Margolari bizkaitar hau 1942ko martxoaren 20an jaio zen Abanto-Zierbenan. Gurutzetan hil zen, Barakaldon, 1990ko abenduaren 25ean.
1956an, batxilergoa amaitu ostean, marrazketa eta pintura ikasketak hasi zituen hainbat zentro libretan. 1960an, figura naturalak margotu eta marraztu zituen. 1964an, Penintsulako leku ugaritan margolanak egin zituen, hala nola Madril, Pontevedra, Cadiz eta Lisboa, Natxo Urrutia margolariarekin batera. Urtebete geroago, Brestera bidaiatu zuen (Frantzia), eta, bertan, hiriko kultura eta arte taldeekin biltzen zen maiz. 1966an, Madrilgo Margo Lehiaketa Nazionalean parte hartu zuen, eta 1967an, Salon del Estioko Margo Lehiaketa Nazionalean, Barakaldon ospatua. SAS taldearekin batera lan egin zuen, 1968an. Taldeko kideak ziren, besteak beste, Will Faber, Nadia Berva, Molinero Cardenal eta Ulises Blanco. Urtebete beranduago, Valladolideko Margo Lehiaketa Nazionalean parte hartu zuen, eta berriz ere Barakaldoko Salon del Estioko Margo Lehiaketa Nazionalean.
1970an, lehen erakusketa indibiduala egin zuen Gasteizko CAM Galerian. Hurrengo urteetan, beste hainbat erakusketa burutu zituen: Santanderreko Besaya Galerian, 1971ean; El pequeño formato erakusketa, galeria berean; Pintores vascos, Bilboko Windsor galerian eta 1 er Certamen de Pintura Vasca, Santanderreko Besaya galerian.
1974an, Babcock & Wilcox Española, S.A. enpresan lanean hasi zen. Urte horretan bertan, Arte-Sport Margo Lehiaketa Nazionalean finalista izan zen, erakusketa indibiduala egin zuen Bilboko Windsor galerian eta Barakaldon Pro libertad de expresión erakusteka kolektiboan parte hartu zuen, Ibarrolarekin, Iñaki Bilbaorekin eta Dionisio Blancorekin batera, besteak beste. Halaber, Bilboko Arte Ederren Museoko Lehiaketa Nazionalean parte hartu zuen. 1975ean, Gran Muestra de Pintura Vasca erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, Bilboko Windsor galerian, eta urtebete beranduago, galeria berean, Homenaje a un pueblo minero. Gallarta izeneko erakusketa indibiduala egin zuen. Baztango haranean (Nafarroa), hainbat artistarekin batera margolanak egin zituen: Apezetxea, Erentxun, Ana Marin, Rezola, Fidalgo, Etxarte eta Arizmendi. Taldeak paisaia baztandarra landu zuen, eta Paisajes de Baztan aurkeztu zuten Elizondoko Udaletxean (Nafarroa). Urte berean, 1976an, "Pintores de las minas" erakusketan parte hartu zuen, Portugaleteko Kultur Etxean. 1977an, hiru horma irudi handi egin zituen Abanto-Zierbenako Udalarentzat, herriko gizonen omenez. Obretan, gizonak lanean margotu zituen, meatzean, itsasoan eta landan. Testuinguru berarekin jarraituz, Bilboko Windsor galerian Dos pintores de las minas obra aurkeztu zuen 1978an, Ismael Fidalgorekin batera. "La naturaleza en la pintura vasca" erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, beste hainbat margolarirekin batera, hala nola Arteta, Vazquez Diaz, Garcia Barrena, Pelayo Olaortua, Largacha Fidalgo eta Perez Diez. Madrilgo Kandinsky galerian erakusketa egin zuen, eta baita horma irudi bat ere, Gallartako Etorkizuna ikastolarentzat. Hurrengo urtean, Bilboko IV Bienal de Pintura ekitaldian parte hartu zuen, eta Juan Prieto poetaren El canto del Urogallo liburuaren irudiak egin zituen.
1980an, De las minas a Baztan erakusketa antologikoa (1970-1980) egin zuen, Arrasateko Okendo galerian. Xabier Saenz de Gorbearen hitzetan:
"Lengoaia xumea eta zuzena du, oinarri dituen helburuen antzera. Paisaia-tradizio euskalduna du abiapuntu, eta ismoetan zehar egindako ibilbide luzean batutako ekarpenekin aberasten du. Bañalesek iraganetik ondorioak ateratzen ditu, beraren nortasunaren arrastoa aberasteko. Argiak inguruan eragiten dituen aldaketak jaso nahi ditu. Horretarako, paisaiak aukeratzean, gizakiaren eta ustiapenaren arrasto nabarmenak dituztenak hartzen ditu. Desitxuratze adierazkorrak erantsi ostean, prozesuaren amaieran azalerari ehundura ematen saiatzen da. Berniza pasta bailitzan lantzen du, euskarri gainean arrastoa utziz. Ezkutuan dago, eta ispiluen moduan distira egiten du eta ingurua islatu. Horrela, ikusmena lausotzen da, obrak adierazten duenak egiten duen bezala".
(Itzulpen moldatua gaztelaniatik)
1981ean, Gallartan Marrazkia adierazpen plastikorako tailerra sortu zuen, eta jarduera horrek umeen prestakuntzan duen garrantziaz programa landua idatzi zuen. Bakarkako erakusketak egin zituen Sestaoko Kultura Etxean eta Bilboko Windsor galerian. Urtebete beranduago, Ortuellako Kultura Etxearen inaugurazioa dela medio, erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen, Sanchez Garciarekin, Momoitiorekin, Etxarte Fidalgorekin eta Ciordiarekin batera. Horrez gain, Getxoko Kultura Etxean "Pintura vasca actual" erakusketa egin zuen. Halaber, erakusketak egin zituen Trapagarango Kultura Etxean, eta baita bi horma irudi margotu ere: eskupilotako eszena bat, Gallartako frontoi-polikiroldegiarentzat eta paisaia industrial bat, Abanto-Zierbenako irakaskuntza ertaineko institutuarentzat. 1983an, Bañalesen obra euskal margoaren gaineko erakusketa kolektibo batean aurkeztu zen, Elizondon (Nafarroa), eta baita Iruñako Gotorlekuaren pabilioietan ere, "Artistas del Baztan" erakusketan, beste hainbat artistarekin batera: Ciga Etxandi, Etxenike, Montes Apezetxea, Rezóla, Ana Marín, Arizmendi eta Fidalgo. 1984an, Fidalgorekin, Zalbidearekin eta Iñaki Bilbaorekin batera, "Pintores de la Margen Izquierda" erakusketan parte hartu zuen, Barakaldoko Zazpi galerian, eta "Las minas y el Baztan" erakusketa indibidualean geroago, Bilboko Arteta galerian.