Arkitektura

Sansomendiko Gizarte Etxea. Gasteiz

Sansomendi auzoko Zentro Soziokulturala Paula Montal kaleko lokal batzuetan gaitu zen lehenik, eta 1985ean zabaldu zituen ateak. Bertan haur, gazte, heldu eta zaharrentzat zerbitzuak eskaintzen ziren, eta sortu berria zen auzo hartako biztanleen elkarbizitza sendotzeko helburua zuen. Udal liburutegi bat ere bazuen, bai eta hiriko lehen ludoteka, hogeita hamar bat haurrentzako lekua zuena. Bestalde, fonoteka, erabilera anitzeko aretoa, elkartze eta joko aretoa eta beste hainbat gela zeuzkan, tailer ezberdinak antolatzeko. 1987an zahar-etxe bat ere gaitu zen bertan, 180 bat metro karratukoa.

Bestalde, auzoko udal hornidura sareari gehituko zitzaion Sansomendiko Polikiroldegia eraiki zen 1987an. Proiektua udal enkargu bidez gauzatu zuten Roberto Ercilla, Juan Ignacio Fernández de Landa eta Eugenio Torres arkitektoek.

Arkitekturari dagokionez, adreiluzko kutsu industrialeko eraikina modu simetrikoan antolatzen da, ardatz nagusia orubea beraren ardatzean zentratuta. Erdiko sarreratik, kontrol bulego bat zeharkatuaz, jokaleku nagusira eta aldageletara iristen da. Kirol askotarako jokaleku honek 1400m2 ditu. Bi albo simetrikoetan beste lau aldagela bikoitz, komunak, almazenak eta gainontzeko atondurak banatzen dira, bi solairutan.

Alboetako dorre moduko eskaileren bitartez lehen solairuko taberna, areto eta galeriara iristen da. Galeria honek harmaila klasikoa ordezkatzen du, eta 500 pertsonentzako edukiera dauka. Atzealdeko beirate handitik kanpoko instalazioetara begira daiteke. Altuera bikoitzeko bi gimnasio ere badaude, galeriatik ikus daitezkeenak.

Kanpoko itxurari funtzio bereko eraikinen prototipotik urruntzen den berezitasuna eman diote arkitektoek. Estalitako arkupeek erabilerrazagoa egiten dute, eta oztoporik gabeko irisgarritasuna bermatzen du arrapala bikoitz bidezko lehen solairurako sarrerak. Guztira 3.277m2ko azalera hartzen du.