Kontzeptua

Tolosako Inauteriak

Funtsean konpartsen, txistulariz osatutako banden eta Udal Musika Bandaren eginkizuna zen soinuari dagokion alderdia. Kolektibo bakoitzak zuen bere espazio publikoa eta egoera jakin batzuetan bat egiten zuten. Horrela agertzen da eskuragarri dagoen dokumentazioan. Hura hartuta errepaso labur bezain sakona egingo dugu, musikari zale eta bat-bateko adierazgarrienak ere aipatuko ditugularik.

Urtez urte berrikuntzak izaten ziren konpartsetan, haien abestietan edota mozorroetan. Dena den, 1884an bi segizio konplexu irten ziren. Bata "Eromenaren segizioa" izendatu zen eta kabalgata batek eta konpartsa batek osatzen zuten. Bertan, hauek ikus zitezkeen, agertzen ziren hurrenkeran adierazita: gaita-jotzaileak, sorginen konpartsa, heraldoak, amazonak, aguazila eta zuzendaria, zutoihal eroalea, pertsonaia anitz, danbor-banda, umezainen konpartsa / ezkontza-oparia, erraldoiak eta nanoak, haurtxoen ikasleak, hegaztien konpartsak, lantzariak, bainuen aurretiko eta osteko Esker onen karroza, apaizen karrozak, arlekin eta pierroten konpartsak, eromenaren karroza, musika klasikoa eta basatien ejertzitoa.

Bestea "Inauterietako segizioa" izendatu zen eta hauek osatzen zuten: danbor-joleak, kaikuen konpartsa, igelen konpartsa, arlekin eta pierroten konpartsa, tximuen konpartsa.

Urte batzuk beranduago, 1887ko Inauteri-igandean, "Laurak bat" txaranga zutoihal bat hartuta eskean ibili zen kalez kale. Zutoihalean "Karitatea ez da eskatzen, baina bai jasotzen" irakur zitekeen. Urte hartan beste konpartsa bat kalez kale atera zen eta hainbat abesti jo zituen gitarra bat, bandurria bat eta txirula bat hartuta. Konpartsa horrekin batera karroza bat atera zen, erramu-sorta batez apaindutako zaldi batek bultzatuta.

1896an, "Euskara" konpartsak Makil Dantza eta Aurreskua prestatzea erabaki zuen. Nahikoa diru ez zutenez eskean ateratzea erabaki zuten. Horretarako, udaletxean eskatu zuten baimena eta onartu egin zitzaien.

Danborradek ere denboran iraun dute, gutxienez, 1896tik. Larunbat Erregular gaueko zarata burrunbatsuaren ondoren Inauteri-igandeko jai giroaren txanda zen; kanpotik hurbiltzen zen jende andanak sortutakoa, beste uneren batean, bestelako kolektibo baztertuekin edo etnia ezberdineko kolektiboekin gertatu bezala.

Herrira ijitoak, galdaragileak eta ofizio anitzeko beste zenbait kolektibo hurbildu ziren. Horren ondorioz, hurrengo urteetan haien janzkera mozorro bilakatu zen eta herriko gazteek haien ofizioak imitatzen zituzten. Horrela, 1925ean "Gure txokoa" elkarteko galdaragileak eskean atera ziren Erruki-etxe Sainduaren alde.

1932ko jaietako elementu adierazgarri modura, "Gure txokoa" elkarteko Artzaiak eta Iñudeak konpartsa eta "Gran Coliseo Gure Kayola" izeneko zirkoa aipatu behar dira. Halaber, Inauteri hartan udal-txistulariak, "Umore ona" eta "Polvo y paja" txarangak eta Billabonako Udal Banda atera ziren kalera.

Abesti eta melodiak interpretatzeko unean konpartsak batu egiten ziren. Berez, oroitzen diren eta idatzita dauden abesti anitzen artean, Galtzaundi izenekoa da Inauteriekin argiro lotzen dena. Abesti horrek lelo sarkorra du eta, horri esker, Euskal Herriko beste zenbait lekutara hedatu da:

Ta Galtzaundi, ta Galtzaundi,
apellidua det Goñi.

Ramos Azkarate izan zen hitzak idatzi zituena. Horretarako, Santos Goñi izan zuen inspirazio-iturri, praka handiak erabiltzen zituen zapata-konpontzailea. Haren etxe parera iristean musikariek melodia hura jotzen zuten eta Galtzaundik anis-kopa bat ematen zien trukean, emaztearekin batera sortutako korruaren erdian dantzatzen zuen bitartean.

Txarangek jotako abestiez gain, egunean zehar beste hainbat melodia entzun eta dantzatzen ziren kaleetan zehar, Diana eta Alborada alde batera utzi gabe, besteak beste: habanera, Baratzako pikuak, Pastelero, Zortziko, Martxa, Polka, Idiyarena, Farol dantzak edo Txanton piperri.

Musikak, abestiak, mozorroek, antzezpenak, sokamuturrak, kalejirak eta beste hamaika elementuk osatzen dute Inauterietako festa, iraganeko eta orainaldiko alderdiek bat egiten dutelarik, Tolosako herritarrei esker, gugana heldu direnak orainaldia besarkatuz.