Abesbatzak

Araba Abesbatza (2008ko bertsioa)

Honako abesbatza hau Gasteizen sortu zen 1968an Manu Sagastume buru zuten bertako hainbat gazteren eskutik.

Abesbatzako lehen zuzendaria Sabin Salaberri izan zen, aldi berean Gasteizko Seminarioko Schola Cantorum abesbatzako zuzendari ere zelarik.

Hasiera hasieratik musika polifonikoa eta eliz gregorianoa lantzen dute. Era berean, euskal herri musikaren moldaketak eta Sabin Salaberriren sormenezko lan berriak ere jorratzen dituzte, abesbatza bera sortu zen giro sozio-politikoarekin bat eginik. Espainia, Frantzia, Italia, Portugal, Hungaria eta Belgikako hainbat hiritan emanaldiak eskaini dituzte.

Horrez gain, beste hainbat grabaketa ere burutu dituzte, esaterako, Juan Oñatibiak zuzendutako Antología Coral Vasca bildumarako eta Donostiako Herri-Gogoa lanerako. Era berean, Gasteizko Elizbarrutiko Seminarioa eraikitzearen 75. urteurrena ospatzearren 2005ean burutu zen grabaketan parte hartu zuen.

Sabin Salaberrik zuzendaritza utzi ostean, beste hauek izan ditugu postu horretan: Antton Lete, Manu Sagastume, Roberto Ugarte, Angel Alday eta, 2007an, Aitor Saez de Cortazar.