Politikariak eta Kargu publikoak

Ajuriaguerra Otxandiano, Juan

1903ko abuztuaren 6an Bilbon jaiotako politikari bizkaitarra. Hiri berean hil zen 1978ko abuztuaren 25ean.

Bilboko Agustindarren ikastetxean egin zituen lehen ikasketak. 17 urterekin Alemaniara mugitu zen. Han kimika-ingeniaritza ikasteari ekin zion. Dena den, karrera utzi eta Bilbora itzuli zen. Bere sorlekuan industria-ingeniari prestakuntza osatu zuen 1927ko ekainean. Babcock Wilcox enpresan lan egin zuen 1936-1939 bitarteko gerra zibila hasi arte. Jardun horretan zelarik, besteak beste, Luis Arredondo ezagutu zuen.

Aita ideia karlistak zituen eraikitzailea zen eta ama, berriz, liberala zuen. Semeak ikasle zenetik erakutsi zuen euskal nazionalismoarekiko atxikimendua eta "mendigoizale" zeritzen gazte-taldeetako batean sartu zen, hots, nazionalismoaren barnean gizarte-harremanak izan eta norbere burua garatzeko abagunea ematen zuen esparruan. Bigarren Errepublika iritsi eta gutxira Deustuko batzokiko presidente izendatu zuten. 1934an Bizkai Buru Batzarreko (BBB) hautagai izateko aukeratu zuten eta kargua eskuratu zuen. Hala, hasiera batean uko egin bazion ere, 1937ko abuztuaren 28ra arte bete zuen eginkizun hori.

Gerra zibilean zeregin garrantzitsua izan zuen esku artean, milizia nazionalisten arduradun gisa. Eusko Jaurlaritza eratu eta gutxira propagandarako talde bat antolatzeko agindua eman zuen, frankistek Frantzian garatzen zituzten jardunak bertan behera uzteko xedez.

Euskal ejertzitoak Italiako multzo espedizionarioarekin izandako negoziazio zalapartatsuetan parte hartu zuen (Santoñako Ituna) eta, hain zuzen, negoziazio horiek izan ziren Euskal Herriaren historia berriaren pasarte polemikoenetako bat. Lehen harremanak 1937ko ekainaren 25ean izan ziren Da Cunto militar italiarrarekin. Alberto Onaindia eta Pantaleon Ramirez de Olano (Euzkadi aldizkariaren zuzendaria) harreman horien alde azaldu ziren, Italiako agintariekin batzartzeko asmoz. Ajuriaguerra eta Artechek Manzini jeneralarekin (egiaz, Roatta jenerala) batzartuz eman zien segida harreman horiei.

1937ko urriaren 15ean zenbait buruzagi fusilatu zituzten (nazionalistak, sozialistak, solidarioak, komunistak, zenetistak eta euskal ejertzitoko soldaduak) eta, horrenbestez, ituna bertan behera geratu zen. Horren ondorioz, protesta bortitza egin zuen, gose greba, beranduago alboratu zuena Duseo de Santoñan espetxeratutako EBBko kideek hala iradokita. Horien artean Markiegi, Arzallus, Alberdi, Unzueta, Arteche eta Solaun aipatu behar. Ajuriaguerrari heriotza-zigorra ezarri zioten. Hala ere, indultua eman zioten zigor horri zegokionez, baina 6 urte eman zituen kartzelan eta Estatu osoko hainbat espetxe zapaldu zituen denbora horretan (El Dueso, Bilbo, Burgos, Toledo, Linares, Sevilla, Cadiz eta Palma). Urte horietan zehar hainbat zehapen jaso zituen, zigor-batailoi baterako obrak gauzatzeko ingeniaritza-lanak egiteari muzin egin zionean. 1938an Luis Alava Sautu lehengusuarekin jarri zen harremanetan, barnealdean informazio-talde bat antolatzeko xedez, "Araba Sarea".

Kartzelatik barnealdeko EAJren berrantolaketa gidatu zuen eta bera izan zen klandestinitate horretan alderdiko buruzagi nagusia. "Araba Sarea" erori zelarik, Jesus Solaun izendatu zuen barnealdean aurreko taldea desegituratzeko lanari ekiteko arduradun modura. Modu horretan, "Eusko Naia" proiektua gauzatzen hasi zen, hots, EAJren antolaketa paramilitarrerako proiektua. 1942an zehar, Burgosko espetxean zegoelarik, Euskal Bloke Nazionala deritzona sortzen saiatu zen. Ajuriaguerra izan zen "Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Kontseiluko" ordezkaria. 1943ko ekainaren 25ean Palmako kartzelatik irten zen. Iruñera erbesteratu zuten eta Huarte enpresan hasi zen lanean, ingeniari gisa. Bere askapena erabakigarria izan zen alderdia berregituratu ahal izateko. Ajuriaguerrak batasuna eman zien alderdiaren jarduerei, izan ere, beregain hartu zuen hartako buruzagitza.

1943an bertan Pepe Michelenarekin batzartu zen. Harekin batera informazio-zerbitzuaren jarduerak koordinatzen saiatu zen. Hala, agente britainiar eta amerikarrekin aritu zen lankidetzan. Ajuriaguerrak egitura zabaldu zuen, Madrilen beste talde batzuk sortzeko asmoz. Joseba Rezolari eman zion misio hori egiteko ardura eta Elosegui aukeratu zuen bitartekaritza egiteko.

1946an eta EBBk hala eskatuta, klandestinitatera pasa zen berriro. Epealdi horretan alderdiko beste zenbait kiderekin elkartu zen barnealdean, esate baterako, Luis Maria Retolaza, Eusebio Zubillaga, Gerardo Bujanda edota Jesus Insautirekin (Uzturre). Modu horretan, beste bultzada bat eman zitzaion Euskal Erresistentziari.

Denbora horretan alderdiaren biziraupena mantendu eta ziurtatzen ahalegindu zen, bertako gizon sendo gisa nabarmendu zelarik. Frankisten aurkako mugimendu ugarien arduradun nagusietako bat izan zen eta, era berean, garai horretan ospatzen hasitako Aberri Eguna ere hark bultzatu zuen. 1947an "Erresistentziako Batzorde" delakoak sustatutako greba orokorra berrogeiko hamarkadako gertakari azpimarragarrienetako bat izan zen. Urte hartan, buruzagi nazionalistak, Agirre Lehendakariarekin batera, kristau-demokraziaren nazioarteko taldeak eratu zituen Chaud-Fontainen.

Berrogeiko hamarkadaren amaiera aldera Ajuriaguerra, EAJko buruzagi modura, hainbat aldiz elkartu zen "Indar Demokratikoen Aliantza Nazional" delakoarekin eta ordezkari zibil nahiz militar monarkikoekin. Hori guztiori neurritasun-giro batean garatu zen. Hala, giro horretan, EBBak 1949ko martxoaren 5eko deklarazio politikoa onartu zuen, garai horretako garrantzitsuenetako bat, zalantzarik gabe. Deklarazio horren arabera, Euskal Herriaren barnean Gobernua berehala berregituratzeko aukera begi onez ikusten ez zituztenei ateak zabaltzen zitzaizkien. Agirre Lehendakariak eta Ajuriaguerrak babestutako deklarazio hori gobernu errepublikanoaren eta monarkikoaren balizko urreratze baten erdian gertatu zen eta, zenbait buruzagi nazionalista adierazgarrik ukatu egin zuten, esate baterako, Manuel Irujok.

1951ko greba igarota, 1952ko otsailean Frantzian "ezkutatu" behar izan zen behin behinekoz. Bertan peoi gisa aritu zen lanean Lyonen, "Juan Axpe" ezizenarekin. Jazarpenak eta informazio-zerbitzuen antolaketarekin lotuta sortutako zenbait arazok eragin zuten urruntze hori. Denbora gutxira Agirre, Landaburu eta Mitxelenaren bisita jaso zuen, itzul zedila eskatuz.

Frantziatik bidaia klandestino ugari egin zituen barnealdera, Euskadin EAJren borroka, erresistentzia-zerbitzuak, preso politikoen laguntza edota gudakide aliatuen igarotzea berrantolatzeko asmoz. Jarduera horretan beste ezizen batzuk erabili zituen, besteak beste, "Arteche" eta "Ochoa". 1960an Jose Antonio Agirre hil zen eta une horretatik aurrera erabakigarria izan zen bere egitekoa. Hala, Lehendakari berriari, Leizaolari, erabateko babesa azaldu zion eta haren agintea indartu zuen. 1965ean "Espainiako Estatuaren Talde Demokratiko Kristauan" parte hartu zuen Taorminan, Gil Roblesen "Demokrazia Sozial Kristaua", "Kataluniako Batasun Demokratikoa" eta Jimenez Fernandezen "Ezker Demokratiko Kristauarekin" batera.

1969an EBBak alderdiko buruzagitzak eraberritzeko erabakia hartu zuen, kargu horietan gazteak kokatzeko xedez. Hautaketa Udal Batzarren bidez egingo zen. Nolanahi ere, bi urteren ostean, Juan Ajuriaguerra buruzagitzara itzuli zen. Une horretan kide berriak sartzen ari ziren, esate baterako, Xabier Arzalluz.

Burgosko prozesuaren ondoriozko mobilizazioetan (1970eko abendua) defentsako abokatuen alde azaldu zen eta, horren eraginez, Atienzara (Guadalajara) erbesteratu zuten.

Franco hil ostean egin ziren lehen hauteskundeetan, 1977ko ekainaren 15ean, Bizkaiko EAJko hautagaitza-zerrendako buru izan zen. Diputatu izendatu zutelarik, BBBko presidentetza utzi behar izan zuen. Nazionalistek Euskal Herriko Kontseilu Orokorreko presidentetza hartzeko hautagai modura aurkeztu zuten Ajuriaguerra. Dena den, Ramon Rubial sozialistak eskuratu zuen kargua, oso boto gutxigatik. Alderdiko arduradun izaki, Europako indar politiko asko batzen zituzten nazioarteko hitzaldi ugaritan alderdiaren partaidetza bultzatu zuen. Hitzaldi horietan Euskal Herriaren berezitasun eta izaera autonomoa nabarmentzen ahalegindu zen.

1978ko martxoaren 2an Gipuzkoan Euskal Herriko Kontseilu Orokorraren bilkura egin zen. Bertan Euskal Herriko Kontseilu-Gobernu Orokorreko batzorde mistoko presidente izendatu zuten. Instituzio aurre autonomikora konpetentziak transferitzeaz arduratu zen. Kontzertu Ekonomikoak berrezartzea, Batzar Nagusiak eta botereen transferentzia izan ziren garai hartan bere kezka nagusiak. Espainiako Estatuaren egitura federal baten alde agertu zen. Hori argudiatzeko funtsezko lau arrazoi aipatzen zituen:

"Bere kontzientzia nazionala, demokrazia eta partaidetza ulertzeko bere modua, mundu gizatiarragoa, gizakiaren neurrira egokitua, lortzeko premia eta egitura horren eraginkortasuna"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1978ko maiatzaren erdialdera Basurtoko ospitalera eraman zuten. Bertan biriketako tumorea diagnostikatu zioten. Abuztuaren 25an, ostiralez hil zen Lizarran eta atsekabea handia izan zen alderdiaren barruan. Azken hamarkadetan EAJ alderdiko benetako agintaria desagertu zelarik, haren hutsunea betetzeko garaia zen. Txanda hori oso korapilatsua izan zen. Bi politikari garrantzitsu agertu baitziren, alde batetik, Gipuzkoako diputatua zen Xabier Arzalluz eta, beste alde batetik, Euskadi Buru Batzarreko presidentea zen Carlos Garaikoetxea.

Juan Ajuriaguerrak Kongresuan utzitako eserlekua Josu Elorriaga nazionalistak hartu zuen. Bere heriotzaren lehen urteurrenean Bilboko Udalak Bizkaiko hiriburuaren kale bati haren izena ematea erabaki zuen aho batez.