Kontzeptua

Silbotea

Egoera honetan ez dirudi gerrak nahitanahiez ekarritako aldaketeen artean -txistulari batzuk hilik, erbesteraturik edo bere ekintzekin segitzeko arazo handiekin- silbotearen jaitsieraz, gutxienez modu berezi batean, mintza daitekeenik. Donostian, adibidez, udal frankistak berehala konpondu zuen berriz txistulari banda bigarren txistua, Secundino Martínez de Lecea, frontetik ekarriz eta guzti. Atabalaria aldatuta, lau kideek osatu zuten berriro banda (Ansorena Miranda 1996b: 105 eta urr.). Eta 1942n Iruñeko udal txistulari banda sortzen da lau postu beraiekin. 1957an hasten dira berriro txistularien kontzertu handiak, silbotearen halabeharrezko partehartzearekin, eta berehala, bereziki kontzerturako errepertorioan, ezinbestekoa egin zen musika-tresna txistuaren munduan. Halere, Aita Donostiaren testigantzaren arabera (1952:264), silboteak maiz ez zuen laguntza ofizialik jasotzen, eta herri txikienetan ez zen normalean erabiltzen.

Kontestu honetan 1971ean Donostiako Txistu Talde Esperimentala sortu zen Javier Hernández Arsuagaren eskutik (Hernández Arsuaga 1977). Talde honetan, silbotearen eredua jarraituz, lau instrumentu berri sortu ziren: bi txistuaren baino errejistro altuagoarekin (txistu-txikia eta txilibitua) eta beste bi silbotea baino baxuagoak (txistu baxua eta silbote baxua). Arazo batzuk direla medio, afinazioaren zailtasuna horien artean, txilibitua izan ezik, ez dira normalean erabiltzen.

Silbotea, berriz, ezinbestekoa da gaur egun txistularien interpretazioetan, eta aski da Txistulari aldizkarian agerturiko errepertorio ikaragarriari begirada bat ematea horretaz jabetzeko. XX. mendearen azken bi hamarkadetan, beste alde batetik, txistuaren ikasketek Kontserbatorioko Goiko Maila lortu zutenekin batera, saiatu egin zen silboterako errepertorio berezko bat egiten, bai beste musika-tresnentzako obren moldaketekin bai partitura berriekin, bakarli gisa edo beste musika-tresnekin jotzeko. Ildo horretan, posiblea izan zen silboteraekin ere Musika Goiko Maila lortzea. Txistulari aldizkarietan, izan ere, argitaraturik daude obra batzuk silbotea instrumentu nagusitzat hartuta.

Gaur egun, hala ere, ezin da esan ez silbotearen errepertorio berezkoa ez Goi Mailako Silbotearen tituluak garrantzia oso handia dutenik txistuarenekin parekatzen baditugu. Baina zalantzarik gabe, instrumentu honek bere lekua irabazi egin du txistularien kontzerturako errepertorioan, eta Historian zehar pairatu dituen gorabeherak, aski seguru, txistua saiatu den Mendebaldeko musika eruditoaren hurbilketaren adierazle hoberenak dira.