Museoak

Aquarium

Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea ez zen berez sortu, aitzitik, urte askoko ernaldi luze eta neketsu baten ondorio izan zen, modu horretako instalazio bat izatearen premian sinesten zuten hainbat pertsonak bultzatu zutena.

Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea sortzea eragin zuten aurrekariak 1903ko udan hasi ziren. Orduan, Alberto I Monakoko printzea Donostian izan zen, "Alice" yate ikusgarriaren barnean (ur gaineko laborategia zinez), bere kanpaina ozeanografiko ugarietako batean.

1904ko abuztuan "Mary" itsasontziak badia inguratu zuen. Itsasontzi horretan Bordelen kokatutako Gaskoniako Golkoko Ozeanografia Elkartea zientzia arloko misio bat burutzen ari zen, Kantauri itsasoko kanpaina ozeanografiko baten barnean. Donostian Bordeleko Ozeanografia elkartearen aldeko bi pertsona sutsu lekutzen ziren: J.M. Orcolaga meteorologo zaletua, Igeldoko Behatoki Meteorologikoaren sortzailea, eta Udal Museoaren mantentze-lanen arduradun Pedro Manuel Soraluce. Zientzia arloko kanpaina hori bi urteren buruan berriro egin zen "Andre" yatea baliatuz. Orduko hartan, "Andre" yateko misio zientifikoko presidenteak, E. Bertrand eta J.M. Orcolaga eta P.M. Soraluce donostiarrak lagun zituela, Donostian beste azpibatzorde bat (A Coruñan sortutakoaren antzeko ezaugarriak izango zituena) sortzeko izapideak hasi zituen.

1907ko udan Alfontso XIII erregeak Bordeleko Nazioarteko Itsas Erakusketa bisitatu zuen E. Bertrand alboan zuela. Erregeari irrika ernatu zitzaion ikusi zuenaren eta Monako eta Frantzian antolatzen ari zirenaren gainean zekienaren ondorioz.

1908an zehar, Donostian ozeanografia elkarte bat sortzeko ahaleginak batu ziren. Asmo horrek bere emaitzak eman zituen urte horretako irailaren 19an. Orduan batzar eraikitzailea egin zen eta lehen akta jaso zen; modu horretan, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak ordutik burutu dituen jarduerei hasiera eman zitzaien.

Sortu zenetik 1910era arte Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak finean bere biziraupenarekin zerikusia zuten jarduerak baino ez zituen burutu, baina urte hartan, 1910ean, urrats erabakigarri bat eman zen, hau da, elkarteko laborategi ozeanografikoa sortu zen. Barrutia Gipuzkoako Salbamenduen Elkarte Humanitarioak Donostiako moilan lagatako lonja batean lekutu zen, eta arrantzaleentzat zabalik mantentzea adostu zen goizeko hamaiketatik eguerdiko hamabiak arte, haien arreta erakartzeko xedez.

Laborategia antolatzeko Odon de Buen doktoreari eskatu zioten aholku. Doktorea Espainiako Ozeanografia Institutuko zuzendaria zen eta bere semea, Fernando, bidali zuen 1915ean Donostian hilabete batzuk igaro zitzan Elkartearen zientzia-zerbitzua antolatzeko helburuz. 1918an Fernando de Buenek laborategiaren "behin betiko" proiektua aurkeztu zuen, hura Pasealeku Berriko eraiki berrian edo "Itsas Jauregian" kokatzeko asmoz.

Laborategiaren barnean atal hauek barneratu behako ziren: arrantza (arrantzarako lanabesak eta ikerketa ozeanografikoa burutzeko tresnak gordetzeko), aleak prestatzeko gela (museora bideratutako aleak mantentzeko baliagarri izango zena), esperimentaziozko akuarioekin biologia-lanak burutzeko atala (espezie ezberdinen sailkapena egiteko nahiz haien etologia ikertzeko), laborategi kimikoa, argazkilaritzara bideratutako gela iluna eta liburutegia.

Bitartean, eta dagoeneko 1911z geroztik, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak ozeanografiari buruzko Espainiako lehen aldizkaria sortu zuen, Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen Buletina, hain zuzen. Argitalpen horietan, besteak beste, arrantzarekin, ozeanografiarekin edota meteorologiarekin lotutako hainbat artikulu jaso ziren. Gainera, aldizkarian pertsonaia arras ospetsuek parte hartu zuten: Odon de Buen, Fernando de Buen, Rafael de Buen, Juan Miguel de Orcolaga, Alfonso Gandolfi, Jose Mª Navaz y Sanz, etab. Azkenik, 1923an aldizkariaren azken alea argitaratu zen (47. alea); dena den, denboraren poderioz garatzen joan diren lan isolatuak handik aurrera ere argitaratu ziren.

Halaber, urte horietan hainbat kanpaina burutu ziren Armadak helburu horrekin lagatako itsasontzien barnean. Kanpaina horietan planktonekin lotutako korronteak, hozberoak, meteorologia eta harrapaketak ikertu ziren. Halaber, ikerketa horien arduradunak Espainiako Ozeanografia Institutura atxikita zeudela esan behar da, artikulu ugari Gipuzkoako Ozeanografi Elkartearen buletinean editatzen ziren arren.

1921ean zientzia-astea antolatu zen. Zientziaren esparruan garai hartan ospetsuak ziren hainbat pertsona bertaratu ziren hara, esate baterako, Ramon y Cajal, Joubin (Pariseko Ozeanografia Institutuko akademikoa) eta Odon de Buen. Elkarteak bere lokalak handitzeko premiaz ohartarazi nahi zuen proiektu berria abiarazteko babesa jasotzeko xedez. 1922an ozeanografiari buruzko hitzaldi-ziklo bat garatu zen. Bertan izan ziren erregea eta Joubin, Rafael de Buen nahiz Odon de Buen.

Baina argitalpen horiekin batera, lehen aro horretako ekitaldi garrantzitsuena Ontzigintza eta Ozeanografiari buruzko Erakusketa Historikoa (1913) izan zen zalantzarik gabe. Erakusketa horretan Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak modu aktiboan parte hartu zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkarte Ekonomikoarekin batera, helbide honetan ikus daitekeen katalogoan adierazten den moduan. Erakusketa horretan Errege-etxea ere bertaratu zen eta itsas historia, ozeanografia eta natura zientziak dibulgatzeko museo egonkor bat sortzeko mugimendua bultzatu zuen hazia izan zen.

Hurrengo urtean, 1914an, museo egonkorraren ideia abiarazi zen eta eraikin bateko hiru solairu hartu ziren alokairuan, solairu bakoitza gai batera bideratu zelarik: itsas historia, ozeanografia eta akuarioa, nahiz eta azkena ez zen 1917ra arte zabaldu. Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko Zuzendaritzak materia horiek guztiak dibulgatzera bideratutako eraikin bat eraiki behar zela irizten zuen, eta 1914an bertan, lekutze eta irtenbide arkitektoniko ezberdinak aztertzeari ekin zitzaion. Azkenik, 1920an, lekutze egokia topatu zen: inauguratu berria zen Pasealeku Berriaren amaieran, hark eta moilak bat egiten duten gunean. Beharrezko finantzaketa erdiesteko asko borrokatu ostean, 1925ean hasi ziren obrak eta 1928ra arte luzatu ziren.

Aquarium Itsas Jauregia eraiki ostean lau laborategi zabaldu ziren eraikinaren beheko solairuan: bat kimikakoa eta hiru biologiakoak. Horretarako, Fernando de Buenek 1918an emandako argibideak jarraitu ziren; era berean, kontuan hartu ziren Alfonso Gandolfik obrak egiten ziren bitartean emandako jarraibideak.

Hala ere, laborategiaren antolaketa hainbat bazkideren dohaintzei esker burutu zen, izan ere, haien jabetzakoak ziren materialak laga zituzten laborategi horiek behar adina instrumentu eta materialez hornitzeko.

Ikerketa ozeanografikoa garatzeaz gain, Elkarteak beste espazio bat zabaldu zuen, aurrez, 1912an, sortu zen Arrantza Eskola hartzeko, izan ere, bere sorreratik eskola moilan kokatutako parrokia-elizako lokal batean lekutzen zen. Eskola horretan arrantzaleei prestakuntza ematen zitzaien bi arlotan: alde batetik, arrantza eta oinarrizko nautika, arrantzaleei bideratua eta arrantzarako prestakuntza jorratzen zuena, zehatzago esatera, arraien portaeran eta nabigazioko oinarrizko lanabesen erabileran trebatzeko; bigarren arloa makinistari zegokiona zen (sugina), marinelak lurrunezko makinen erabileran trebatzeko, itsasontzi barnean leherketak gertatzea saihesteko xedez.

Orobat, "Xauen" Armadako itsasontziaren barnean udako hainbat kanpaina gauzatu ziren. Horietan korronteak aztertu ziren, plankton-laginak jaso ziren eta ikerketa analitikoak egiteko sakonera ezberdinetako ur-laginak jaso ziren.

Arestian aipatu dugun moduan Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen aldizkaria argitaratzeari utzi egin zitzaion; dena den, horrek ez du esan nahi lan gehiago kaleratu ez zenik, izan ere, ordutik aurrera lan monografikoak egin ziren, batez ere angulari buruzkoak. Arlo horretan Alfonso Gandolfi buru-belarri murgildu zen eta 20 artikulu baino gehiago argitaratu zituen Elkarteko aldizkarian eta beste aldizkari batzuetan.

Aipagarria da, nahikoa hasieratik, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko arduradunek, Vicente Laffitte jauna buru zela, bereziki akuarioan erakusgai jarritako espezieak dibulgatzeko premia ikusi zutela, hori dela eta, 1928-1931 bitartean Aquariumaren lehen gida bat idazteko saiakerak egin ziren eta, horretarako, Donostiako marrazkigile ospetsu batengana jo zuten: Agustin Ansa. Lehen saiakera horiek arrakastarik izan ez bazuten ere, 2001. urtean marrazki horien originalak bereganatu zituen Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak, horretan arreta eta bikaintasun handia jarriz.

Sasoi horretan elkarteak ikerkuntza arloan dinamismoa nabarmen berreskuratu zuela esan daiteke, gehienbat instalazioetan Jose Maria Navaz y Sanz agertu zelako, izan ere, beste ikertzaile batzuk bezalaxe Espainiako Ozeanografia Institutura atxikita egon arren, Aquarium Itsas Jauregian nabarmendu egin zen.

Garai horretan antxoa, sardina, boga eta txitxarroa izan ziren ikergai nagusiak, batez ere, lehen biak. Era berean, Joaquin Gomez Llarena haren laguntzaile gisa jartzea erabaki zen, nahiz eta denboraren poderioz itsas sedimentuen ikerketan espezializatu zen.

Elkarrekin elkarren osagarri ziren ikerketak burutu zituzten. Navazek itsas espezieei buruzko ikerketak egiten zituen eta, Llerenak, berriz, sedimentuak zituen ikergai. Horren adibide da Pasaiako bidaian egin zuten ikerketa, izan ere, bertan Navazek moluskuak hautatu zituen eta Llerenak estuarioetako sedimentuetan jarri zuen arreta.

Garai horretan udako kanpainak egiten jarraitu ziren, hala "Xauen" itsasontziaren barnean nola nazionalitate frantziarra zuten beste batzuetan, esate baterako, "Teodoro Tissier" itsasontzi ozeanografikoan.

Kanpaina ugari egin ziren, garrantzia handia izan zutenak, bereziki Elkartearentzat. Adibide batera, 1958an Elkarteak Espainiako Ozeanografia Institutuarekin lankidetzan egin zuena aipa daiteke. Uztaileko bigarren hamabostaldian Gipuzkoako kostan ikerketa biologiko eta hidrografiko bat egiteko kanpaina bat izan zen, Higerreko lurmuturretik Saturraraneko puntaraino. Uren gazitasuna zen ikerketa-lana, bere aldaerak ere aztertuz, ibaiko ekarpena behatzeko xedez.

Argitalpenez gain, ozeanografiaren eta itsas biologiaren dibulgazioa Navazek eta elkarteko bazkideek (beren ikerketak egin zituzten) emandako hitzaldien bidez gauzatu zen. Zehatzago esatera, 1958an, irailaren 17, 18 eta 20an Navazek "Los medios de ataque y defensa en los animales marinos" (Itsas animalien erasorako eta defentsarako baliabideak) hitzaldia eman zuen, Jesus Aravio-Torresek "Composición y aplicaciones de las algas marinas" (itsas algen konposaketa eta aplikazioak) hitzaldia eta Nicanor Menendez Garciak "La temperatura del mar y la biología marina" (Itsasoaren hozberoa eta itsas biologia) izenekoa.

Urte horietan, zehatzago esatera 1947. urtean, gaur arte luzatu den jarduera bat hasi zen, hau da, itsasoko uraren hozberoa egunero behatzea. Eginkizun hori batere berritzailea izan ez arren, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak itsasoko uraren hozberoari buruzko azterketa historiko osatuena du Euskadin. Horri esker, hainbat instituziok, esate baterako AZTIk, haiek begiratu izan ditu euskal kostaldeko hozberoaren bilakaerari buruzko ikerketa egiteko.

Sasoi horretan ikerketa-lanak nabarmen behera egin zuela esan daiteke, baina bestelako alderdi batzuk indartu ziren, esate baterako dibulgazioari dagokiona. Jarduera horiek guztiek instituzio akademikoen edo ikerketa arlokoen babesa zuten beti.

Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen jarduerak osagarri izan ziren une jakin batean Donostian zabaldu berria zen Kimika Zientzien Fakultatearekin. "Itsas Biologia ikastaroak" antolatu ziren 1972tik aurrera eta doktoratu, lizentziatu, unibertsitateko ikasle eta Irakaskuntza Ertaineko nahiz Lanbide Heziketako irakasleentzat bideratu ziren. Praktikak Elkartearen laborategi eta harraskatan egiten ziren. Ikastaro horiekin batera, Gipuzkoako itsasbazterreko marearteko zabalgune, hondartza, kala eta itsaslabar ia guztietan pilatutako materialen laginketak eta azterketak egin zituzten bertatik bertara. Zenbaitetan itsaso zabalera ere irteerak antolatzen ziren hainbat draga hartuta miaketan aritzeko.

Aurrez adierazi bezala, lehen ikastaroa 1972an egin zen "Iniciación a la Biología Marina" (Itsas Biologiaren hastapenak) izenburupean. Jorge Camp eta Juan Domingo Ros aritu ziren eskolak ematen, garai hartan Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta Arrantza Ikerketarako Institutuko ikertzaile zirenak. Hainbat gai jorratu ziren ikastaroan, hasi protozoo eta itsasoko ornogabeen sistematikarekin eta ikerketarako metodoak eta zientzia arloko zergak ere landuz.

Bigarren ikastaroa 1973an egin zen eta hasieran monografiko gisa antolatu zen, "Invertebrados sedentarios" (Ornogabe sedentarioak) zen bigarrenaren izenburua. Ikastaro horien barnean "Tecnología y artes de Pesca" (Arrantzarako teknologia eta arteak) gaitzat hartuta hainbat hitzaldi eman zituen Rubio doktoreak. Urperatzeak egiteko zenbait irteera antolatu ziren laginak jaso eta aztertzeko.

Hirugarren ikastaroa 1974an egin zen "Algología de nuestro litoral" (Gure itsasbazterreko algen azterketa) izenburupean. J.A. Seoane doktorea izan zen hizlari nagusia, Bartzelonako Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Botanika arloko katedraduna. Orduko horretan ere irteerak antolatu ziren, horietako batzuk itsaspean, flora bertatik bertara ikusteko. Horrez gain, landutako gaiarekin lotutako dokumental espezializatuak proiektatu ziren.

Laugarren ikastaroa 1975ean egin zen "Fitoplancton del litoral vasco" (Euskal itsasbazterreko fitoplanktona) izenburupean. Ordukoan Marta Estrada anderea izan zen ikastaroetako zuzendaria, ordurako ozeanoen lehen mailako ekoizpen arloko ikerketan ospe handia zuena mundu mailan. Beste ikastaroetan bezalaxe, laugarren horretan ere irteera bat egin zen, baina bakarra; eta irteera horretan Itsas Komandantziaren kolaborazioa izan zen bere itsasontzi eta langileak laga baitzituen irteerarako.

Bosgarren ikastaroaren izenburua "Biometría de unidades de población" (Populazio-unitateen biometria) izan zen eta 1977an burutu zen. Manuel Gomez-Larrañeta izan zen zuzendaria, Arrantza Ikerketarako Institutuko Vigoko Laborategiko zuzendaria ere bazena. Praktikak izan ziren ikastaro horretako berezitasuna, izan ere, Scomber scombrus berdel-aleak banatu ziren multzo ezberdinetan, haien tamaina, buruaren luzera, lehen dortsalerainoko distantzia nahiz sexua zehazteko, zakatz-hezurren kopurua zenbatzeko, otolitoak ateratzeko, arrainaren adina asmatzeko eta indize zefalikoa eskuratzeko.

Urte hartan, 1977an, berriro beste ikastaro bat egin zen, seigarrena, "Zooplancton marino" (Itsas zooplanktona) izenburupean. Francisco Vives doktoreak eman zuen ikastaroa, I.I.P-ko (Arrantzaren azterketarako institutua) Bartzelonako laborategiko ikerketa arloko irakasle zenak. Itsas planktonari buruzko urte osoko zikloa izan zen. Planktona espazioan eta denboran nola kokatzen den eta moluskuak, krustazeoak eta arrainak harrapatzerakoan duen eragina aztertu ziren.

1978an egin zen zazpigarren ikastaroa "La ecología de los fondos rocosos del litoral de la costa vasca" (Euskal Herriko kostaldeko itsasbazterreko hondo harritsuetako ekologia) izenburupean. Kasu hartan M. Ibañez irakaslea izan zen jardunaldietako zuzendaria. Irteera ugari antolatu ziren marearteko zabalgune guztietara. Horietan material asko pilatu zen eta organismoak bertatik bertara jaso eta aztertzeko teknika anitzak aplikatu ziren. Gure marearteko zabalguneetan urte-sasoiaren eta zonaldearen arabera egon ohi den aniztasuna azpimarratu zen.

1978an berriro, zortzigarren ikastaroa egin zen "Microfauna y Mesofaunas litorales" (Itsasbazterreko mikrofauna eta mesofaunak) izenburuarekin. Enrique Gadea Buisan izan zen irakaslea, Bartzelonako Unibertsitateko Zoologia Saileko zuzendaria. Bere bi kolaboratzaile izan zituen alboan, M. Ballesteros eta F. Pereira. Horiek biotopo ezberdinekin osatu zuten mintegia: algen ingurunea, itsasoko fanerogamoen hondoa, harea ingurunea, ingurune interstiziala eta substratu gogorreko hondoak.

Bederatzigarren ikastaroa 1979an burutu zen "Seminario de matemáticas aplicadas a la ecología" (Ekologian aplikatutako matematiken mintegia) izenburupean. Ramon Margalef izan zen jardunaldiak garatzeaz arduratu zena, Arrantza Ikerketarako Institutuko zuzendaria eta Bartzelonako Unibertsitateko ekologian katedraduna. C. Gracia eta J. Flos irakasleak izan zituen alboan kolaboratzaile modura. Mintegi horretan ikerketa-metodo batzuei buruzko ikuspegi orokorra aurkeztu zen eta haien aplikazioak zuen zailtasunaz ohartarazteko ahalegina egin zen.

Urte hartan, 1979an, egin zen azken ikastaroa, hots, hamargarrena, "Etnografía del litoral vasco" (Euskal itsasbazterreko etnografia) izenburupean. Felipe Barandiaran aritu zen eskolak ematen. Hainbat gai jorratu ziren: demografia eta arrantza-ekonomia; arrantzarako teknikak eta garaiak, eta arrantzalearen bizitza itsasotik at; azken urteetan izandako aldaketak edo egungo baxurako arrantza.

Ontzigintzaren Historia eta Modelismo taldeak 1978az geroztik bi urtean behin antolatzen dituen (1992az geroztik egiten da bi urtean behin) erakusketena izan da gehien errepikatu den alderdi dibulgatzailea eta gaur arte iraun du gainera. Talde hori orokorrean publiko guztia kontuan izanez dibulgatzen saiatu da; hala, erakusketa horiek Donostian egiteaz gain, Gipuzkoa osoan zehar ezohiko erakusketak antolatu izan ditu; horrez gain, ontzigintzaren historiari eta modelismoari buruzko hitzaldiak eta mintegiak ere antolatu izan ditu.

90eko hamarkadan, Batzordeak bere instalazioetara hurbiltzen zen bisitari kopurua egonkortu egin zela ikusi zuen. Hori dela eta, fundazioa sortzean finkatutako dibulgazioa hedatzeko printzipioa bete asmoz, Aquarium Jauregiko instalazioak handitzeko lanak hasi ziren. Hainbat urte plangintza taxutzen eman ostean azkenik, 1995ean, lan horiek hasi ziren. Horien ondorioz, Urgull Mendiko zonalde bat induskatu egin zen eta espazio horretan kokatu ziren instalazio eta akuario berriak. Lanak 1998an amaitu ziren arrakasta handiz.

Inauguratu ostean, 1928ko eraikinean lekutzen ziren instalazio zaharrak berriki inauguratutako instalazioetara egokitzeko premia hauteman zen. Hori dela eta, une horretatik aurrera, berrikuntza-proiektu bat abiarazi zen, Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen esentzia bisitariarentzat erakargarria izango zen proiektu moderno batean barneratzeko. Aldi berean, Vicente Zaragueta Laffitte presidentea (1999tik aurrera kargu horren jabe) museoa eta akuarioak berritzeko proiektua gauzatzeko finantzaketa eskuratzera bideratutako ahaleginean murgildu zen nekerik gabe. Bere lehen neurria 2002an iritsi zen, Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioa sortu zuenean. Donostiako Aquariumaren misioa eta helburuak bideratu eta erdiestea zen fundazio sortu berriaren egitekoa. Berehala, herri-administrazio anitzen artean finantzaketa egoki bat bilatzeko lanean murgildu zen. Azkenik, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza, Turismo eta Garraio Kontseilaritzak 2004ko azaroan hitzarmen bat sinatu zuten Donostiako Aquariuma eraberritzeko lanak hasteko finantzaketa emateko.

Lanak 2005ean hasi ziren eta bi fasetan garatu ziren: Lehen fasean 1998an abiatutako handitzean zabaldutako espazio anitzak berritu ziren, zehatzago esatera, auditorioan akuario erraldoi bat eraiki zen eta balio anitzeko espazio bat prestatu zen (Nautilus aretoa), besteak beste, erakusketak eta workshop ezberdinak egitera bideratu zena. Horrez gain, espazio txiki bat eraiki zen, obrak amaitu zirenean akuarioko bisitaldiaren hastapen puntua izango zena. Bigarren fasea anbizio handikoa zen eta 2006an abiatu zen 1928ko eraikinaren barne-egituraren eraispenarekin. Eraikina berreraiki eta era guztietako publikoarentzat egokitu zen. Fase horren barnean erreforma museografikoa egiteko lanak barneratzen ziren. Joan Sibina arkitektoa eta Sono enpresa arduratu ziren zeregin horretaz eta akuarioaren egitura Coutant enpresaren eskuetan geratu zen. Bi urteko lanen ondotik, 2008ko abenduaren 20an Aquarium berritua jendartera zabaldu zen; dena den, inaugurazio ofiziala 2009ko azaroaren 11n egin zen errege-erreginak bertan zirela. Juan Carlos Lehena eta Sofia Erregina Donostiara bertaratu ziren Carolina Hannoverreko Printzesa alboan zutela. Horiei eta gainerako agintariei Vicente Zaragueta Laffittek eta Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioko gainerako patroiek egin zieten harrera.

Ekitaldi hartan espezie pelagikoen Ikerketa eta Erakusketarako Zentroaren lehen harria ezarri zen; proiektu horren barnean tokiko zein atzerriko ikertzaileek hainbat espezie pelagikoekin lotutako ikerketak egin ahal izango dituzte, esate baterako, atunei buruzkoak. Horrez gain, publikoak espezie horiek ikusi ahal izango ditu tanga erraldoi baten barnean.