Literatoak

Arrieta Ugartetxea, Joxe Austin (2002ko bertsioa)

1949ko urriaren 26an Donostian (Gipuzkoa) jaiotako euskarazko idazlea.

Donostiako seminarioan ikasketa labur batzuk egin ondoren, 18 urterekin utzi egin zuen. Filologia Erromanikoan lizentziatua. Urte asko daramatza Kutxa aurrezki kutxan itzultzaile lanetan. Donostiako EUTG zentroan (Deustuko Unibertsitatekoa) euskara irakasle ere izan da zazpi urtez.

Poesia eta narratiba idatzi ditu, eta itzultzaile literario gisa ere nabarmendu da. Sariak: Irun Hiria euskarazko nobelagintzan (1978); Irun Hiria euskarazko poesiagintzan (1982 eta 1996); eta Euskadi literatura itzulpengintzan (1995). Bidaia/Termitosti (Ustela, 1978) ipuin liburuaren ondoren, bere lehen eleberria argitaratu zuen, Abuztuaren 15eko bazkalondoa (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1979, Elkar etxeak 1985ean berrargitaratua eta gaztelaniara itzulia (La sobremesa del 15 de agosto, Hiru, 1994). Irun Hiria saria irabazi zuen 1978an.

Hurrengo paragrafoetan Marijose Olaziregi irakasleak Arrietari buruz egin duen ikerketan (Historia de la literatura vasca, UNED, 2000) dioena laburbilduz, formalki ondo ebatzitako lana da eta estrategia narratibo moderno ugari ditu. Historiaren izaera autobiografikoak ez du eragozten eleberria, aldi berean, Donostiak XX. mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan izandako historiaren kronika izatea. 16 urteko apaizgai baten ikuspuntuak artikulatzen du eleberria, 1965eko abuztuaren 15eko bazkalondoa aitzakia narratibo gisa erabiliz, oroitzapenak eta hausnarketak protagonismoa har dezaten. Nobelaren beste ardatz garrantzitsu bat, apaizgaiaren diskurtsoaz gain, familiako aitarena da, Espainiako Gerra Zibilean, euskal bando nazionalistan, izandako ibilerak gogora ekartzen dituena. Bi diskurtsoak bigarren pertsonan daude pertsonaien arabera erregistro linguistiko ezberdinak erabiliz, maisutasun handiz Olaziregiren arabera, azkenean euskal errealitate konplexua oso egoki irudikatuz. Irakasle honek uste du familia horren bidez euskal gizartearen erretratu politiko eta kulturala eskaintzen dela eleberrian.

Hurrengo eleberria, Manu militari (Elkar, 1987), aurrekoa baino dezente luzeagoa eta konplexuagoa da. Narratzeko egintzari buruzko gogoeta oso bat planteatzen du. Birtuosismo estilistiko handiko metanovela da. Istorio nagusia Iñaki izeneko errekruta batek Donostian bizi den neska-lagunari Melillatik bidaltzen dizkion gutunei buruzkoa da. Hondo autobiografiko ukaezina ere badu, eta diktadura frankistan belaunaldi batek partekatutako hainbat bizipenen narrazioa izan nahi du (testua 1973ko apirilean datatuta agertzen da). Eleberriaren beste ezaugarri bat testuartekotasuna da: narratzaile bat zine zuzendari bihurtzen da, Erdi Aroko monasterio bateko eskribau, polizia-telefilm bateko detektibe... eta Iñakiren eta bere neska-lagunaren gutunak testuinguru horietako bakoitzean transzenditzen ditu. "Gure ustez, gehiegizko testuartekotasun horrek eragozten du eleberriak guztiz funtzionatzea", idatzi du Olaziregik.

Ondoren, 1997an, Arrietak Labur aroz (Txalaparta) argitaratu zuen, aurreko 22 urteetan idatzitako narrazioen bilduma. Material gehienak argitaragabeak ziren, baina Bidaia eta Termitosti ipuinak ere bazeuden.

Poesia liburu hauek ere idatzi ditu: Arrotzarena/Neurtitz neugabeak (CAP-Kutxa, 1983), Bertso-paper printzatuak (Elkar, 1986), Mintzoen mintzak (Elkar, 1989) eta Graffitien ganbara (Kutxa, 1996). 2001ean XX. mendeko poesia kaierak bilduman antologia poetikoa eskaini zitzaion. Obraren hitzaurrean, Koldo Izagirrek honela deskribatu zuen Arrietaren zeregin poetikoa:

"Arrietak bere mundu propioa islatzen du poemetan: nerabearen tristura, zapalduekiko elkartasuna, egunerokoaren gogaita, maitatzearen poza, aberriaren kezkak... Maila formalari dagokionez, asko landutako poesia da. Hizkuntza baliabide asko menperatzen dituenez, Arrietak kontu handiz aukeratzen ditu hitzak. (...) Hiztegi aberatsari metrikarekiko interesa gehitu behar zaio. Bertso libreetan kadentzia lortzeko sena erakusten du, eta metrikari lotutakoetan perfekzio handi baten alde ahalegintzen da".

Arrieta itzultzaile ezaguna da, eta frantseseko, ingeleseko, katalaneko eta alemaneko lanak itzuli ditu euskarara: Hadrianoren oroitzapenak (Marguerite Yourcenar), Eulien ugazaba (William Goldwing), Beirazko giltzak (Jaume Fuster) eta Homo Faber (Max Frisch), guztiak Elkar argitaletxeak argitaratuak.