Kontzeptua

Albeitaria

Araba

Lehen albeitar arabarra Juan de Gauna, Gaunako Etxeko Jauna, Gasteizko bizilaguna, izan zela esateko frogak ditugu, 1497an Errege Kantzelaritzan bideratutako auzi bati esker. 5

Valladolideko Kantzelaritza berean eta bestelako auzietatik, Pedro de Navarrete Gasteizkoa 1537an, Martín Iñiguez de Irulaeta Luyaondoko bizilaguna 1538an, Gaspar de Ubidia Gasteizkoa 1583an, Juan Ruiz de Gordoa Aguraingoa 1587an, Antonio de Sagastia Eltziegokoa 1592an eta Juan Elosu Arbinegui Ullibarri Ganboakoa 1605ean ageri dira.

1578an, 4300 bizilaguneko errolda batetik, hamazortzi albeitari zeuden, gehienak Errementeri kalean, bertan Gasteizko Aduana zegoelako, eta askok beren ogibidea ostalari izatearekin uztartzen zuten.

1632an, dagoeneko Gasteizen ferratzaileak eta albeitariak biltzen zituen Aingeru Zaindari Santuaren kofradia zegoen.

1909an, Blas Reparaz izan zen Gasteizko matrikula industrialean izena eman zuen ferratzaile eta albeitari bakarra.

Bizkaia

Errege Katolikoen Pragmatika argitaratu zenetik gutxira, ferratzaile eta albeitari lanetan jardun ahal izateko Martín Manso eta Lope de Mendieta aztertzaileek Juan de Aresti Durangoko bizilagunari emandako baimenaren kopia bat gordetzen da Bizkaiko Artxibo Historikoan. 6

Lope de Vegak bizkaitarrak eta albeitariak bertso batean erlazionatzen ditu:

Eres como el vizcaíno:
Y viendo que no comía,
Que dejó el macho enfrenado,
Regalándole las clines,
Un galeno de rocines
Trujo al ver lo que tenía 7

XVII. mendean zehar, Amorebietako Francisco de Alday albeitariari buruzko aipamenak daude, Larrabetzuko alkatearen zaldia ezin izan zuelako sendatu zalatu zutelako; Igorren, 1825ean, bi albeitarien existentzia aipatzen da eta 1890ean bakar batena. 1825an, Orozkon bi albeitari zeuden eta Zeanurin 1860an, aldi berean tituludun hiru albeitari egon ziren, Jose Maria de Mendieta, 1815eko azaroaren 24an Madrilen igorritako tituluarekin, Francisco de Arocena, 1842ko irailaren 20an igorritako tituluarekin, eta Jose Maria Gorgonio de Mendieta, 1848ko abuztuaren 31ko bidaltze-datarekin.

Bilbon, 1831an Bernardo Ibañez albeitariak hiltegian sakrifikatzen zen ganadua Hiribilduko haragitegian saldu ahal izateko egin zuen eskaeraren ziurtasuna daukagu, eta meritu bezala Independentzia Gerran Kantabriako Armadako Husareen Gorputzeko mariskala izan zela adierazi zuen, baina ez zen bere eskaerarik onartu izan.

Ramon de Maruri Bilboko Udal Hiltegiko haragiaren ikuskatzailea izan zen 1847tik 1854ra, baina aurretik Bilboko Udalak Hiribilduko osasun publikorako behi-, zaldi- eta mando-aziendak ferratzeko eta Bilbo hondatu zuen epizootiari aurre egiteko kontratatu zuen. Marurik haragiaren ikuskatzailearen testigua albaitaritza irakasle bati, Jose Mª de Ealo y Ugarrizari, eman zion.

Baina agian ospetsuena Jose Pablo de Ulibarri Galindez (1775-1847) 8 izan daiteke, jaiotzez arabarra baina zazpi urtetatik aurrera bizkaitarra.

Gipuzkoa

Domingo de Saldua, sortzez Hernanikoa (Gipuzkoa). Indiako Bidaiarien Katalogoaren lehendabiziko liburukian Amerikarantz abiatu ziren bost albeitarietariko bat bezala inskribatuta dago, ziurrenik 1496an.

Bartolome de Arteaga, albeitaria eta odol-erauzlea, Ordizian 1518an jaio zen eta 1569ko abuztuaren 17an herri berean hil zen.

Irungo udal-agiritegian Miguel de Alzaren aipamena ageri da, 1685eko abuztuaren 27ko dataz hiribildu horretan albeitaria bezala jardunaz.

Joseph de Sasturain. Hernanin jarduten zuen maisu albeitaria, 1709an zaldi bat sendatzeagatik zegokion dirua erreklamatu zuen bezeroak ez baitzion ordaindu nahi, animaliaren gaixotasuna ferratze akastun baten ondorioa zela uste zuelako.

Alonso de Iriarte. Maisu albeitaria, 1791an Hernanin idi bati egin zion azterketaren erreferentzia dago.

Alejandro Taberna. Zalditegien postari buruz hark egindako adierazpena dago, 1810eko urtarrilaren 4koa, berarekin batera ogibidea haren seme Jose Miguel de Taberna y Olaquieguik eta Bartolome de Orbegozok eta Juan Domingo de Otaeguik, Beizamakoak biak, ikasi zuten, besteak beste.

Jose Ramon de Olarrea, jaiotzez Hernanikoa; albeitaritza Pedro Juan de Sarorekin, Donostian ezarritako maisu albeitariarekin, ikasi zuen, 1814ko dokumentu baten arabera. Urtebete geroago Hernanin titulua lortzeko azterketa egin ziezaioten eskatu zuen, guraso helduen kargu egin behar zelako.

Alejo de Achega, Hernaniko bizilaguna, Pedro Juan de Saro maisu albeitariarekin hezitu zen baita ere, 1814ko dokumentu baten arabera.

Felix de Sagastiberri, Hernaniko bizilaguna, Pedro Juan de Saro maisu albeitariarekin hezitu zen baita ere, 1814ko dokumentu baten arabera. 9

Madrilgo Albaitaritza Eskolan ikasi zuen azken albeitari gipuzkoarra Ignacio Echeverria Arrizabalaga izan zen. 1822ko Albeitarien, Ferratzaileen eta Zikiratzaileen Tituluen Erregistro Liburuan, hurrengoa jasotzen duen laburpena dago:

Ignacio Echeverria jauna, Manuelen eta Ana Joaquina Arrizabalagaren semea; jaiotzez Zegamako Hiribildukoa , Iruñeako Elizabarrutikoa, 24 urtekoa, azal beltzarana, ilea eta bekainak gaztaina-kolorekoak, begi erdi-beltzak, sudur erregularra, aho handia, bizar gutxi, eskumako bekainaren gainean orbaina.

Agiri hau izenpetzen duten irakasleek albaitaritza eskola berezi honetan azterketa egin eta gainditu zioten, eta ohikoak ziren zinak behealdean adierazitako idazkariaren aurrean 1822ko urriaren 15ean zin egin zituen. 10

Jose-Pablo de Ullibarri Galindezen, "Herrador de Abando"-ren, tailerrean hezitu zen. Titulua eskuratuta Madrilen bizitzen jarri zen. 1823an haren zaintzaileak, Jose-Pablo de Ullibarri Galindezek, erreinuko Ogasun ministroari, Juan Bautista Errori, gomendatu zion, errege-zalditegietan, zaintzan edo bere jakintzarako egokia zen beste leku apropos batean lanpostu bat aurkitzeko, primeran ferratzen dakielako eta akaso zaldiak zainduko dituelako, gizon serioa, leiala, esnatua eta langilea izateaz aparte. 11

Baina gomendioak ez zuen eraginik izan, Erro ministroari Echevarria albeitariak aurkezpen gutuna eman aurretik hura kargutik bota zutelako, eta matxinada konstituzionalista eman zenean Echevarria Euskal Herrira itzuli zen, bizkaiko lurretan partidetan parte hartzeko, zauritua suertatuz.

Manuel Iturbe Casteig. Azkoitian 1827ko urtarrilaren 21ean jaio zen, eta Madrilen albeitar-ferratzaile titulua lortu zuen 1850eko urriaren 29an. 12

Nahiz eta jaiotzez Andoaingoa izan, Javier Mª Azcue y Carrerak Donostian jardun zuen, bulegoa Gipuzkoako hiriburuan jarriz, bertan hiltegiko haragien azterketak egiteko eta ospe nabarmena izan zuen, 1861ean Jose Rodriguez Jabat bigarren mailako albaitari izendatu zuten arte.

Lapurdi

Iparraldeko euskal herrialdeetan albeitaritzaren eta albaitaritza zientziaren garapena, bizitzako beste alderdi batzuetan gertatu bezala, ez da hegoaldean bezala izan eta gaur egun horri buruzko informazio gutxi daukagu.

Hala ere, orain arte daukagun errefentzia bakarra jasota utzi beharra dugu, euskaraz idatzita dagoen argitalpena izanez, autorea Mongongo Dassança 13 deitzera eman zena eta idazlana "chimista" bezela autotitulatzen da.

Mongongo izena bere jaioterriari eginiko erreferentzia izan daiteke, Mongon-go. Bere lanbideari dagokionez, aditu batzuek 14 belar-biltzailea izan ahal zela diote, patologia ezagutza zabala erakutsiz landare ugariekin egiten zuen erabilera ikusita.

Lantxoa behi-aziendari eta, kasu batzuetan, ardi-aziendari eragiten dieten berrogei prozesuen tratamendurako errezetak biltzen ditu; XVII. mendean argitaratu zen eta Donibane Lohizuneko M. Gaztanbideri medikuari eskainita dago. Berari argitaratzeko baimena eskatu zion eta 1692ko otsailaren 14an eman zion.

Dassançak liburua euskaraz zergatik argitaratu duen gogorki justifikatzen du: bakoitzak bere hizkuntzan lan egiten du, Alemanak alemanez, Espainiarrak espainiarrez, Frantzian frantsesez egiten duten bezala; gu, nahiz eta Frantsesak izan, euskaldunak garenez, guztiok ez dakigu frantsesa, eta bereiki nekazariek sendabideak uler ditzaten euskaraz idaztea eta argitaratzea erabaki dut, autore zaharren eta gaur egungo autoreen sendabideak euskaraz ulertzea zein erraza den jakin dezaten.


5 CAMARERO RIOJA, F. (2003). Non: Apuntes para una Historia de la Veterinaria alavesa". Doktore-tesia. 361. or. Ir. 80. or. Zaragoza.

6 AHB. Pergamino saila, 0072 zkia, DEHESA SANTISTEBAN, F.L-ek aipatua. La Veterinaria vizcaína en el siglo XIX. Antecedentes históricos y contexto socioeconómico. Doktore-tesia. Leon, 2001, 116. or.

7 HERRERO ROJO, M. (1984) La albeytería española en el siglo XVIII. Cervantes Grafikak. Salamanca. 25. or.

8 DEHESA SANTISTEBAN, F.L. (2001). La Veterinaria vizcaína en el siglo XIX. Antecedentes históricos y contexto socioeconómico. Doktore-tesia, 335-340 orr., Leon.

9 Hernaniko Udal Artxibo Historikoa. (HUA). 1450, 1470, 1475 eta 1476 paper-sortak. EXTANIZ MAKAZAGA, J.M.-k aipatuak (2007) De herradores, albéitares y veterinarios municipales en Hernani (1709 - 1991). Gipuzkoako Albaitarien Legezko Elkartea.

10 Facultad de Veterinaria de Madrid. Secretaría. Libro de Registro de Títulos de Albéitares, Herradores y Capadores del año 1822, 15. or.

11 DEHESA SANTISTEBAN, F.L. (2001). La Veterinaria vizcaína en el siglo XIX. Antecedentes históricos y contexto socioeconómico. Doktore-tesia, 338. or. Leon.

12 Archivo General de la Administración (AGA); Hezkuntza - 120 - 8 Liburua - 16/64. Libro de Títulos de albéitares, herradores y veterinarios de 1849 a 1851

13 DARANATZ, J.B. (1908). "Un vétérinaire Basque du XVIII siécle". Revue Internationale de Ëtudes Basques; 585-600 orr.

14 DEHESA SANTISTEBAN, F.L. op. cit. 116. or.