Murgian (Araba) jaio zen 1890eko azaroaren 18an. 1943ko maiatzaren 6an fusilatu zuten.
Lehen ikasketak herri horretako erlijio-ikastetxe batean egin zituen eta, ondoren, Madril eta Belgikara bidaiatu zuen. Han, nekazaritza- eta kimika-ingeniari karrera egin zuen. Beranduago, itsasgarriak eta gelatinak fabrikatzen lan egin zuen.
Madrilen egindako egonaldiaren ondorioz urreratu zen EAJ alderdira. Hamarreko hamarkadan zehar orduantxe sortua zen Gasteizko Euskal Zentroko bazkide egin zen eta, ondoren, Euzko Gaztedikoa, hartako kide azpimarragarrienetakoa izan zelarik. 1917ko martxoaren 7an Euskal Komunio Nazionalistak Gorteetako diputatu izateko hauteskundeetarako hautagaitzan sartu zuen, Murgiako barrutian. Haren hautagaitzak Bilboko Euzko Gaztediaren babesa ukan zuen. 1.503 boto jaso zituen, beraz, 2.926 boto jaso zituen Urquijoren atzetik. Hauteskunde haietan irregulartasun ugari izan ziren eta, ondorioz, protesta handiak izan ziren. Haien ondotik, Luis Alava Guardia Zibilak atxilotu zuen Aretan. Hurrengo urteetan aktiboki lan egiten jarraitu zuen mundu nazionalistaren barruan.
1936ko altxamendu militarra jazo zenean, Gasteizko EAJ alderdiaren Udal Batzarreko presidentea zen. Dena den, ez zen atxilotua izan eta haren bila ere ez ziren aritu. 1937. urtearen amaiera aldera, Jose Antonio Agirre lehendakariak aginduta, Pepe Michelenak antolatutako erresistentzia-sare bat jarri zen abian. Haren funtzioak, besteak beste, preso nazionalistei laguntza ematea, espetxearen eta kanpoko munduaren arteko komunikazioa zabalik mantentzea, ezkututako militante eta jarraitzaileen atxiloketak saihestea (Frantziara ihes egin zezaten laguntza emanez) eta herrialde demokratikoetako enbaxadetara heriotza-zigorrei buruzko informazioa helaraztea ziren.
Sarearen egitura organikoa lurralde bakoitzeko arduradun politiko batek osatzen duen, Delegatu izendatzen zena. Euskal Herrian Gerra amaitu zenetik, Luis Alavak lan garrantzitsua egin zuen preso politiko eta haien senitartekoei laguntza emanez. Hori guztiori aintzat hartu zuen bere lehengusuak, Juan Ajuriaguerra buruzagi nazionalistak. 1938ko azaroan bilera garrantzitsua egin zen Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Delegatuen artean, antolakundeari bultzada berri bat emate aldera. Luis Alava barne-antolakundeko idazkari nagusi izendatu zuten bilera horretan eta bilera orokorren deialdiak egiteko ardura ere beregain hartu zuen. Haren barnean hainbat izendapen hartu zituen, besteak beste, "Vicente", "Victorino" edo "Venancio". Alavak, Gipuzkoako ordezkaritzaren laguntzarekin, sarea estatuko beste zonalde batzuetara hedatzea lortu zuen, esate baterako Burgos eta Galiziara. Horrez gain, preso zeuden euskal apaizekin harreman estuak izatea erdietsi zuen.
II. mundu-gerra lehertu zenean, sarea tropa aliatuei informazio politiko, ekonomiko eta militarra helarazteaz arduratu zen. Barnealdean, Zerbitzu horren ardura Luis Alavaren eskuetan geratu zen. EAJ alderdiko buruzagi ohiak ez zuen jazarpenaren ondorio zuzenik jasan eta nahikoa bizimodu normala egiten zuen. Juan Ajuriaguerrak konfiantzazko kide berriak eskuratzeko lanak agindu zion, organismo ofizialetako informazioa lortzeko gai izango zirenak. Orobat, sare horretako kideak izan ziren hauek: Jose Maria Sanz Eguren, Victor Ruiz de Gauna, Ceferino, Andres Silva, Francisco Madinaveitia eta Victor Gonzalez de Herrero. Alavak azken hori barneratu zuen sarean eta, irrati-peritua zenez, lehen irrati-etxe klandestinoa finkatu zuen bere etxean bertan. Bigarren irratiaz antolakundeko beste kide bat arduratu zen, hain zuzen, Primi Abad. Hori gauzatu ahal izateko Frantziako ejertzitoaren laguntza izan zuten, izan ere, 1939ko uztailean bi morse irrati helarazi zizkieten frantziarrek. Alava Bizkaian delegazio garrantzitsu bat finkatzen saiatu zen, nahiz eta zailtasunak ugariak izan. Horretarako Anacleto Ortuetarekin elkarrizketatu zen (EAJko kide ohia, gerora ANV alderdira pasa zena), zeina, era berean, Bizkaia eta Burgosko espetxetan preso zeuden "Eusko Gudarosteko" komandanteekin jarri baitzen harremanetan. Hala eta guztiz ere, harreman horrek ez zuen emaitza onik ekarri, izan ere, Ajuriaguerra eta Solaunek muzin egin zioten elkartzeari ez baitziren fio militante nazionalista ohiaz.
1937-1940 bitartean Luis Alavak zuzendutako sareak informazio garrantzitsu ugari bidali ahal izan zuen erbesteko Eusko Jaurlaritzara eta, aldi berean, Frantziako ejertzitoari ere helarazi zitzaion. Txosten horietan kontu militarrak aipatzen ziren nagusiki. Hala ere, datu politiko eta erlijiozkoak ere barneratzen ziren. Helburua informazio hori kanpoaldeko argitalpen nazionalistetan erabiltzea zen, hain zuzen, frankisten aurkako propagandetan. Eduki nagusia Francoren ejertzitoaren ("Condor Legioa") antolaketari, aerodromo militarren kokapenari eta Italiako indar legionarioei buruzkoa zen. Txosten horiekin batera, bestelako informazioa ere zabaldu zen, esate baterako: presoen egoera, heriotza-zigorrak (euskal apaizen kasua), egoera soziopolitikoa edota Euskal Herrian karlista eta falangisten artean izan ziren istiluak. Informazio gehiena Alavak antolakundean barneratu zituen beste kide batzuen bidez iristen zen, besteak beste, Sanz eta Poloren bidez.
Alemaniako tropak Parisen sartu eta Eusko Jaurlaritzako egoitza okupatzean antolakundeko hainbat kide atxilotu egin zituzten. Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen egoitzan dokumentu garrantzitsu asko atzeman zuten eta arduradunak atzeratu egin ziren Barnealdeko Zerbitzuari horren berri ematerakoan. Bi jazoera horiek erabakigarriak izan ziren. Luis Alava Gasteizen atxilotu zuten 1941eko urtarrilaren 2an. Bertan irrati-gailu bat konfiskatu zioten, eta baita diru kopuru jakin bat ere. Lehen galdeketen ostean erantzukizun osoa berriki hil zen nazionalista baten gainean ezarri nahi izan zuen. Dena den, ahalegin horrek ez zuen eragotzi talde klandestinoko kide gehienak atxilotzea. 28 ekintzaile atxilotu zituzten, horietako 21 Gerra Kontseilu batek epaitu zituelarik. Epaiketa 1941eko ekainaren 21ean egin zen "Matxinadako Kide" izateko salaketapean.
Lehen epaiketa 1941eko uztailean egin zen. Ondorioz, Alava auzipetu eta kondenatu egin zuten taldeko beste 19 kiderekin batera. Politika arloko pertsona ospetsu asko eta eliza-hierarkiako zenbait kide kontseilu horren aurka azaldu ziren, horien artean, Pariseko Artzapezpikua. Petain Mariskala orduan Espainiako Kanpo Arazoetako Ministroa zen Jose Felix de Lequericarekin elkartu zen eta hainbat gutun helarazi zizkion abuztuaren 16-20 bitartean kondenatuei indultua emateko eskatuz. Baina, eskakizun guztiek porrot egin zuten. Auditorearen desadostasuna zela medio, afera Justizia Militarreko Auzitegi Gorenera pasa zen. Bigarren epaiketa 1942ko irailaren 18an egin zen eta Auzitegi Gorenak Luis Alavarentzat zigor gorena berretsi zuen. Gainerako kideei 20-30 urte bitarteko espetxe-zigorra ezarri zien. Nazionalismoak kanpaina zabala burutu zuen nazioartean hura heriotzatik libratzeko, baina ez zuen lortu. 1943ko maiatzaren 5eko gauean sententzia komunikatu zen eta maiatzaren 6ko goizean fusilatu zuten eskuburdinak ipinita, Andres Asiain preso komunistaren alboan.