Kontzeptua

Silbotea

Gauzak pixkanaka aldatuko dira 1920ko hamarkadan, mugimendu txistulari berriarekin batera. 1923an, Isidro Ansorenaren esku, silboteak lortzen du Donostiako udal txistulari bandan bere estatus ofiziala, eta hurrengo urtean gauza bera gertatuko da Gasteizen. 1927an Arraten ospatzen da Euskal Herriko Txistularien Elkarteko sorrera, eta kontzertu handi batean ia ehun txistularik jo zuten Eduardo de Gorosarrik espreski konposaturiko errepertorioa, bi txistu eta bi silbote ahotserako moldatua (Ansorena Miranda, 1996a). Halere, elkarte honetako boletinean, Txistulari aldizkarian, eredu bihurtuko da berehala egitura askoz ere errealistago bat, hirukotearena. Hasiera batean Txistu I, II eta III izenak erabili arren, III. txistu honen ezaugarri teknikoek oso garbi adierazten dute silbotea zela, eta aski goiz agertu zen bere izenaz ere. Egitura honentzako garaiko euskal musikagile hoberenek (Guridik, Sorozabalek, aita Donostiak, Olaizolak, aita Olazaranek eta beste ainitzek) konposatuko dituzte goi mailako obrak, non silbotearen erabilera ezinbestekoa zen.

Hala ere, urte horietan egiten ziren txistulari-banda lehiaketa ugarietan, silbotearen ezarpen eskasak bi maila ezberdin sortzera behartu zuen: batetik A saila, bi txistu, silbote eta atabala zituzten bandendako, eta B saila silbote gabeko hirukoteendako bestetik. 1930rean Bilbon ere udal txistulari-bandak sartzen du ofizialki silbotea, eta urte bat geroago Txistularien Elkarteak konposaketa lehiaketa bat antolatu zuen bi txistu eta silbote ad libitum egiturarentzat. Doinuen herrikoitasunak, bere nortasun praktikoak -zortzikoak, fandangoak, arin-arinak eta biribilketak eskatzen ziren- exijitzen omen zuten silbotea derrigorrezkoa ez izatea. Lortutako arrakasta ikusita (hamaika piezen bilduma aurkeztu baitziren), lehiaketa errepikatu zen baldintza beraiekin 1933n. Eta ezin adierazgarriagoak dira urte honetan bigarren saria lortu zuen egilearen hitzak. Manuel Gainzak, organu jolea eta abesbatza- zuzendariak, ohar hau idatzi zuen bere obran (Txistulari, 255 orr.):

"Bilduma hau osatzen duten hamar piezak bi txistularien artean jotzeko, ohikoa denez, idatzita izan dira. Silbotea bi silboei atxikituta dagoen hirugarren ahots bat besterik ez da, beraz ez du interes errtimiko-melodikorik: hala eta guztiz behin zuzenduta eta hiru ahotsak jotzeko asmoz aldaera ugariagoak ematen ahal zitzaizkion, bigarren silboa behin aldatuta".