Abesbatzak

Araba Abesbatza

Abesbatza 1968ko udaberrian Manu Sagastumek bildutako gasteiztar gazte lagun talde batek sortu zuen. Hilabete batzuetan Atton Letek egindako lanaren ondotik, urrian Sabin Salaberri batu zen. Azaroan abesbatzari Araba izena jartzea adostu zuten. Hasieratik, garai horretako egoera soziopolitikoari lotutako melodia berrien interpretazioan eta herriko musikaren sakontzean ardaztu ziren. Hala ere, bere errepertorioa ez da soilik euskal koru musikara mugatzen, batez ere gaur egungo zein antzinako polifoniara zabaltzen baita eta musika sinfoniko koralera eta kantu gregorianora ere bai.

Hasiera batean entseguak Dato kalean zegoen "Cafe Suizo" delakoaren gainean zeuden gela batzuetan egiten ziren eta 1969rako hainbat kontzertu eskaini zituzten, besteak beste Bakea kalean izan zen Amaya Antzokian, desagertuta gaur egun. Guztiarekin, lehen zazpi urteak oso gogorrak izan ziren errepresio frankista zela eta. Besteak beste, kantaldiak hasi aurretik testuen zentsura zegoen eta abesbatzako kideren batek estatuko aparatuen mehatxuak ere jaso izan zituen. 1976ra arte Arabako Ahaldun Nagusi izan zen Manuel Maria Lejarretari esker, abesbatza instituzio horretako organo zen Kultura Batzordean sartu zen, Carlos Perez Etxeberria buru zela. Kultura diputatu eta abesbatzako kide ohi Peli Marin Latorrek abesbatzaren 25. urteurrena zela eta, hau zioen:

"...euskal hizkuntzan egiten ziren adierazpen artistikoak mugatzen zituen orduan agintzen zuen sistema politikoaren aurreiritzi moldeak apurtzen ari ginen, eta gure hizkuntzan egiten genuen musika korala lan ederra bezain arriskutsua zen".

Hamarkada honetan Araba Abesbatzak hamaika kontzertutan parte hartu du, interpretazio koral estilo berezkoa garatuz. Taldearen maila 80ko hamarkadan finkatu zen, 1984an Antton Lete zuzendaria zela, Arezzo eta Tolosako nazioarteko abesbatzen lehiaketetan sariak lortu zirenean. Horrela, Deia egunkariko 1984ko abuztuaren 24ko edizioan agertu zen titularrak hau zioen: "El coro Araba, medalla de plata en el certamen internacional de Arezzo" eta zilarrezko domina hori kantu gregorianoan lortu zuen. Deigarriena kantu kategoria horretan sartu behar izan zutela izan zen, polifonian ezin izan baitzuten parte hartu, lehiaketara aurkeztu ziren ahots baxuetako hainbat abesbatzen artean hautatua suertatu zen bakarra izan zelako. Hori zela eta, antolatzaileek ahots baxuetarako kantu polifonikoa kendu zuten kategoria gisa. Kantu gregorianoko obrak azkar batean prestatu behar izan zituzten, bigarren saria oso txalotzekoa izan zen, beraz. Hilabete batzuk beranduago, azaroaren 5eko Egin egunkariko artikuluak zioen bezala, Tolosako Nazioarteko XVI. Abesbatzen Lehiaketan brontzezko domina lortu zuten Donosti Ereskiko Schola Gregorianista eta Austriako Kammerchor des Musikgymnasiums Wien taldeen atzetik.

Arezzon izandako lorpenaren ondotik Araba Abesbatzak Italian, Hungarian eta Suitzan kantatzeko hainbat eskaintza jaso zituen baina asko erantzun gabe geratu ziren dirua zela kausa. Hori ez zen Lisboan 1985eko ekainaren lehenengo asteburuan arrakasta izateko oztopoa izan, Portugaleko hiriburuko Aste Musikal-Koraleko izar gonbidatua baitzen. Taldeko kideek oso gogoan dute Sabin Salaberrik ahots, koru eta pianorako konpondutako Luis Aranbururen Argia kanta interpretatu ondoren jasotako txaloaldi luzea.

Ordutik hona, Araba Abesbatza ez da maiz koru lehiaketetan izan. Heldutasun koralera iritsi ostean, egitasmo musikal jakin batzuetan jardun zen, Araban hamaika kontzertu eskaintzeaz gain. Adibide bezala, Europa Cantat festibalean hainbat aldiz parte hartu zuen, Estrasburgon, Pesten zein Gasteizen; Jesus Guridiren Mirentxu operan Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kolaboratu zuen eta Vitoria-Gasteizko Udal Bandarekin ahots baxuetarako Rheinbergerren Meza si maiorrean interpretatu zuen, besteak beste. 1986an Manu Sagastumek hartu zuen abesbatzaren zuzendaritza. Horrekin, partitura berriak sartu ziren; Errenazimentuko, Erromantizismoko eta musika garaikideko obrak landuko dira ordutik aurrera.

90etan abesbatza hainbat egitasmo diskografikotan sartu zen. Aurretik taldeak bakarka Araba izeneko LP bat grabatu zuen, 1971an argitaratua eta Sabin Salaberrik zuzendua. Urte horretan bertan, Usandizaga etxeak argitaratutako Euskal Abesbatza Antolojiako 2. alean parte hartu zuen beste abesbatza batzuekin batera. Aipatzekoa da Luis Aranbururen Argia kanta Así canta Álava (1985) diskorako interpretatu izana. Era berean, Arabako Foru Aldundiko txistulari bandaren 50. urteurrena ospatzeko Salaberriren Euskadun bioletea grabatu zen (1985) eta Alfredo Donnayren omenez Del Solar Alavés (1986) argitaratutako diskoan "En vano", "Como esta noche" eta "Padre Sol" kantekin parte hartu zuen. Grabazio hauek egin ondotik, 1990an egitasmo handiago bati ekin zion abesbatzak, hain zuzen ere Vicente Goikoetxearen eta Jesus Guridiren ahots baxuetarako idatzitako obrak grabatzea, Elkar argitaletxeak kaleratutako diskoa. Horrekin Arabako bi musikari unibertsalenetarikoen obra ezagutaraztea bilatu zen. Sabin Salaberrik abesbatzetarako idatzitako lanak beste CD batean grabatu ziren 1997an; Sabin Salaberriren Lana Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren babesarekin argitaratu zen, orduan Aitor Saez de Cortazarrek zuzentzen zuen Samaniego Abesbatzaren eta Roberto Ugarteren zuzendaritzapean zegoen Araba Abesbatzaren parte hartzearekin.