Monarkia eta noblezia

Antso Gartzes II.a Abarka

985ean, Antso erregearen indarrek Pirinioak zeharkatu zituzten Gaskoiniako Guillermo Sanchez dukeari laguntzeko, normandiarrek kostaldea hartuta baitzuten. Bordeleko gotorlekua eta Baionako hiria ziren mehatxatuenak. Laguntzera joan aurretik, Iruñeako mugetan neurriak hartuak zituen jada. Erregeak gaztelauek eta katalanek gerraren pisu osoa hartuko zutela espero zuen, eta, gainera, printzesa baskoi baten eta Almantzor buruzagiaren arteko ezkontza ospatu berria zen. Guillermo Sanchez Antsoren koinatua zen, Urraka (Antsoren arreba) harekin ezkondu baitzen, Fernan Gonzalez Gaztelako kondearen alargun geratu eta gero. Antso erregeak piratei aurre egin zien Tallerren, Catetsetik gertu, eta normandiarrak garaitu zituen. Garaipenaren oroimenez, Guillermok San Severo (Saint-Sever) monasterioa eraiki zuen, batailaren aurretik laguntza eske hel egin baitzioten santu horri.

Iruñeako erregeak itzulerako bideari ekin zion, eta Pirinioetako pasabidea itxita topatu zuen, elurte handi baten ondorioz. Erresumako lurraldeek ez zuten inolako babesik hegoaldeko musulmanen erasoen aurrean, eta arerioa egoera horretaz baliatuz, Iruñeara iritsi zen. Gertaeraren berri izan bezain laster, Antsok berehala erantzun zuen: abarkak janzteko agindu zien soldatu guztiei, eta aurrera egin zuen, Orreaga zeharkatuz, ziur aski. Iruinsemeek aurrera egin zuten, izugarrizko hotza pairatuz. Arin batean jaitsi ziren. Egun gutxitan, Iruñeako hormetara iritsi ziren, eta hiria inguratuta zuen etsaia ustekabean harrapatu zuten. Armada musulmanak atzera egin behar izan zuen, mugaraino.