Kontzeptua

Tolosako Inauteriak

Antzina zezenek berebiziko garrantzia izan zuten Tolosako Inauterietan, eta oraindik ere halaxe da.

Behi-aziendaren parte-hartzearekin egiten ziren ekitaldi ugariak ikuskizunaren atal dira.

Sokamuturra gaur egun egiten da oraindik eta Tolosa et abeste herri batzuetako bizimoduan dokumentatu da ekitaldi hori. Antzina, ostiral arratsaldez idiak ateratzen ziren; beranduago igandera eraman zuten ekitaldia. Idiak sakrifikatu egiten ziren, gero kontsumitzeko. Denboraren poderioz tradizio hori bertan behera utzi zuten.

Hala ere, dokumentu historikoetan agertzen denez, inauterietako festetan "bigantxetan ibili" eta "bigantxen zezenketa" aipatzen dira XVIII. eta XIX. mendeetan zehar. Ikus 1853ko adibide hau:

"... Por correr un buey de Lastur, una vaca de Echezarreta y otra de Muñagorri, de Ibarra, en la tarde de Jueves Gordo...... 130 R. V... Domingo de Carnaval, a las 11, bueyes de Legarra, de Alzo, y de "Odolquierre", de Cizurquil ...... 60 R. V..."

(R. V. = reales de vellón)

1888an, kopuruak pezetetan ematen dira:

"... Por 6 toretes de Lastur, a cada dos salidas en los días 12, 13 y 14 de febrero, a Simon Macazaga ...... 430 pesetas... A Matias Jauregui, de Andoain, por dos salidas de una vaca los días 13 y 14 de febrero ...... 40 pesetas..."

Urte batzuen ondoren ekitaldi hori desagertu egin zen festen barruan eta 1934an berragertu zen. Ordutik, mantendu egiten da.

Animalia horien erabilerari dagokionez, efemeride hauek aipa ditzakegu:

  1. 1848an hainbat bigantxa ekarri ziren Lasturretik. Ostegun Gizenez hiru bider atera ziren, igandean behin, astelehenean sei aldiz eta asteartean zortzi bider.
  2. 1894an azken zezena eskaileratan gora abiatu eta pisu batean sartu zen, bertan zegoen familia ikaratuz. Ez zen gehiagorik gertatu, izan ere, animalia zezendegira eraman zuten.
  3. Bigantxak, zezenak edo idiak hainbat lekutan askatzen ziren: Plaza Zaharra, Plaza Berria, Foruen Plaza eta 1908az geroztik, 1903an eraikitako zezen-plazara eraman ziren behin-betikoz.
  4. 1940an zazpi bigantxekin egin zen zezenketa. 1942an 15 bigantxa atera ziren. 1943an Inauterien programazio osoa berreskuratu zen gaur arte, asteleheneko zezenketa izan ezik.