Arkitektura

Sansomendiko Gizarte Etxea. Gasteiz

Sansomendikoa Gasteizko lehen Zentro Soziokulturala izan zen. Bere sorrera Gasteizko Udalak sustatutako "Gizarte Etxeen Proiektua" deituriko plangintzaren testuinguruan kokatzen da. Izan ere, Demokraziaren ezarpena eta 1979. urteko lehen udal gobernu demokratikoen sorreraz geroztik, Gasteizko Udalak zerbitzu eta kultur eskaintza zabalak sortzeko eta gizarte zibila eta udalaren arteko erlazioak sustatzeko ahalegin handia egin zuen; administrazioaren boterea deszentralizatu eta herritarren parte-hartzea sustatuko zen. Gizarte Etxeek, beraz, multzo arkitektoniko berean integratutako gizarte, kultura eta kirol ekipamenduak izango zituzten, zerbitzu anitzak eta adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak antolatuz. Sansomendik ateak ireki zituenetik gaur egun arte, Europa mailan ere azpimarragarria den ekipamendu sare zabal bat eraiki da Gasteizen: egungo sareak Udaletxeak kudeatzen dituen 13 Gizarte Etxe ditu, horietatik zazpik kirol ekipamenduak ere integratzen dituztenak.