Monarkia eta noblezia

Antso Gartzes II.a Abarka

970an tronua eskuratu ondoren, Antso Gartzes II.a erresumako eskualde eta toki garrantzitsuenetan barrena ibili zen. Erregearen segizioa 971an iritsi zen Echoko ibarrera, San Pedro egunean, tokiko monasterioaren zaindariaren jaiegunean, alegia. San Pedro de Siresako monasterioan, erregeak Jabierregay herriko monasterioari aspaldi egindako dohaintza berretsi zuen: etxeak, mendiak eta mahastiak, lurrak eta baita Aragoi ibaia ere. Gainera, erregeak Jabierre de Martes herria eman zion dohaintzan, bertako barruti guztiekin. Gero, bere segizioa Errioxara eraman zuen. Abenduaren 10ean, Santa Eulalia de Arrezo edo Areso herrian zegoela, San Millaneko monasterioari Villagonzaloko herriak eman zizkion (Badaran), Naiara eta Cordobin herrietatik gertu. Urtebete beranduago, uztailaren 14an, Huercanos herria eman zion monasterio horri.

972. urteko udan, erregeak eta haren segizioak Errioxako eskualdeak bisitatu zituzten, musulmanen aurkako aurreko gerretan suntsituta geratu zirenak.

Nahiz eta eskualde horiek urteak zeramatzaten gatazkarik gabe, oraindik ez ziren suspertu, ez demografikoki ezta ekonomikoki ere. Zirueñan geldialdia egin zuten, eta, bertan, jenderik gabeko eremu batean, monje batzuk Antso beren abadearekin San Andresen omenezko monasterio bat eraiki berri zutela ikusi zuten.Antxo Abarka erregeak monasterioari inguruko eremu hutsak dohaintzan ematea erabaki zuen, eta, horrez gain, eskualdea aberasteko helburuz, biztanle-forua eman zien paraje horietan bizitzera joaten zirenei.