Kontzeptua

Trastamara Dinastia

1479ko urtarrilaren 19an Juan II.a hil zen Bartzelonan. Leonorrentzat zerumuga berri bat zabaltzen zen, hamabost urtez ordezkari militar izan ostean. Erregina modura oso egoera politiko zailari egin behar izan zion aurre, izan ere, erreinuak adiskidetu ezinezko bi zatitan hautsita jarraitzen zuen. Nazioartean egoera ez zen askoz hobea, neurri batean senarraren konderri eta bizkonderrietatik bereizia baitzegoen eta Gaztela eta Aragoiko errege bilakatua zen anaiordearen borondatearen mende.

Erregetza eskuratuta, Nafarroako subirano izateaz gain, berezkotzat jotzen zituen Gaztela eta Aragoiko titulu guztiez jabetu zen. Dena den, ez zuen egiazko kontrolik lortu haietako gehienetan. Bere erregealdia Nafarroan inoiz izandako laburrena izan zen, izan ere, 1479ko urtarrilaren 28an Gorte Nagusietan erregina izateko zina eman ostean, egun gutxira hil zen, otsailaren 12an, hain justu.