Kontzeptua

Tolosako Inauteriak

Tolosako Inauterietako egun bakoitzak bere jarduerak ditu eta adin-multzo guztietarako jardunak antolatzen dira. Mozorrotuen funtzioa, konpartsek sortutako giroa eta ekitaldi ezberdinak elkarlotuta agertzen dira eta multzo heterogeneoa osatzen dute.

1936an irten ziren azken aldiz mozorroak (aurpegia agerian). Urte hori baliatuko dugu, orokortasun baten barnean, urte bakoitzean egindako ekitaldi nagusi eta ohikoak deskribatzeko.

Festak Ostegun Gizenez hasten dira. Herrialdeko herri gehienetan bezala haurrei zuzendutako jaieguna zen. Haurrak mozorrotu eta jolasean aritzen ziren. Halaber, egun horretan, txistulariz osatutako banda erdiguneko kaleetara irten ohi zen arratsaldeko ordubietan, Inauterietako Zortzikoa joz. Ondoren Ostiral Mehea iristen zen, atseden-eguntzat zutena.

Inauteri-igande edo Zaldunita egunean, Udal Musika Bandak diana jotzen zuen goizeko zortzietan. Goizeko bederatzitan beste diana bat entzuten zen, Txistularien Udal Bandarena. Goizean zehar konpartsen, karrozen eta katamaloen erakustaldi informala egiten zen udaletxearen ingurumarian. Arratsaldez, ordubi t'erdietatik hiru t'erdiak arte, herriko banden irteera.



Astelehen-inauteria edo Astelehenita: haurren mozorro-lehiaketa "1936ko Inauterietako mutiko eta neskatoa" aukeratzeko. Goizean herri-kirol probak zezen-plazan eta, arratsaldez, bigantxak.

Astearte-inauteria edo Asteartita: "Gure txokoa" bandak Alborada jo zuen eta aguardient zezena zegoen lekura abiatu zen. Goizean: karrozek, konpartsek eta katamaloek Idiakez Plazan egin zuten desfilea, saria jasotzeko asmoz. Ordubi t'erdietan Billabonako Udal Bandaren, Juglare Bandaren eta Tolosako Udal Musika Bandaren desfilea, kalejiran zezen-plazarantz abiatzeko.

"Inauterien Ehorzketa" normalean Auster egunean egiten zen. Baina 1889an Astearte-inauteriko gauez egin zen. Segizioa pertsona bitxiz betetako karrozekin egiten zen, besteak beste, Baco Jainkoa.

Hurrengo igandea inauteriak amaitzeko ekitaldia egiten zen (ez beti): "Eltze-itsu Igande" izenez ezagutzen zen egun hori.

Tolosako Inauterien historia ez litzateke osotasunean emango ospakizuna debekatu eta horri uko egiteko erabakia hartu zenekoa aipatu gabe. 1937an gertatu zen hori, udal-ordezkarien arteko bozketan berdinketa gertatu zen. Baina Alkatearen kalitateko botoari esker, Inauteriekin jarraitzea erabaki zen, hainbat murriztapen ezarri baziren ere. Bizkaiko eta Gipuzkoako gobernadore zibilek horren berri izan zutenean gutuna igorri zuten Udalera eta akordioa bertan behera geratu zen. Bistan da hurrengo urteetan ospakizuna izan zela eta pixkanaka egoera berria nagusitu zela.