Museoak

Aquarium

Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea1 1912az geroztik hezkuntza eta dibulgazio arloan lan garrantzitsua egiten duen instituzioa da; ez itsaspeko munduan soilik, gizona eta itsasoa zuzenean lotzen dituen beste alor batzuetan ere garrantzitsua izan da aipatu elkartea.

Itsas eremuarekin zerikusia duten alorrak dira, hala etnografikoak nola antropologikoak. Argi dago alor horiek ez zirela aitzindari izan Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea sortu zenean, izan ere, garai haietan dagoeneko gai horietan aski ezagunak ziren hainbat museo ziren zabalik.

Horregatik elkartearen lorpen handienetako bat bere egoitza Donostiako moila bitxian eraikitzea izan da. Hori ezinbestekoa izan zen bertan garatzen diren lan-ildoak jorratzeko. Aquarium Itsas Jauregia Kantauri itsasoko fauna bizien lehen bildumatako bat barneratzen duen eraikina da, euskal kostaldeko hondoak hedatzeko xedez. Egiaz ez ziren garai samurrak izan. Halako aquarium-arteak eta itsas zientziak ez zeuden oso aurreratuta eta instituzio enblematiko horretan gailentzen den espiritua txertatzea lortu zuten hainbat pertsonen ekimen ekintzaileari eta ahaleginari zor diogu haien presentzia.

Urte askoan zehar, Donostiako Aquariumak dibulgaziozko eta heziketazko jarrera nabaria izan du. Probintziako eta inguruetako ikastetxe gehienek bertako instalazioak bisitatu dituzte. Hori egiaztatzen duten hainbat dokumentu daude eta ez da irudimen asko behar txikienek gure itsas hondoetan bizi diren izaki paregabeak ikustean ukan zuten harriduraz ohartzeko. Gainera, dibulgazio eta heziketazko asmo hori argi ageri da Agustin Ansa ilustratzaile ospetsuak gida hezitzaile bat taxutzeko egindako saiakeran.2

Jarrera hezitzaile horrez gain, lan-ildo arras interesgarriak jorratzen ziren, urte askoan isilpean mantendu direnak, edo zientziarekin lotutako esparruan gorde direnak finean. Nolanahi ere, Donostiako Aquariumeko instalazioak ezin egokiagoak izan dira Itsas Biologiaren eremuan ezagutza areagotzeko; hala, aurrerago irakurriko dugunez, aitzindari izan da horri dagokionez prestigio handiko beste instituzio batzuekin batera, besteak beste, IEO (Espainiako Ozeanografia Institutua).

Baina garai gogor eta zailak ere izan ziren. Baliabide urri, egoera politiko aurkakoak, etab. Azken batean, Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea erakunde bizia da eta, horrenbestez, egoera berrietara egokitu behar izan da. 1998an, zuzendaritza-batzorde berriak beste bultzada bat eman zion eta une historiko bat abiatu zen: instalazioak areagotu ziren. Horretarako, obra oso handia egin zen, Aquarium Itsas Jauregiaren etorkizunari so ikuspegi berria eman diona: Aquiariumeko instalazio berriak (360graduko tunela duen ozeanario handia, garai haietan bakarra, akuario berriak, etab.), heziketarako tailer eta dinamikak lantzeko gelak, hitzaldiak edota kongresuak hartzeko auditorio ikusgarria. Denbora horretan milaka haur eta gaztek zapaldu dituzte gure instalazioak, bai txikienek bai Biologia Fakultateko ikasle gazteek ere eta, are, zientzia-proiektutan lanean diren kolaboratzaileak. Elkarte arras ezagunek kongresuak antolatu dituzte bertan, esaterako, Aranzadi, Azti edo EHUk. Horrez gain, itsas eremuarekin modu batera edo bestera zerikusia duten pertsona ospetsuak ere igaro dira bertatik. Guztiek kontserbazioa eta ingurumenaren premisak zainduz hezteko premia azpimarratu dute azken garaiotan.

Urte horietan guztietan dibulgaziozko eta heziketazko lan garrantzitsua burutu da eta ildo horretatik jarraitzeko, Aquarium Itsas Jauregiak Itsas Biologiako Master bat antolatzen du Souhthamptongo Unibertsitatearekin, Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta AZTIrekin batera.

12003tik aurrera Ozeanografia Elkartea Fundazio bateko patronatua da, hots, Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioaren patronatua.

2Erakusketa bat egiteari esker (Olatuen arteko kartelak) sekulako harribitxia topatu genuen, dagoeneko garai hartan Donostiako Aquariumeko kide, zuzendari eta teknikariek zuten jarrera hezitzailearen erakusgarri dena.