Museoak

Aquarium

1908.- Irailaren 19an Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea sortu eta hartako estatutuak idatzi ziren.

1913.- Euskal Herriko Ontzigintza eta Ozeanografiari buruzko Erakusketa Historikoa egin zen, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak, Euskalerriaren Adiskideen Elkarte Ekonomikoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta Gipuzkoako Probintziako Institutuan.

1915.- Ozeanografiari buruzko Ontzigintza Museoa inauguratu zen Miramar zinema zaharretan. Museo horrek bisitari ugari hartu zituen eta etorkizunean egoitza berri bat eraikitzeko premiaz ohartarazteko lehen urratsa izan zen, Elkarteko proiektuei babes eta espazio gehiago emango ziena. Urte hartan Odon de Buenek hartu zuen Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko laborategia zuzentzeko ardura, bertako ohorezko zuzendari gisa. Bere seme Fernando de Buen taldekide gisa sartu zen eta lan itzela burutu zuen ikerketa arloan; horri esker, Elkarteak bere lekua egin zuen ozeanografia arloko zientziaren esparruan.

1915-1920.- Urte horietan zehar hainbat proiektu aztertu ziren gerora Aquarium Itsas Jauregia izango zenaren egoitza lekutzeko. Beste leku batzuen artean, Bardocas - Urgull zelaigunea aztertu zen. Azkenik, Aquarium Itsas Jauregiaren eraikina moilaren bukaeran eraikitzea erabaki zen eta Juan Carlos Guerra arkitektoa izan zen eraikina proiektatu zuena.

1925.- Negoziazio luzeen ostean, Aquarium Itsas Jauregia eraikitzeko lanak hasi ziren Donostiako portuaren azken zatiaren eta Pasealeku Berriaren bukaeraren artean kokatutako orube batean.

1928.- Urriaren batean Aquarium Itsas Jauregiaren inaugurazio ofiziala egin zen. Alfontso XIII eta Victoria Eugenia izan ziren bertan Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen presidente Vicente Laffittek egin zielarik harrera eraikin berriaren ataurrean.

1934.- Urte horretan, 1878an harrapatutako euskal balearen eskeleto mitikoa Aquarium Itsas Jauregiko areto nagusian finkatu zen behin betiko.

1945.- Jose Maria Navaz Espainiako Ozeanografia Institutuko (I.E.O.) biologoak Elkarteko laborategiaren ardura hartu zuen. Navaz pertsona erabakigarria izan zen hainbat ikerketa abiarazteko eta liburutegiko funtsak handitzeko, bere ikerketetako dokumentu garrantzitsuak utzi zituelarik ondare modura.

1976.- Ontzigintzaren Historia eta Modelismo sekzioa sortu zen. Denboraren poderioz, sekzio hori funtsezkoa izan zen ontzigintzaren historiari eskainitako solairuari dagokionez, hala, eskalazko modelo ederrak egin ziren bertan. Urte horietan zehar erakusketetan jarri izan dira modelo horiek eta prestigio handia hartu dute ontzigintzaren modelismoaren esparruan.

1980.- Esan daiteke Aquarium Itsas Jauregiko instalazioak hasiera-hasieratik ia berritu gabe mantendu zirela; baina, azkenean, herri-administrazioen babesari esker, Aquarium Itsas Jauregia hobetzeko lehen lanei ekin zitzaien urte horretan.

1983.- Aquarium Itsas Jauregiko barrutiak berritzeko lanak abiatu ziren, instalazioak hobetzeko premiari erantzuteko. Hala, instalazio erakargarriagoak eraiki ziren.

1984.- Donostiako Udalak hiriko Urrezko domina eman zion Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteari.

1991-1993.- Elkarteko aldaketa agian garrantzitsuena emateko proiektua planifikatzen eta garatzen hasi zen. Hots, akuario-eremua handitzea. Proiektu horren xedea, handitze hori gauzatzeaz gain, akuarioen eraikuntzan teknologia aurreratuena barneratzea zen.

1995.- Aquarium Itsas Jauregia handitzeko lan ikusgarriak hasi ziren, izan ere, Urgull mendiaren hegalean hasi zen eraikuntza; horrek, ingeniaritzari dagokionez, zailtasun handiak zekartzan. Juan Manuel Encio izan zen obren gidaritzan izan zen arkitektoa.

1998.- Urte horretako irailaren 7an Aquarium Itsas Jauregia handitzeko obrak inauguratu ziren. Inaugurazio hori agintari guztiek babestu zuten eta pertsona arras ospetsuak bertaratu ziren. Hala, inaugurazioa oso arrakastatsua izan zen, dena den, are arrakastatsuagoa izan zen herritarren erantzuna, izan ere, urte askoan zehar herritar andana hurbildu zen handitze berria ikustera; modu horretan, Aquarium Itsas Jauregia interesgune kultural eta turistiko bihurtu zen.

2001.- 1998ko handitzea burutu ostean, Elkartea beste proiektu batean murgildu zen eraikin zaharreko instalazioak hobetze aldera. Eraikin hartan lekutzen ziren Ontzigintzaren Historiako solairua eta Natura Zientzien solairua. Halaber, beheko solairua berritu nahi zen, "Aquarium zaharra" gisa ezagunagoa zena. Proiektu hori loratzen zen heinean Elkarteak aisia eta kulturaren esparruan betetzen duen lekuari buruzko gogoeta egin zuen, modu horretan, tipologia hori duen gune baten berezko premiak hautemateko. Horretarako, ideien lehiaketa bat antolatu zen eta Sono+Sibina enpresa izan zen irabazlea. Museografian espezializatutako talde horrek ibilbide berritzaile bat planteatu zuen, non Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak garrantzia handiagoa izango duen eta hobekuntzak izango dituen; hori guztiori, Ontzigintzaren Historia eta Natura Zientzien solairuetako elementu tradizional eta ezagunenei muzin egin gabe. Orobat, "aquarium zaharra" eraberritu egin zen akuarioen eraikuntzan espezialista den Frantziako Coutant enpresaren eskutik.

2004.- Auditorioko akuarioa eta Aquarium Itsas Jauregiko jatetxe eta kafetegi berria eraikitzeko lanak hasi ziren.

2006.- Aquarium Itsas Jauregia eraberritzeko lanak hasi ziren. Horrez gain, urte horretan Ingurumen eta Itsas Baliabideen Europako Masterra inauguratu zen. Master horretako antolatzaileak Donostiako Aquariuma, EHU, AZTI-Tecnalia, Southampton eta Burdeos 1 izan ziren.

2007.- Vicente Zaragueta Laffitte jauna 1999az geroztik Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko eta Gipuzkoako Ozeanografia Federazioko presidente ospetsua da, eta bere izaera eta ekimena ezinbestekoak izan dira instituzioak azken 10 urteotan hartu duen norabidea ulertzeko. 2007. urte horretan, I+G+b zentro bat sortzeko asmoa azaldu zuen, espezie pelagikoen ikerketara bideratua; modu horretan, bere aitona Vicente Laffitteren jarrera berritzailea berreskuratu zuen.

2008.- Abenduaren 20an zabaldu zen jendaurrean Itsas Jauregia hartzen duen eraikin eraberritua. Museo berritu eta eguneratu bat barneratzen du eta, horrez gain, fauna tropikalari buruzko akuario berriak eta sarrera berri bat ireki ziren.

2009.- Azaroaren 11n egin zen inaugurazio ofiziala. Bertan izan ziren Juan Carlos Lehena eta Sofia errege-erreginak, Carolina Hannoverreko printzesa alboan zutela. Ekitaldi horretan, gainera, espezie pelagikoen Ikerketa eta Erakusketarako Zentroko lehen harria ezarri zen.