Kontzeptua

Silbotea

Modu honetan, XIX. eta XX. mendearen hasieran zehar, silbo hitza erabiltzen da askotan musika-tresna izendatzeko, eta horrela agertzen da maiz batez ere iturri idatzietan, hala nola bere interpretatzaileen partitura-koadernoetan. Herriak, halere, hitz zaharrak mantendu zituen bai musika-tresna bai musikariak izendatzeko gutxienez XX. mendeko hirugarren hamarkada arte. Une horretan, eta bereziki 1927an sorturiko Euskal Herriko Txistularien Elkarteak egindako ahalmenez, gutxinaka zabaldu ziren gaur egun erabiltzen diren izen arruntenak, txistua eta txistulariak, segur aski silbo hitzaren eratorritako euskarazko itzulketak. Silboteareki antzeko zerbait ez gertatzea bere ospe eskasaren adierazle ona da. XIX. mendeko erreferentziak, hots, oso bakanak dira. 1859an, Jose Maria Rodríguez Ibabek (1979) argitaraturiko artikulu baten arabera, Donostiako udal danbolinteroren plaza bat iragarri zuten oposaketeen bidez, eta egin ziren ariketen artean -oso erabatekoak, jotzeaz gain bai doinuak bai polifonia inprobisatzea, musikaren teoria eta konposatzea ere eskatzen baitzen- orduko hiru laurdenetan zortziko eta kontradantza bana konposatzea para dos silbos y silbote eskatu egin zen. Ez dakiguna da, jakina, proba honekin bilatzen zena praktikak eskatzen duen beharra ala oposiziogileen ahalmen teorikoa azterketa hutsa zen.

Orokorrean, esan daiteke XIX. mendearen zehar desagertu zela klase altuen artean lehenagoko interesa musika herrikoia eta txistuarekin, eta horregatik desagertzen dira neurri handi batean silboteari buruzko erreferentziak. Mendearen bukaeran, halere, beste mugimendu baten eskutik izango ditugu berriro horren berriak. Euskal berpizkunde kultulara, izan ere, saiatu zen euskal ohiturak, eta bereziki arriskuan ikusten zituenak, bultzatzen. Horretarako erabiltzen zituen bereziki Lore-Jokuetan egindako lehiaketak. 1884an, izan ere, Donostiako Lore-Jokuetan, nikelezko eskritontzi batez saritzen zen bi chistu ta bi chirolakiñ jotzeko antolamendurik onena aurkezten duenarentzat, dala Euskal-soñu zarren gañean egina, dala Haydn edo Mozart musika-maisuen obretatik aterea (Euskal Erria, 11 l., 1884, 330-9 orr.).

Antolatzaileen asmoa argia zen, eta horrela adierazi zuten hurrengo urtean, deialdia, irudiz hutsik gelditu arren, errepikatu zutenean: Euskal Herrian euskal musikarekin lotura zuzena (bere erraztasuna eta probintzia hauetako musikarekin antza) zuten musika klasikoa zabaltzea. (Euskal Erria, l. 12, 1885, 344 orr.). Zentzu honetan uler daiteke konbinaketa berri hau -bi txistu eta bi silbote- saiatzea, nahiz eta tradiziorik gabe izan. Hemen oso nabaria zen tradiozio eruditoaren eragina, horretan lau ahotsen antolaketak garrantzia oso handia baitu. Eta beste alde batetik, gainera, antolatzaileak jabetu ziren txistularien errepertorioan jasandako eragina klasikoaz, hots, XVIII. mendeko bigarren erdialdekoaz, Haydnen eta Mozarten ainitz minueto espreski aipatuz. Urte horretan, izan ere, lan bat aurkeztu zen El silbo vasco=Mendelssohn izenaren pean, baina accesita besterik ez zioten eman haien iritziz horrelako doinuak, txistu eta silboteentzat oso egokiak baziren ere, gure herrian nekez izan baitaitezke herrikoi.

Antolatzileek, halere, ez zuten kontuan izan, abesbatzetan edo harizko laukotean ez bezala, silboteak bostun bat besterik ez zuela handitzen txistuaren eremua, eta modu horretan oso zaila zela talde hauen emaitza antzekorik lortzea. Horregatik segurki, haien espreski aipatutako konfiantza ez zen hurrengo urteetako deialdietan konfirmatu, eta lehiaketa honen errepikapen sistematikoak ez zuen fruitu handirik eman. 1896an, halere, Bilboko Lore Jokuetan interpretazio lehiaketa batean lau banda osatu ziren bi txistu eta bi silboterekin sariaren bila (denak gipuzkoarrak: Elgoibar, Zumarraga, Amorebieta eta Irun). Baina garbi dago praktikan oso bitxia zela interpretazio hori. Aipaturiko konposaketa lehiaketa batean, esate baterako, Raimundo Basurcok aurkeztu zuen obra bat, Donostiako San Telmo Museoan zaintzen dena izen oso adierazgarri batekin: Aurresku aristócrata arreglado para dos txistus y dos silbotes. Para el aurresku bailado en Sn. Sn. ante SS.MM.= 29 de agosto de 1887 (Beltran Argiñena 1997: 116). Argi dago zer ezohikoa izan zen interpretazio hori.

Eta silbotearen erabilera ezohikoaren beste adierazle bat euskarazko izen finkorik ez izatea da. Lehiaketa honetan, adibidez, chirola hitz oso ezohikoa erabiltzen da euskaraz, baina beste batzuetan, hala nola Oiartzunekoan (1897) edota Zestoakoan (1898), chistu-lodi erabiltzen da. Zentzu honetan, gainera, Nafarroan 1908an Karlos Sánchez Ekizak (1996) ikerturiko El Eco de Navarra eta Diario de Navarraren arteko eztabaida latzan, gaitaren kontra txistua defendatu nahi zuenak espreski esaten zuen: silbo ez da musika-tresna, txistu eginez sorturiko zarata da. Silbote ez da ez zaratarik, ez musika.tresnarik, ez deus. (Diario de Navarra, 27-6-1908).

Silboteak, izan ere, ez zuen bere lekua aurkitzen erabat lortzen. Eta Donostiako kasua, agian txistu eta musika eruditoaren arteko harremanik estuetan zeuden lekukoa, oso adierazgarria izan daiteke zentzu horretan. Urte batzuk geroago, 1893n, Udal danboliteroen banda sartzen da silbote gisa hamahiru urteko ume bat, Raimundo Basurko, bandaren beste danbolintero baten, Eusebio Basurkoren, semea eta Raimundo Sarriegi musikagile ospetsuaren semebitxia. Musu-truk jotzen bost urte pasa ondoren lortu zuen udaleko eskupeko bat, baina ez lanpostu finkoa. Bost urte geroago, 1903an, baimena eskatu zuen Raimundok Lisboako Erret Antzokira bibolinjole joateko, eta ukatzen ziotenean, utzi egin behar zuen Donostiako lanpostua. Orduan Nemesio bere anaiak hartu zuen lana lehiaketarik gabe, postua garrantzirik ez zuela ikusita. Eta 1910rean, beste bi danbonlinteroek, Eusebio Basurcok eta Julian Unanuek soldata igotzeko eskatu zutenean, Udalak bilatu zuen konponketa silbotearen soldatarekin, postu hau honela kenduz (Rodriguez Ibabe 1979: 27-28).