Architecture

Centro Cívico Sansomendi. Vitoria

Ver versión en euskera.

Sansomendi auzoko Zentro Soziokulturala Paula Montal kaleko lokal batzuetan gaitu zen lehenik, eta 1985ean zabaldu zituen ateak. Bertan haur, gazte, heldu eta zaharrentzat zerbitzuak eskaintzen ziren, eta sortu berria zen auzo hartako biztanleen elkarbizitza sendotzeko helburua zuen. Udal liburutegi bat ere bazuen, bai eta hiriko lehen ludoteka, hogeita hamar bat haurrentzako lekua zuena. Bestalde, fonoteka, erabilera anitzeko aretoa, elkartze eta joko aretoa eta beste hainbat gela zeuzkan, tailer ezberdinak antolatzeko. 1987an zahar-etxe bat ere gaitu zen bertan, 180 bat metro karratukoa.

Bestalde, auzoko udal hornidura sareari gehituko zitzaion Sansomendiko Polikiroldegia eraiki zen 1987an. Proiektua udal enkargu bidez gauzatu zuten Roberto Ercilla, Juan Ignacio Fernández de Landa eta Eugenio Torres arkitektoek.

Arkitekturari dagokionez, adreiluzko kutsu industrialeko eraikina modu simetrikoan antolatzen da, ardatz nagusia orubea beraren ardatzean zentratuta. Erdiko sarreratik, kontrol bulego bat zeharkatuaz, jokaleku nagusira eta aldageletara iristen da. Kirol askotarako jokaleku honek 1400m2 ditu. Bi albo simetrikoetan beste lau aldagela bikoitz, komunak, almazenak eta gainontzeko atondurak banatzen dira, bi solairutan.

Alboetako dorre moduko eskaileren bitartez lehen solairuko taberna, areto eta galeriara iristen da. Galeria honek harmaila klasikoa ordezkatzen du, eta 500 pertsonentzako edukiera dauka. Atzealdeko beirate handitik kanpoko instalazioetara begira daiteke. Altuera bikoitzeko bi gimnasio ere badaude, galeriatik ikus daitezkeenak.

Kanpoko itxurari funtzio bereko eraikinen prototipotik urruntzen den berezitasuna eman diote arkitektoek. Estalitako arkupeek erabilerrazagoa egiten dute, eta oztoporik gabeko irisgarritasuna bermatzen du arrapala bikoitz bidezko lehen solairurako sarrerak. Guztira 3.277m2ko azalera hartzen du.

Kiroldegia eraiki ondoren, kanpoko futbol zelaiak zabaldu ziren bere inguruetan. Ondoren, polikiroldegia handitzearekin jaio zen, 1997. urtean, Sansomendiko Zentro Soziokulturala ordezkatuko zuen Lakua 3 Gizarte Etxea, gaur ezagutzen den moduan. 1985ean eraikitakoa hirukoizten duen proiektua gauzatzen da, guztira 9500 metro karratu izango dituena, Roberto Ercilla arkitektoak berak Miguel Angel Camporekin elkarlanean diseinatua.

Itxuraz berdinak diruditen bi bolumen gehitzen dira jatorrizkoaren albo banatan, eta hauen lotura errazteko eraikinaren zeharkako iragazkortasuna indartzen da. Horretarako bertan zeuden arrapala simetriko handiak kendu eta igogailu hidraulikoak ezartzen dira, egungoen antzerako beste bi dorre berri eraikiaz, eta jatorrizko dorreetako beirateak kentzen dira. Bolumen berrietako batek Zentro Soziokultural zaharrean zeuden ekintza kulturaletarako espazioak biltzen ditu. Bestean, berriz, igerilekuak eraikitzen dira, eta eraikin originaleko kirol instalazioak osatzen ditu.

Proiektu berriak jadanik amaituta zegoen eraikin baten handitzea ebaztearen konposizio erronka hartzen du bere gain. Interbentzioak funtzio berri anitzei erantzun ematea du helburu, eraikinaren kanpoaldeko soiltasuna hondatu gabe - altzairuzko txaparen kolore zuriaz profilatutako adreiluzko hormatalez osatua -. Bolumen berrien kanpoaldea jatorrizkoaren lengoaia berean burutzen da, eskuarki goialdetik argiztatutako barne espazio anitzak sortuaz.

Honela, jatorrizko geometriari egokitzeko saiakera egiten da, eraikinaren ebaketa bera landuaz. Ebaketaren mailakatzea eta altura bikoitzeko espazioak altuera soilekin tartekatzea oinarrizkoak dira erabileren konplexutasuna ebatzi eta argi naturala eraikin barrura sartzea ahalbideratzeko, eta areto desberdinen arteko konexio bisualei ere mesedegarri zaizkie.

Egituraren planteamenduari, espazio bakoitzaren dimentsioen berezitasunak ebazteko dibertsifikatua, estalki irauliak gehitzen zaizkio, eraikinaren espazio bakoitzari banan-bana egokituak. Eraikuntza sistemarekiko ikuspuntu honek espazioaren, teknikaren eta formaren inguruko soluzioen uztartzean du fundamenturik sendoena.

Eraikin kulturalak altuera osoa hartzen duen areto handi bat dauka, topagune gisa erabilia, eta gainontzeko aretoak behe solairuan kokatzen dira modu ireki eta argian, beirazko elementuak erabiliaz. Beira xaflaz egindako lau korridorek goitiko argia zuzenean helarazten dute, areto nagusiko luzernario handiaren osagarri. Bi albo-galeriak zirkulazioak antolatzen dituzte.

Kontrako alboko pabilioian, aldiz, gimnasioak, aldagelak eta altuera osoa hartzen duten igerilekuak kokatzen dira, eta areto nagusia sarreraren alboan. Harmailak areto handi baten erdian kokatzen dira, eta funtzio bikoitza dute: goian harmaila, eta behean erabilera anitzetarako espazioa.

Lakua Gizarte Etxea Gasteizko hiriko mugarri arkitektonikoetako bat da, eta sari bat baino gehiagorako hautatua izan da: Hispalyt-en Adreiluzko Arkitekturaren Lehiaketa Nazionalean lehen saria eskuratu zuen 1997. urtean; urte berean Espainiar Arkitekturaren Bienalean finalista izan zen; 1998an, berriz, hautatua izan zen Iberfad Arkitektura sarirako, Arkitektura eta Ingeniaritza Zibilaren Bienal Iberoamerikarrerako eta Buenos Aireseko Arkitektura Bienalerako.

  • CASTAÑER, Xesqui. Arte y arquitectura en el país vasco: el patrimonio del románico al siglo XX. Donostia: Nerea, 2003.
  • ALTUNA, Ainhoa; SAMPEDRO, Nuria. Los centros cívicos como utopía integradora de la ciudad: el caso de Vitoria-Gasteiz. Vitoria: Estudios Alaveses, Sancho el Sabio, 1999.
  • VALLEJO IRIARTE, Ana. "La red de centros cívicos: origen y desarrollo". ZERBITZUAN, Gizarte zerbitzuetako aldizkaria/ revista de servicios sociales, 27-28. zenbakiak.
  • GUINEA ASTOBIZA, Blanca. "Centros cívicos en Vitoria-Gasteiz: Una experiencia ya consolidada". ZERBITZUAN, Gizarte zerbitzuetako aldizkaria/Revista de servicios sociales, 27-28. zenbakiak.
  • www.vitoria-gasteiz.org. Gizarte etxeak. Kontsulta data: 2015eko urria.
  • www.robertoercilla.com. Centro Cívico de Lakua. Kontsulta data: 2015eko urria.
  • www.memoriadigitalvasca.es. Centro Socio Cultural Deportivo, Sansomendi, (Vitoria). Proyecto:1991. [Kontsulta data: 2015eko urria].
  • G. CRESPO, Txema. "Una red de servicios única". El País, [2010eko martxoaren 3a.]
  • Gasteizko Udala, Prentsa-bulegoa. "A punto, el Centro Sociocultural de Sansomendi". Boletín de información municipal de Vitoria / Udal Informazioaren Aldizkaria, 52.zenbakia. 1985eko Urtarrila-Martxoa.
  • "El nuevo Centro Cívico de Lakua: las obras de las nuevas instalaciones, junto al polideportivo de Sansomendi, comenzarán a principios de 1995". Gaceta municipal de Vitoria-Gasteiz, 38.zenbakia, 1994ko Iraila.
  • "Azken ukituak Sansomendiko kirol eremuan: hilabete gutxiren buruan, Sansomendi auzo gasteiztarreko bizilagunak kirol eremu osotu eta berritu batez gozatu ahal izango dira". Gaceta municipal de Vitoria-Gasteiz, 134.zenbakia, 1999ko Azaroa.
  • Gasteizko Udala, Prentsa-bulegoa. "Casi a punto el Polideportivo de Sansomendi". Boletín de información municipal de Vitoria / Udal Informazioaren Aldizkaria, 60.zenbakia. 1987ko Urtarrila-Martxoa.
  • Gasteizko Udala, Prentsa-bulegoa. "Inaugurado el Centro Sociocultural de Sansomendi: primero de la red periférica". Boletín de información municipal de Vitoria / Udal Informazioaren Aldizkaria, 53.zenbakia. 1985eko Apirila-Ekaina.
  • Gasteizko Udala, Prentsa-bulegoa. "Sansomendi cuenta con una amplia zona deportiva". Boletín de información municipal de Vitoria / Udal Informazioaren Aldizkaria, 61.zenbakia. 1987ko Apirila-Ekaina.
  • Gasteizko Udala, Prentsa-bulegoa. "Breves: Inauguración del Club de Jubilados de Sansomendi". Boletín de información municipal de Vitoria / Udal Informazioaren Aldizkaria, 68.zenbakia. 1989ko Apirila-Ekaina.