Kontzeptua

Albret Dinastia

XVI. mendeko Albreteko erregeen artean barneratzen da Enrique III.a, izan ere, hala kronistek nola historialariek amaren aldetiko familiarekin jaio zenetik (1553ko abendua) izan zuen harremana nabarmendu izan dute. Gainera, berak hautatutako aitaren irudia ez zen Antonio Borbonekoaren isla, baizik eta bere aitona Enrique II.a Nafarroakoren irudi mitifikatua. Idatzi izan denez, aitonarengandik hartu zituen bere izaera xalo eta landatarra, errege justu eta atseginaren nortasuna eta soldadu ausartaren ezaugarria. Dena den, Enrique III.a errenazimenduko gizona izan zen, giro humanista batean heziketa ona jaso zuena eta bere lagunen artean pertsonaia ospetsuak zeuden, adibide batera, Michel de Montaigne.

San Bartolome gaueko hilketa (1572ko abuztuak 24) sakon hunkitu zuen gertakaria izan zen. Parisen Margot erregina ezagunarekin ezkontzeko ospakizunean zegoelarik ospakizunera urreratu ziren higanot buruzagi ugariren hilketa ikusi zuen.

Frantziako Enrique III.a erail zutenean (1589), Nafarroako Enrique Frantziako errege bilakatu zen. Horretarako, ordea, sinesbidea aldatu behar izan zuen (ez erlijioa) eta katolizismora aldatu zen. Horregatik monarkarekin lotu ohi da esaldi ezagun hau: Paris bien vale una misa (Merezi du Parisek meza bat).

Hurrengo urteetan garatu zuen politika ez zen erlijioaren arloan bakea erdiestera bideratu, hots, protestanteak eta katolikoak batzera; aitzitik, bake zibila erdietsi nahi izan zuen. Erlijio gerren amaiera Nanteseko ediktuak (1598) ekarri zuen, sinestunen egunerokotasuna antolatu zuena. Ediktu hori oso garrantzitsua izan zen, izan ere, lehen aldiz Europan foru publikoa (erregearen jopu bakoitza legearen baitan uzten zuena) eta foru pribatua (zeinaren arabera pertsona bakoitzak askatasun osoz hauta zezakeen bere sinesbidea, bere kontzientziari jarraiki) bereizten ziren.

Enrique Nafarroakoa eta Frantziakoa Europa Batuaren aitabitxietako bat dela esan ohi da. Berrespen hori zuhurtziaz eta esanahia zehaztuz egin izan da beti, izan ere, ez zuen egun ezagutzen dugun Europa Batu hori nahi, egiaz Europako bakea zen nahi zuena. Bake hori lortzeko ezinbestekoa zen Europako potentzien arteko oreka. Enriqueren aburuz, oreka hori lortzeko, besteak beste, ezinbestekoa zen Espainiako erregearen eta Erromatar eta Germaniako Inperio Sakratuaren asmo hegemonikoak alde batera uztea. Gogoan izan behar da Frantzia lurralde boteredunez edo horien aldeko lurraldez inguratuta zegoela garai hartan. 1610eko maiatzaren 14an erail zuten Parisen, François Ravaillac izeneko burubero baten eskuetan. Historialari ezagun askok bakearen errege izendatu izan dute, Europan bakea lortzeko politika hedatzeko egin zituen ahaleginengatik eta erlijioen gerrei amaiera eman ziena izateagatik.

Azken finean, XVI. mendearen hastapenetik Albreteko monarken erregealdietan mamitu zen Erreinu Humanistikoaren ideia utopikoak Pirinioetako erreinu txikia mito bilakatu zuen, garaiko idazle nagusien inspirazio-iturri izatera iritsiz. Ildo horretatik uler daiteke XVI. mendearen amaieran William Shakespeare idazleak Trabajos de amor perdidos izeneko obra Nafarroari eskaini izana. Bertan munduko mirari gisa definitu zuen Nafarroa eta mundua harrituko duen erreinu gisa.