Politikariak eta Kargu publikoak

Anasagasti Olabeaga, Iñaki Mirena

1966an lanean eta ikasten ari zela Caracaseko Euskal Etxean politikagintzaz arduratzen hasi zen eta bereziki komunikazio eta zabalkundearen arloan: Euzko Gaztediko hileroko agerkariaren arduraduna bihurtu zen eta ondoren Caracaseko Euskal Etxeako Euzko Gaztedi erakundearen presidentea. 1969an Caracaseko Euskal Etxeako Iñaki Zubizarretak ixileko egitasmoa batean egitasmoan lan egitea proposatu zion, Radio Euzkadiko Irratsaioetan. Uhin laburrean egunero ordu erdiz emititzen zuen Txalupa goitizenez ezagutzen zen irratia. Jose Joaquin Azurza, Shell petrolio konpainiako injineruak antolatu zuen. 13 urtez funtzionatu zuen. Programak behin egin ondoren, Santa Lucia herrira eraman behar zen eta bertatik Ixaka Atutxa, gudari ohiak, antolatzen zituen emisioak. Proiektu honetan 30 pertsona ari ziren, Espainiako eguneroko politikagintza jarraituz eta aldi berean diruz ornitzen.

1970an eta bereziki Burgoseko epaiketaren garaian, Caracaseko Euskal Etxea atzerriko politikagintza abertzalerako gune garrantzitsua bihurtu zen. Testuinguru honetan eta politikagintzarako komunikazio arloan aritzen zenez gero, ikasketa unibertsitarioak aldatu egin zituen eta komunikazio sozialaren arloan burutu zituen ikasketa unibertsitarioak. Aldi beran, urtero Bilbora joaten zen bereziki Gabonetan eta aldi berean Pariseko Eusko Jaurlaritzako egoitzara ere joaten zen.

Azkenik, 1975ko abuztuan, Euskadira itzuli zen eta Juan Ajuriagerrarekin elkarrizketatu ondoren, EAJko komunikazio eta propagandaren arloetan lan egiten hasi zen, Bizkai Buru Batzarreko eta Euzkadi Buru Batzarreko bileretan ere parte hartzen zuelarik. Franco hil ondoren, Euzkadi aldizkariaren lehen alea editatu zuen eta ondoren aldizkariaren ardura hartu zuen. 1981ean hilerokoa egin zen.

1975ean, Alemaniara joan zen beste jelkide batzuekin CDU, Alemaniako kristau demokrata alderdiak ekintza politikoaren inguruan antolatu zituen ikastaroak burutzera. Harreman hauek ondoko urteetan ere iraun zuten. 1976ko apirilaren 1ean Euzkadi aldizkaria argitaratzen zegoenean Aberri Egunerako, Joseba Goikoetxea (ondoren ETAk hil zuena) eta Bingen Zubirirekin batera hiru egunez atxilotua izan zen.

1977ko otsailean Espainiako Europako Kristau Demokraten taldeak Europako Kristau Demokraten alderdien bilera antolatu zuen eta bertan egin zuen lehen hitzaldi publikoa. Aurretik Caracasen Centre Catalá izenekoan Lluis Companysen omenezkoa egin zuen aurreneko hitzaldi publikoa.

1977ko otsailean EAJ-PNVko Bizkai Buru Batzarreko kide izendatua izan zen. Presidentea Juan Ajuriagerra zen eta besteak beste honako hauek ere izan ziren: Xabier Arzalluz, Marcos Vizcaya, Iñigo Agirre, Sabin Zubiri, Sabin Intxaurraga, Kepa Sodupe, Juan José Pujana, González eta Josu Bergara. 1977ko hauteskundeen ondoren,Euzkadi Buru Batzarreko kide hautatua izan zen, Carlos Garaikoetxea Euzkadi Buru Batzarreko buru zelarik eta 1980 arte iraun zuen, harik eta Eusko Legebiltzarkide izan arte.

1977eko ekainean Alderdi egunaren egitasmoa proposatu zuen eta onartua izan ondoren, Aralarren burutu zen. Venezuelan alderdi politikoak alderdiaren eguna eratzen zuten, bertan ikusitakoa eta ikasitakoa EAJ-PN ren egitasmoa bihurtu zuen.

Espainiako Konstituzioaren eztabaida bertatik bertara jarraitu zuen eta ondoren Autonomiarako Estatutuarena. 1979ko urriaren 25rako Estatutuaren erreferendumean aldeko botoaren EAJ-PNV.ren kanpainaren arduradun izan zen. Horrez gain 1979ko urrian Jesús María Leizaola atzerriko Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren etorrera antolatu zuen.

1980an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan legebiltzarkide hautatua izan zen. Eusko Legebiltzarrean EAJ-PNVko legebiltzarkide taldearen idazkaritzan izan zen. Gizarterako komunikabideen batzordeburu izan zen eta EITB sortu zenean lehen administrazio kontseiluko kide izan zen. Horrez gain ondoko gaietan ere parte hartu zuen: Euskadiko ereserkia, industria gaietan.

1986an Espainiako Parlamenturako legebiltzarkide Bizkaiko barrutian izan zen aukeratua. EAJ-PNVko zatiketan alderdian jarraitzen du eta bozeramaile izan zen Espainiako Parlamentuan. Ondoko urteetan ere hautatua atera zen: 1989, 1993, 1996 eta 2000. Ondoko batzordeetako kide zen Parlamentuan: Atzerri arazok, defentsa, Europako arazoak, industria eta Espainiako Irrati eta telebistakoa. Azken batean partaidetza aktiboa erakusten du Espainiako Parlamentuan.

Irakeko gerraren giroan, Espainiako Erregearekin tirabira bat izan zuen eta ondoren Errege etxearen inguruko gastuak eta jarraipen zehatza egiten du eta liburu bat argitaratu zuen: Una monarquía protegida por la censura.

2004ko hauteskundeetan Bizkaitik Senataria izan zen aukeratua eta Senatuko mahaiko idazkari iraunkorra izendatua izan zen. 2008an berriz izan zen aukeratua eta "Iberoameriketako arazoen" batzorde buru izan zen izendatua. 2011ko hauteskundeetan berriz Senataria aukeratua izan zen.