1949ko urriaren 26an Donostian (Gipuzkoa) jaiotako euskarazko idazlea.
Donostiako seminarioan ikasketa labur batzuk egin ondoren, 18 urterekin utzi egin zuen. Filologia Erromanikoan lizentziatua. Urte asko daramatza Kutxa aurrezki kutxan itzultzaile lanetan. Zazpi urtez Donostiako EUTG zentroko euskara irakaslea ere izan da, Deustuko Unibertsitatekoa.
Poesia eta narratiba idatzi ditu, eta literatur itzultzaile gisa ere nabarmendu da. Hainbat sari jaso ditu: Irun Hiria euskarazko eleberrigintzan (1978); Irun Hiria euskarazko poesiagintzan (1982 eta 1996); eta Euskadi literatura itzulpengintzan (1995).
Bere lehen argitalpena Bidaia/Termitosti (Ustela, 1978) ipuin liburua izan zen. Ondoren, 1997an, Labur aroz (Txalaparta) argitaratu zuen Arrietak, aurreko 22 urteetan idatzitako narrazioen bilduma. Material gehienak argitaragabeak ziren, baina Bidaia eta Termitosti ipuinak ere bazeuden.
Eleberriaren alorrean, 1979an argitaratu zuen bere lehen lana, Abuztuaren 15eko bazkalondoa (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa), Elkar etxeak 1985ean berrargitaratua eta gaztelaniara itzulia (La sobremesa del 15 de agosto, Hiru, 1994). 1978an Irun Hiria saria irabazi zuen.
Hurrengo paragrafoetan Marijose Olaziregi irakasleak Arrietari buruz egin duen azterketan (Historia de la literatura vasca, UNED, 2000) esaten duena laburbilduz, formalki ondo konpondutako lana da eta estrategia narratibo moderno asko ditu. Historiaren izaera autobiografikoak ez du eragozten eleberria, era berean, Donostiaren XX. mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetako historiaren kronika izatea. 16 urteko apaizgai baten ikuspuntuak artikulatzen du eleberria, 1965eko abuztuaren 15eko bazkalondoa aitzakia narratibo gisa erabiliz, oroitzapenak eta gogoetak protagonismoa har dezaten. Nobelaren beste ardatz garrantzitsu bat, apaizgaiaren diskurtsoaz gain, familiako aitarena da, Espainiako Gerra Zibilean, euskal bando nazionalistan, izandako ibilerak gogora ekartzen dituena. Bi diskurtsoak bigarren pertsonan daude pertsonaien arabera erregistro linguistiko ezberdinak erabiliz, maisutasun handiz Olaziregiren arabera, azkenean euskal errealitate konplexua oso egoki islatuz. Irakasle honek uste du familia horren bidez euskal gizartearen erretratu politiko eta kulturala eskaintzen dela eleberrian.
Hurrengo eleberria, Manu militari (Elkar, 1987), aurrekoa baino dezente luzeagoa eta konplexuagoa da. Kontatzeko egintzari buruzko gogoeta oso bat planteatzen du. Birtuosismo estilistiko handiko metanovela da. Melillatik errekluta batek, Iñaki, Donostian bizi den neska-lagunari bidaltzen dizkion gutunen ingurukoa da istorio nagusia. Hondo autobiografiko ukaezina ere badu, eta diktadura frankistan belaunaldi batek partekatutako hainbat bizipenen narrazioa izan nahi du (testua 1973ko apirilekoa da). Eleberriaren beste ezaugarri bat testuartekotasuna da: bada narratzaile bat, bata bestearen atzetik, zinema zuzendari bihurtzen dena, Erdi Aroko monasterio bateko eskribau, polizia-telefilm bateko detektibe... eta Iñakiren eta haren neska-lagunaren gutunak transkribatzen ditu testuinguru horietako bakoitzean. "Gure ustez, gehiegizko testuartekotasun horrek eragozten du eleberriak guztiz funtzionatzea", idatzi du Olaziregik.
Terra Sigillata (Txalaparta, 2008) da argitaratu duen azken eleberria.
Poesia liburu hauek ere idatzi ditu: Arrotzarena/Neurtitz neugabeak (CAP-Kutxa, 1983), Bertso-paper printzatuak (Elkar, 1986), Mintzoen mintzak (Elkar, 1989) eta Graffitien ganbara (Kutxa, 1996) eta Orbaibar (Kutxa, 2003). 2001. urtean XX. mendeko poesia kaierak bilduman antologia poetikoa eskaini zitzaion. Obraren hitzaurrean, Koldo Izagirrek honela deskribatu zuen Arrietaren zeregin poetikoa:
"Arrietak bere mundu propioa islatzen du poemetan: nerabearen tristura, zapalduekiko elkartasuna, egunerokoaren gogaita, maitatzearen poza, aberriaren kezkak... Maila formalari dagokionez, asko landutako poesia da. Hizkuntza baliabide asko menperatzen dituenez, Arrietak kontu handiz aukeratzen ditu hitzak. (...) Bere hiztegi-aberastasunari metrikarekiko interesa gehitu behar zaio. Bertso libreetan kadentzia lortzeko sena erakusten du, eta metrikari lotutakoetan perfekzio handia lortzeko ahalegina egiten du".
Arrieta itzultzaile ospetsua da, eta frantsesezko, ingelesezko, katalanezko eta alemanezko lanak euskaratu ditu: Hadrianoren oroitzapenak (Marguerite Yourcenar), Eulien ugazaba (William Goldwing), beirazko giltzak (Jaume Fuster), Homo Faber (Max Frisch) eta Denbora galduaren bila -Swannetik (Marcel Proust).
2013an Berriro eta behin saiakera argitaratu zuen, bere bi idatziekin. Euskal kultur ekoizpen garaikidearen transmisioaren gaia jorratzen du batek, eta Txillardegiren lanari buruzko hainbat gogoeta mamitzen dira beste batean.