Kontzeptua

Trastamara Dinastia

Blanca izan zen erregina titularra, Carlos III.aren alaba baitzen. Aragoiko infantea zen Juanekin ezkondu zen. Erreginak hartu zuen erreinuko barne-politikaren ardura. Nazioarteko kontuak errege ezkontideak gidatu zituen nagusiki, hots, Juan II.ak. Kanpo-politikan Juanek egindako hutsegiteetako bat bere semearentzako (Carlos, Vianako Printzea) emaztea hautatzean gertatu zen. Seme zahar batek erregeen alaba edo arreba batekin ezkondu behar zuen, hori baitzen garai hartako usadioak zioena. Haatik, Carlos Ines de Clevesekin ezkonarazi zuen, hau da, Alfonso de Cleves eta Maria Borgoinakoaren alabarekin (Frantziako Borgoina etxeko ordezkari nagusiak). Emakume hark ez zuen errentarik eta 10 anai-arrebatan (horietako hiru gizonezkoak ziren) hirugarrena zen. Hala, 1439ko irailean ezkondu ziren, Nafarroako Etxearentzako etekina ezdeusa izan zelarik, izan ere, ezkontza horrek ez zuen inolako ondarerik ekarri Frantziako lurretan.

Hasieratik erabili zuen Nafarroa Juanek Gaztelako lurraldeak kontrolatzeko proiektuaren barnean, hots, bere onerako baliatu zuen eta ez Nafarroako Koroaren onerako. Dena den, 1429an Nafarroako Gorte Nagusiek 80.000 florin eman ziezazkiotela lortu zuen, bere izen bera zuen Gaztelako Juan II.aren aurka mantentzen zuen borroka pertsonalean baliatzeko. Eta laguntza horiek hurrengo urteetan ere errepikatu ziren.

Nafarroak mugan kokatutako lurraldeetan nabaritu zuen gerraren astindua eta 1430ean bost urteko tregua sinatu zuen Majanon. Hala ere, ez zuen onartu Gorriti, Buradon, Toloño, Asa, Biasteri, Sartaguda, Castejon, Arcaciel eta Tudejen galdu zituenik. Herri horiek beranduago berreskuratu zituen infanta Blanca Nafarroakoaren (erregeen alaba) eta Enrique printzearen (Gaztelako oinordekoa) arteko ezkontza-konpromisoari esker.