Pintoreak

Bañales Tajada, Marcelino

Hainbat horma irudi margotu zituen: meatze lanen eszena bat, Otaduy enpresarentzat (Trapagaran); arrantza-portu zaharra, Santurtziko udal liburutegiarentzat eta San Ignacio ermitarentzako irudia, La Arenako hondartzan. Azken horren gainean, artistak honako adierazpen hauek egin zituen, 1985eko apirilaren 25eko "El Correo Español-El Pueblo Vasco" egunkarian:

"omenaldia egin diet Zierbena nire herri arrantzaleko gizonei" "... Itsaso basati eta arriskutsutik bizimodua ateratzen zuen herriaren eguneroko errealitate tragikoak. Hala ere, horma irudian heriotza, izua, itxaropena, elkartasuna, tragedia eta bizitzeko borroka ikus daitezke, eta ulertu nahi duenak zentzu mistiko eta erlijioso handia ere har diezaioke, ez du ahalegin handirik egin beharko".

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Hiru horma irudi horiek 1985ean egin zituen eta, urte berean, Marrazkia taldearekin batera, erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, Portugaleteko CLP Erakusketa Aretoan. Horrez gain, "Homenaje al minero" eskultura-monumenturako proiektua egin zuen, Abanto-Zierbenako Udalak deitutakoa.

1986an, bakarkako erakusketa egin zuen Bilboko Arteta galerian, eta Vivencias de un año bisiesto argitalpenarekin, Abanto-Zierbenako III. Poesia Lehiaketaren lehen saria irabazi zuen. 1987an, Arteta galerian erakusketa egin zuen berriz ere, Zierbenari dedikatutakoa. Muskizeko Kultura Etxearen inaugurazioan parte hartu zuen, Muñoz Condadorekin, Fidalgorekin, Momoitiorekin eta Campos Martinekin batera, eta Exposición de invierno aurkeztu zuen Zierbenako Herriko Tabernan. Berriro ere, erakusketa indibiduala eskaini zuen Bilboko Arteta galerian eta Barakaldoko Herriko Tabernan, 1988an. Horrez gain, Gallarreta lanbide tailerrerako horma irudia margotu zuen, Euskal Herriko lana irudikatuz.

1989. urtean, Marcelino Bañalesen obrak gure mugak gainditu zituen lehenbiziko aldiz: Puertos vascos bilduma osatzen duten obrak Madrilgo Aachen Gallery-n aurkeztu zituen, eta Osakako Unibertsitatearen (Japonia) Arte Garaikidearen Nazioarteko Erakusketan parte hartu zuen. Azken horretan, aipamen berezia egin zioten Bañalesen obrari, eta erakusketa ibiltariak egin zituen Tokioko galeria garrantzitsuenetan. Bilboko Arteta galerian erakusketa egin zuen berriz ere. 1990an, lehen meatze grebaren mendeurrena ospatzeko erakusketan parte hartu zuen Ismael Fidalgorekin batera, Muskizeko Kultura Etxean. Heidelbergeko II S-Kunst galerian erakusketa egin zuen (Alemanian), eta berriz ere Arteta galerian, La ría de Bilbao izenburupean. Kabiezeseko liburutegiarentzat horma irudia margotu zuen, Serantes mendia paisaiatzat hartuta.