idazkariak lanpostua utzi behar izan zutenean, Justo Mokoroa izendatu zuten idazkari berri. Bi urteren buruan, baina, Ameriketara joan zen lehenengoz, Txileko Santiago hiriburura, eta bertan zazpi urte igaro zituen frantsesa irakasten.

1933an Pantaleón Galeano eskolapioen probintzialak Euskal Herriko probintzia eratzea erabaki zuen, eta horretarako egin behar zen lana handia zela ikusirik, indarrak bildu zituen, hots, hainbat eskolapio bildu zituen bere inguruan, laguntzaile gisa. Horien artean zegoen Mokoroa, 1934a hastearekin batera Txiletik Euskal Herrira itzuli zena, probintziaren antolakuntza-lanetan laguntzeko. Probintzialak bere idazkari izendatu zuen, eta tolosarra buru-belarri aritu zen lanean. 1936ko uztailean Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, ordea, lanak bertan behera utzi zituen Mokoroak, eta Domu Santu egunaren bezperan Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes, Belokeko komentura.

Belokeko beneditarrek harrera ona egin zioten; izan ere, ez zen Hego Euskal Herriko errepresio giro odoltsutik ihesi zihoan lehenbizikoa. Besteak beste, Joxe Miguel Barandiaran ataundarra ere bertan zegoen; Mokoroak eta Barandiaranek elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Tolosarra eskolak ematen hasi zen Beloken bertan, baina handik gutxira Diozesiko Apaizgaitegira joateko deitu zioten, eta han lau urte egin zituen irakasle.

1941. urtea urte latza izan zen: garaia iluna eta larria zen, Hego Euskal Herrian bi urte besterik ez ziren igaro Gerra Zibila amaitu zenetik, eta Ipar Euskal Herrian Bigarren Mundu Gerra bizi-bizirik zegoen. Horretaz gain, urte hartan hil zen Valeriano Mokoroa, Justo Mokoroaren aita. Hasiera batean, Orendaingo eskolapioen komunitatean sartu zen Justo Mokoroa, baina bertan ez zuen denbora askorik egin, eta Ameriketara joan zen bigarrenez, Txilera berriz ere.

Txileko bigarren egonaldia luzeagoa izan zen, bederatzi urtekoa, eta bertan frantsesa eta erlijioa irakatsi zituen. Bere langile-sen etengabeari esker, 1946an Katekesi Batzorde Nazionaleko kide izendatu zuten, eta 1948 eta 1949 artean bertako idazkari. Beste alde batetik, Txileko bigarren egonaldi hartan Euskal Herritik ihesean joandako hainbat euskaldun ezagutzeko aukera izan zuen, tartean kultur gizonak; besteak beste, Estornes Lasa anaiak ezagutu zituen garai hartan.

1950ean sorterrira itzuli zen Erromatik igaro ondoren, baina Gabonetan Madrileko Casa Pompiliana-ra joateko agindua eman zioten. Ez dirudi, baina, Justo Mokoroak agindu hura ondo ulertu zuenik; izan ere, gerora sarri adierazi zuen Madrileko egonaldia denbora-galtzea besterik ez zela izan. Azkenik, 1953an itzuli zen Euskal Herrira, betiko. Tolosan eta Bilbon irakasle egon zen urte hartaz geroztik.

Euskal Herrira itzuli zenean, bestalde, Salamancako Unibertsitateko Euskara Katedra eskaini zioten, baina ezetza eman zuen ez zuelako ezer nahi Franco diktadorearengandik.

Hain zuzen ere, 50 eta 60ko hamarkadetan berpiztu zen euskara batuaren beharrari buruzko eztabaida, eta Mokoroak bere ikuspegia azaldu zuen 1968ko Arantzazuko Biltzarrean. Batasunari batzuk agurka eta beste batzuk aurka izeneko txostena irakurri zuen. Euskara batuaren aurkakoa zen tolosarra, bere ustez ez zelako beharrezkoa. Kultur eta zientzia-gai orokor eta handietarako frantsesa eta gaztelania zeudela defendatu zuen Mokoroak (egoera hori besterik ez zuen ezagutu), euskara esparru txikiagoetan erabiltzekoa zela, eta esparru horietan ez zela euskara baturik behar. Zalantzarik gabe, tolosarrak ez zuen uste euskarak XX. mendearen amaieraz geroztik irabazi duen lekua eta estatusa lortuko zituenik, eta hortik ondorioztatu zuen euskal hizkuntzaren berezko esparruak, aldi berean azken "erresistentzia-lekuak" zirenak, txikitasunera zeudela mugaturik. Orduko euskaltzale gazteek kritika gogorrak egin zizkioten Mokoroaren proposamenari, Lizardiren "noranahiko euskara" lor zitekeela uste baitzuten.

Beste alde batetik, ezagun da euskaldun berriak ez zituela estimutan. Antza denez, tolosarraren ustez, euskara etxetik kanpo edo euren kabuz ikasitakoek ezin omen zezaketen euskaldun zaharren maila eta jatortasuna lortu.