Zuberoako Maskaradako pertsonaia da, hain zuzen, pertsonaiarik garrantzitsuena, Maskarada Gorriko kidea eta hauen artean, Aintzindarien taldekoa dugu.
Maskaradaren taldean laugarren lekuan doa, aurretik Txerreroa, Gathuzaina eta Kantiniersa dituelarik. Lepotik zintzilikatuta dauka zaldi burua eta buztana duen egurrezko armazoia. Zamaltzainak eskumako eskuarekin zaldikoaren burua lotzen du, eta beste eskuan zigor txiki bat darama.
Pertsonaia honek paper berezia dauka Maskaradetan, eta dantzaririk trebeena izaten ohi da; hori ez da harritzekoa, gerrian daraman zaldi armazoiak dantzatzeko jartzen dizkion trabak kontutan hartuta.
Zamaltzaina honela doa jantzita: jaka gorria, bularralde zuria urrezko apaingarriekin; praka beltzak belaunetaraino, beheko aldean urrezko parpailetan amaiturik; galtzerdi eta zapatilla zuriak, eta haien gainean zangozorro beltzak zinta txikiz, loretxo gisan apainduta. Buruan buruko gorria darama, ispiluekin eta kolore ezberdinetako lumeekin apainduta.
Gerri aldean Zamaltzainak daraman egurrezko zaldia zetazko gona zuri eta gorria dauka; dantzariak zaldiaren lepotik lotzen du eta euskarri honetaz baliatzen da musikarekin gora eta behera mugitzeko erritmikoki.
A. Chahok 1855. urtean egindako deskribapena hartzen badugu, jazkera ez da ia aldatu: ezberdintasun agirienak , berak aipatzen ditu sorbaldatik jausten ziren zintak, agian Luzaideko Bolanteenak bezelakoak?. Eta praka zuriak ere, beltzak izan beharrean.
Euskalherriko folklorean ez da zaldun-zaldi bakarra. Beste antzeko pertsonaia Nafarroako Lantz herriko Iñauterietan agertzen da, "Zaldiko", alde batzuetan Zamaltzainarekiko zenbait antzekotasunak ikusten direlarik. Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsan batzutan ba ditugu ere zaldun-zaldiak, "Zaldikoak", Lantzeko pertsonaiaren izen berarekin, baina beste eginkizun ezberdinarekin, neska-mutikoak korriarazten eta jotzen, alegia.
Zamaltzainaren lehenengo aipamena XV. mendekoa dugu. Chastellain-en kronikariarena; Borgoinako Dukeen kroniketan banketea deskribatzen ari denean, honela dio:
"Laugarren "entremets" eskutari oso trebea zen zaldiz egotea zirudiela, anka faltsuekin kanpokaldetik hain ondo eginak eta neurrira, berarenak ziruditela, eta bazirudien benetazko zaldi bizi baten gainean zegoela. Bera eta bere zaldia oso elkar sartuta zeuden eta jauzita zebilen gela osoan, eta airean ematen zituzten bueltak mezulari bat balitz bezela, bere pertsonaiaren rola oso ondo beteaz".
Maskaradeetako arratsaldeko emankizunean, bi ofiziotan, Kerestuenean eta Manitxalenean, Zamaltzainaren papera ezinbestekoa da, lehenengoan Kherestuek Zamaltzaina zikiratu behar dutelako eta bigarrenean Manitxalek Zamaltzaina ferratu behar dutelako.
Hortaz aparte, Aintzindarien partaidea izanik, talde honek egiten dituen dantzetan parte hartzen du: muxiko edo jauzietan (ostalersa, aintzina phika, moneinak, xibandriak...), Aintzindariei erreserbatutako borobilean dantzatzen du; beste dantza berezietan: Gabota, Godeleta edota Braletik Jauzian bere lekua dauka, talde osoarekin edo bakarka dantzatuz; barrikadetan ere, bere bakarreko dantzaldia egiten du, barrikadaren aurrean.
Aipatu behar da ere, Godaleta dantzan protagonismo berezia dauka: behin bakarreko solasaldiak amaituta, Zamaltzaina berriz ateratzen da, Kantiniersarekin batera, edalontziaren ondora, eta Kantiniersak "antrexatak" egiten dituen bitartean, Zamalzainak, oin bat edalontzi gainean jarririk, bestearekin gurutzeak " margotzen " ditu.