Monarkia eta noblezia

Antso Gartzes II.a Abarka

981. urterako, Almantzor buruzagiaren mende zegoen kaliferria. Al-Hakam 976. urtean hil zen, Hisam II.a haren oinordekoak 11 urte zituela. Kalifaren gertuko inguruan, oinordekotzaren gaineko arazoak hasi ziren berehala, eta, azkenean, Hisam izendatu zuten. Almantzor buruzagiak atzean utzi zituen boterea lortu nahi zuten beste etsaiak. Subh sultanaren emaztearen konfiantza lortu zuen, eta 978an, hayib bihurtu zen. Hisam konplot batean erortzetik libratu zuen 979an, eta haren babesle eta dinastiaren salbatzaile bihurtu zen. Artean, Hisamek Kordobako jauregian igaro zuen haurtzaroa, isolatuta eta zaintzapean.

Giltzapetze horren aurka zegoen Galib jeneral zaharra, Almantzor buruzagiaren aitaginarreba zena, eta iraganeko bataila militarretan haren kide ere izandakoa. Bien arteko adiskidetasuna 980an eten zen. Gabil matxinatu egin zen, eta kristau erregeen armadekin aliatu. 981eko uztailaren 8an, kristau armadak Galiben laguntzarekin Almantzor buruzagiaren armadari aurka egin zion, Atienzan, San Vicente gaztelutik hurbil. Kristau armada osatzen zuten: batetik, gaztelau tropek, Gartzia Fernandez kondearen aginduetara, eta, bestetik, soldadu iruindarrek, Antso Abarkaren Ramiro anaia buru zutela. Erasoaldi horretan, Almantzor buruzagiaren gizonek irabazi zuten. Galib istripu batean hil zen, eta, ondorioz, borroka noraezean geratu zen. Ramiro ere hil zen, eta Gartzia Fernandez kondeak bizirik alde egitea lortu zuen, konderriaren barrenera ihes eginez.

982an, "Hiru nazioen kanpaina" izeneko espedizioa egin zuten, eta bertan zeuden Leon, Gaztela eta Iruñea. Hiru kristau subiranoek, hau da, Leongo Ramiro III.ak, Gaztelako Gartzia Fernandezek eta Iruñeako Antso Gartzes II.ak musulmanei eraso egiteko itun militarra hitzartu zuten. Almantzor buruzagiak eraso horren berri izan zuen, eta bi egunetara erantzun zuen. Ekainaren 1ean hasi zuen kanpaina, eta Leon, Gaztela eta Naiara suntsitu zituen. Abuztuan, aliatuak garaitu zituen Ruenda eta Simancas herrietan, eta Leongo hormetara iritsi zen, baina ezin izan zuen hiria hartu, eguraldi txarra zela eta.