Kontzeptua

Matxinadak

Borbon etxea Espainiara iritsi zenean Frantzian ezarritako sistema berdintzaile eta bateratzaile berbera ezartzen saiatu zen eta horrek zenbait aldaketa ekarri zituen Austriatarrek ordurarte eramandako politikan. Utrechteko bakeak ondorio kaltegarriak izan zituen Espainiarentzat, Italiako zein Herbereetako ondasunak galdu baitzituen. XVIII. mendearen lehen erdialdean Espainia eta Borboitarrak horietako batzuek berreskuratzen saiatu ziren, eta horretarako derrigorrezkoa zen erresumaren ogasun sistema aldatzea dirua lortzearren. Bide horretan aduana sistema aldatzea ezinbestekoa zitzaion koroari. Horrela 1717ko abuztuaren 31n barrualdeko aduanak kostara eta Portugal zein Frantziako mugetara mugiarazi zituen erregeak. Baina euskal probintzietan eragin berezia izan zuen neurri horrek. Ordura arte euskal lurraldeei zegozkien aduanak barrualdean zeuden, Urduñan, Balmasedan, Gasteizen eta Nafarroan. Hori horrela, atzerritik inportatutako gaiek eta kanpora esportatzen ziren Euskal Herriko produktuek ez zuten zergarik ordaintzen -horregatik deitu ohi zitzaien probintzia salbuestuak- edo kopuru oso txikiak. Produktu horiek Gaztelan sartzen zirenean ordainduko zituzten zergak. Beraz, euskal lurraldeek eremu zergagabekoa osatzeak baliatzen zuen bertan produktuak prezio tasatu eta duinetan saltzeko aukera izatea, horrela kontsumitzaileen bizirautea babestuz eta bake soziala bermatuz. Baina 1717ko Errege Aginduak sistema kolokan jartzen zuen.

Nolanahi ere neurri horrek ez zuen eragin berdina izan euskal lurralde guztietan, kontutan hartuta Gasteizen zegoela aduanetako bat eta Araba bertan ekoiztutako gaiekin bere burua hornitzeko gai zela, eta Bizkaia zein Gipuzkoa inportazioen menpe zeudela. Aduanen aldaketak bi ondorio nagusi izango zituen: kontsumitzaileak kaltetuko zituen eta baita euskaldunentzat hil ala biziko eta inoiz behar den moduan neurtuko ez den kontrabandoaren jarduera zaildu ere. Aldi berean, Errege Agindua foruen aurkakoa zen eta beraz euskal lurraldeen, mendez mende babestutako, sistema politikoak kolokan jartzen zituen. Aginduaren ondorioz, 1718ko martxoan aduanak kostara eraman eta berehala sortu zen matxinada Bizkaian. Asaldadura euskal lurralde barne barreiatu zen, nahiz eta iskanbila larrienak Bizkaian eta Gipuzkoako mendebaldean gertatu: Bilboko inguruak, Gernika, Bergara, Arrasate, Mutriku, Deba, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Elgea, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñati. Aldiz, barrualdean matxinadak ez zuen indar handirik izan. 1718ko abuztuan zerga biltzaile bat hil zuten Bilbon, eta Bermeon eta Algortan aduana zaintzaileen itsasontziak erre zituzten. Denborarekin gauzak lausotu beharrean, okerrera egin zuten: Bilbo inguruko nekazariak bertan sartu eta korrejidorearen bila hasi ziren, hartutako neurriak baliogabetzeko asmotan. Baina korrejidoreak uko egin zion horrelako konpromezua hartzeari. Jaurerriko, hiribilduetako eta Bilboko kontsulatuko arduradunen eta jauntxoen etxeak eraso eta suntsitu zituzten matxinoek, eta baita horietako batzuk hil ere: Enrique de Arana, Martin Antonio de Escoiquiz eta Juan Gregorio Esterripa, Bilboko alkatea eta zinegotzi nagusia edota Rocaverdeko Marquesa. Bilboko biztanleek armak hartzea erabaki zuten azkenean nekazariengandik babesteko. Laster hedatu zen mugimendua Jaurerritik, Somorrostro, Portugalete eta Bermeotik, non hiru jauntxo hil zituzten matxinoek. Epe laburrean higikundea Gipuzkoara iritsi zen Deba arrotik hasita, non zaldun eta jauntxo asko eta beren ondasunak erasotuak izan ziren. Hori horrela eta Bizkaian gertatutakoa ikusita, handikiek 400 gizon armatuen indarra sortu zuten, beren buruak babestearren. Gauzak nola zihoazten ikusita, irailean Gipuzkoako Batzar Bereziak elkartu ziren Tolosan Erregeak aduana sistema zaharra berrezarri zezan. Erregeak bere dekretua indargetuz eta Bizkaira 3.000 soldaduz osatutako taldea bidaliz erantzun zuen. 1719ko urtarrilerako matxinada bukatua zegoen.

Orduan sortu ziren euskal herritarren arteko urruntzea eta foruen inguruko interpretazio ezberdinak. Aduanen aldaketak nekazariak eta kontsumitzaileak kaltetzen bazituen ere, jauntxoek eta merkatariek begi onez ikusten zuten, atzerriko produktuak eta nekazaritza gaien soberakinekin -hamarrenen, errenten eta eskubideen bidez eskuratzen zituztenekin- espekulatu ahal izateko eta etekin eta irabazi handiagoak lortzearren.

Matxinadaren zapalketaren ondorioz 32 pertsona izan ziren kondetatuak hiltzera, 31 Bizkaian eta bat bakarra Gipuzkoan, eta kartzela zigorrak, isunak eta ondasunen bahiketak agindu ziren. Dena dela, matxinoek bere helburu nagusia lortu zuten: 1722ko abenduaren 16an aduanak berriro barrualdera bueltatu ziren. Gainera 1726ko abenduaren 22an erregeak matxinoak indultatu zituen. Matxinada honetan galtzailerik zein irabazlerik ez egon arren, zauriak irekiak geratu ziren hurrengo matxinadetan argi geratuko zen bezala.