Abesbatzak

Araba Abesbatza

Mende honetan nabarmendu beharko genituzkeen jardueren artean Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) eta beste abesbatza entzutetsuekin (Errenteriako Andra Mari, Donostiako Easo, Algortako Biotz-Alai edo Iruñeko Voces Graves) batera burututako proposamen diskografikoak eta bestelako egitasmoak daude.

2003. urtean Aitor Saez de Cortazar Junguituk hartu zuen Angel Aldayk abesbatzaren zuzendaritzan utzitako lekua. Saez de Cortazarrek Samaniego (2009.urtera arte) eta Araba abesbatzen zuzendaritza uztartu zituen urteetan Gasteizko Elizbarrutiko Apaizgaitegiaren babesarekin beste egitasmo diskografiko bat sortu zen. 2006. urtean bi abesbatzok, Daniel Oyarzabal eta Antton Letek zuzendutako Gasteizko Abesbatza Gregorianoarekin batera, apaizgaitegiaren 75. urteurrena ospatu zuten bertako maisuen obrak grabatuz (Vicente Goikoetxea, Julio Valdes, Luis Aranburu, Emiliano Ibargutxi eta Sabin Salaberri, besteak beste).

Taldeak 2008an 40. urteurrena ospatzeko Argentinan barna kontzertu batzuk eskaini ondotik, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) denboraldiaren irekiera kontzertuan parte hartu zuen, Cherubiniren Requiem-a kantatuz Donostiako Easo, Algortako Biotz Alai eta Iruñeko Voces Graves abesbatzekin batera. Günter Neuhold-ek orkestra zuzendu zuen lehen kontzertua izan zen, Juanjo Mena arabarraren lekukoa hartuz, Araba Abesbatzako kide ohia, azken hori. Lau urte beranduago, 2012an, Araba Abesbatzak orkestra bilbotarraren 90. urteurrenean parte hartu zuen Arnold Schönberg-en "Gurre-Lieder"ak interpretatuz Errenteriako Andra Mari eta Donostiako Easo abesbatzekin batera, eta Anne Schwanewilms, Lilli Paasikivi, Stig Andersen, Jon Fredric West, Arnold Bezuyen eta Fernando Latorre bakarlariekin batera, martxoaren 8an eta 9an egin ziren bi funtzioetan. Urte horretan bertan abesbatzak Gasteizko Santa Maria katedralaren ("katedral zaharra" izenez ezaguna) berrirekiera mezan parte hartzeko konpromisoa hartu zuen. Katedralaren behar arkitektonikoak zirela eta, bi urteko atzerapenen ondotik, 2014ko ekainaren 8an Gasteizko Elizbarrutiko Gotzain Miguel Asurmendik eskainitako mezan parte hartu zuen Gasteiz Cameratarekin batera, besteak beste Vicente Goikoetxearen hiru ahots berdinentzat idatzitako eta Candido Alegriak hari laukoterako konpondutako Missa in Honorem Immaculata Conceptioni] Beata Maria Virginis eta jatorriz lau ahots baxuentzat eta organorako idatzitako eta Sabin Salaberrik organo eta hari laukoterako konpondutako Tantum ergo en Sol obrak interpretatuz.